Atzokoa egun berezia izan zen Jon Ander Urresti bermeotarrarentzat eta bere lantalde osoarentzat. Izan ere, urtebeteko lanaren ondoren, 2022ko Durangoko Azokaren bosgarren Sormen Bekaren irabazlearen emaitza erakusteko unea iritsi zen: Eucalyptus antzezlana. “Eskerrik asko guztioi etortzeagatik eta eskerrik asko Durangoko Azokari proiektu honi aukera emateagatik”, adierazi zuen sortzaile gazteak obraren bertsio laburra Szenatokian aurkeztu ondoren.

Eukaliptoarekin eta bere izaera inbaditzailearekin, euskal gizarteak buelta eta gogoeta asko egin ditu; eztabaida eta ardura sortzen duen gaia da, eta diktadura frankistan baso-berritzea hasi zen garaitik, ordubeteko iraupena duen antzezlanak, gaur egunera jauzi egiten du. Hausnarketa sakona eginez: “euskaldun kontzientziatuak eukaliptoa kontsumitzen du”, eta ez gutxi.

“Eucalyptus lan harreman toxiko baten istorioa da. Lurjabea eta langilea. Inbaditzailea eta exotikoa. Handinahikeria eta zuhurtzia. Hiria eta herria. Industria eta paisaia. Botera eta beharra. Pertsona eta arbola”, dio laburpenak.

Kritikotasuna, satira eta umorea jorratzen dituen antzezlana egiteko bidea luzea izan da, eta lan hori aurrera eramateko azterketa luzea egin da hainbat norabidetan. Alde batetik, arlo teknikoan: biologo adituak, Errez kooperatibako kideak, material espezializatua... erabili dira. Bestalde, gatazkan sakontzeko, landa-eremuetako hainbat pertsona elkarrizketatu dira, basotik bizi direnak, basoen ondoan bizi direnak, gaiarekiko sentsibilitate desberdinak dituztenak… “Hasierako planteamendutik gauzak aldatuz joan dira. Gainera eukaliptoei buruzko informazio asko dago eta gauza asko ikasi ditugu. Hasieratik gauza irisgarri bat egin nahi genuen, umorearen ikuspuntutik ulerterraza dena”, onartu zuen atzo Urrestik. Eta arrazoia ez zaio falta, ezta umorea ere.

Matxalen de Pedro eta Jon Ander Urrestiren zuzendaritza eta dramaturgia ditu, eta Beñat Urrutia dantzari eta interpreteak Urrestirekin partekatzen du agertokia. Nerea Ibarzabalek hitzekin bat egiten du, obraren geruza idatziari sakontasuna eta zorroztasuna emanez. “Urduritasunarekin eta antzezteko gogoarekin egon gara. Momentuz oso harrera ona jaso dugu eta oso gustura sentitu gara “, azaldu zuen Urrestik.

LEHEN BIRA

Durangoko Azokari eta Durangoko Udalaren Sormen Bekari esker, Jon Ander Urrestiren Eukalyptus lanak 15.000 euro jaso zituen, baina baita Udalbiltzaren dirulaguntza ere. “Bekaz gain Udalbitzaren dirulaguntza ere jaso nuen eta laguntza ekonomikoaz aparte bira bat egiteko aukera eman didate”, esan zuen Urrestik.

Gauzak horrela, Durangoko Azokaz haratago, Eucalyptus Euskal Herri osoan zehar “erreproduzitzen” jarraituko du. Eta urtarrila eta urria bitartean badira datak itxita. Urtarrilaren 19an Aulestin ikusi ahal izango da, 21ean Antzuolan, otsailean Lesakan eta abar luze batean. “Kriston aukera da horrelako bira bat lotuta egotea. Durangoko Azokak beste ate batzuk irekitzeko aukera eman dit batez ere, eta oso eskertuta nago”, laburbildu zuen bermeotarrak.

Eta, sortzaile irabazle batetik bestera, gaur bertan jakinaraziko baita 2023ko Sormen Bekaren irabazlea. Seigarren deialdiak, aurrekoak bezala, euskarazko sorkuntza bultzatu eta sortzaile berriei bidea erraztu nahi die, eta 2023an, ume eta familiei zuzendutako edozein disziplinatako edo disziplinen arteko uztarketatik landutako sorkuntza lana sarituko da. Osagai horiekin, ideia edo proiektu irabazlearen izena Saguganbara ume eta familien gunean jakinaraziko da goizeko 10.00etan. Ordutik, urtebeteko epea izango du bekadunak proposamena gauzatzeko, eta orain, Jon Ander Urrestik egin duen bezala, emaitza 59. Durangoko Azokan plazaratuko da.

Sormen Beka duela sei urte hasi zen eta ordutik oso emaitza onak eman ditu: Atopia rol jokoa, Kai Nakai musika proiektua, Bañolet telesaila, Barraka bideojokoa eta Eucalyptus antzezlana.