Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jokoa eta pilota jorratuko dira Xiru jaialdiaren XVI. edizioko ikusgarrietan

Dokumentuaren akzioak

Jokoa eta pilota jorratuko dira Xiru jaialdiaren XVI. edizioko ikusgarrietan

Komunikabidea
Gara
Tokia
Baiona
Mota
Albistea
Data
2005/03/10

Xiru Zuberoako Gotaine herriko jaialdiaren XVI.edizioa ospatuko da ondoko martxoaren 18, 19 eta 20an. Kulturaren bidez herria bizirik dagoela aldarrikatu nahi duen jaialdi horrek, hiru egunez, gai nagusia den jokoaren inguruan egitarau aberatsa eskainiko du. «Jokoa ezinbestekoa den zerbait dela iruditzen zaigu, eta, gai hori aipatzeko pilota aukeratu dugu», argitu zuen Mixel Etxekopar ekimenaren antolatzaileak.



Horrenbestez, larunbat gauean Gotainen eskainiko duten “Pilotar(h)itza” izeneko sorkuntza berria goraipatu zuen. «Xiru jaialdiaren VI.edizioan dantza ikusgarri bat egin genuen, eta biharamunean pilota partida izan zen. Kanpoko norbait zegoen bertan, eta dantzari hoberenak pilotariak zirela esan zidan», gogoratu zuen Etxekoparek. Geroztik dantza eta pilota ikusgarri berdinean elkartzeko xedea izan zuten. Horretako, Mixel Iturria pilotaria eta Mizel Theret dantzari koreografoa obra berean elkartu dituzte. Era berean, “Pilota(h)itza” ikusgarrian, pilota dantzarekin eta musikarekin lotuko dute. Xabier Amuriza eta Xabier Euzkitze bertsolariak, Mixel Etxekopar xirularia, Jean Christian Hirigoien trikitilaria eta Uztaro lantegiko artistak elkartuko dira besteak beste. Gero, Pon-Pon piroteknia elkarteak soinu, su eta ke ikusgarria eskainiko du.



Larraineko pilota partida



Jaialdia, halere, ostiralean hasiko dute Larrainen. «Iaztik gure olerkia Zuberoako beste herrietara zabaltzen hasi ginen. Barkoxe lehen herria izan zen, eta aurten Larrainera joatea erabaki dugu», esan zuen Mixel Etxekoparek.



Arratseko bederatzietan Larraineko trinketean antzerkia, kantua, bertsoa eta pilota partida nahasiko dituen ikusgarria eskainiko dute. Larunbatean, berriz ere, Gotainera, jaialdiaren ohiko herrira, itzuliko dira. Angelique Fulin-ek idatzitako “Matalaz” liburuaren inguruko eztabaidarekin abiatuko dute eguna. «Jaialdien aztarnak utzi nahian urtero argitalpenak egiten ditugu. Aurten, Fulin-ek duela lau urte sortutako Matalaz ikusgarriari buruzko liburua azaltzea erabaki dugu», nabarmendu zuen azkenik antolatzaileak.

Dokumentuaren akzioak