Dokumentuaren akzioak
Jokoa nagusi
Hitz eta kirol jokoek bat egin dute asteburuan Zuberoan ospatu den Xiru jaialdiaren ikusgarrietan
Larunbatean herriko etxean bildu da jendea Angelique Fulin emaztearen entzuteko: Tehenta kantari taldearekin Matalaz ikusgarriaren prestatzeko eraman lana aipatu du. Taldea nola entzutera bideratu duen gustagarria izan da: norberaren kantatzen entzutea, haurrean entzun doinuen errepikatzea eta azkenean doinuen kreatzea. Bachen partituretatik Barcos artzainaren kantutik pasatuz, Sarrionandiaren idatziaren kantatzera artinoko bidaia egin dute, beti jokoan eta kantatzeko gozamenean. Atera dituen iritziak interesgarri aurkitu ditut, bereziki euskal kantu tradizionalaren bilakaeraz egin dituen gogoetak. Jakinarazi du ere bi hilabeteren barne liburua aterako dela, euskaraz eta frantsesez eta laneko grabaketekin. Ondotik Xabier Amurizak komentatu du duela hogei urte Ikuska sailean Antton Ezeizak egin filma, non ere txapelketako bertso batzuen egiteko barne gogoeta ateratzen duen. Gaian ontsa sartu da Hitzaren kirol nazionala liburua aipatzean. Pilota jokoan ez bezala, bertsolaritzan jokoa bukatzen ahal da bi irabazleekin eta horrela da neurtzen bertsolaritzaren arrakasta. Zuberoko bi ikasle gehituek estimatuko dute Xabierren bultzada.
Pilotaria dantzan
Larunbat arratsaldeko hitzordua Irabarneko kirol salan genuen, ikusgarri berri baterako: pilotaria dantzan. Mixel Iturria mauletarrak urteak pasatu ditu Miamiko ezker pareta batean ofizioko jokalari. Hona itzulirik gazteen irakasle segitzen du. Mizel Theret dantzariarekin pilotariaren keinuak egiten zituzten tauladan, pilota harrabotsekin batean: une oso ederra. Gainera Iturriak begirada zorrotz bat agertuz, keinu elegante eta biziak egiten zituen, espazio osoa hartuz.Horien bultzatzaile baziren hiru musikari ere: Thibaud perkusioetan, Hirigoien akordeoian eta Etxekopar txirulan. Amuriza eta Euskitze bertsolariek ere parte hartzen zuten tarteka. Pilotaren forma, hots eta xistera pare baten itxurarekin koreografia ederrik ikusi dugu: kreazio bikaina. Azken agurra ematean hirugarren bertsolari bat sartu da eta bertso andana bat bota dute hirurek. Inork ez zuen ezagutzen Zuberotik pasatzen zen nafar hori baina gustura onartu dute eta jokoan sartu, Xiru festibalaren ezaugarria.
Kanpora joan dira ikusleak segidaren ikusteko: Ponpon su artifizialen gidari, Bruno musikalari eta Ttittika Sarrionandiaren olerkien deklamatzaile.Espazio handia hartzen zuen ikusgarriak baita poesia asko ekartzen ere. Su artifizialak poesiaren zerbitzuko gutxitan ikusten ditugu.Igande goizean Irabarneko jauregiko parkean izan da jaia, Eliza txikian Lipietz soinulariaren zurezko tresnen entzuten, jauregian Gauberten eskulanen itzuliaren egiten, soroan bota luze partida baten ulertzen entseatzen, urrunago indar joko batzuen kontatzen eta azkenik Vicondoaren aizkolari jokoen neurtzen.Hamaseigarren aldikoz Xiru festibala agertu da eta usaiako xarmarekin jarraitzen du: gure ondareko ezaugarri biziak, kreazioa, artista desberdinen gurutzatzea eta ondorioz publiko desberdinen erakartzea. Azpimarratzekoa da sortzaile berriei egiten zaien tokia.
Dokumentuaren akzioak