Dokumentuaren akzioak
Jokoa eta dantzarien arteko lehia plazan
Luzaidetik Amikuze eskualdera Kabalkadaren desfilea ezaguna da.
Herritarrek edo dantza taldeek usaia segiarazia dute. Bolantak, jaun
eta andere, basandere, eta beste dantzariek beren bidea jarraitu dute.
Dantza laguntzen duen hitza, berriz, zirtzilek eta bertsolariak
ordezkatu hitz hori, euskaraz dena, isilik dago aspaldian, ordezkari
eskas, bereziki.
Azken urteetan, inauterien karietara, Donibane Garazin hitza
berreskuratua dute, hain zuzen, Libertimenduari esker. Aurtengoa
igandean dute. 10:00etan hasiko dute Kabalkada. Libertimendua bera,
11:00etan trinketeko plazan. Dantzariei zirtzilak eta bertsolariak
lotuko zaizkie.
Zirtzilek ele librea berreskuratuko dute orduan: «Zirtzila
mintzo da, krepauta da eta zikina, basa eta gaizki ikasia.
Libertimenduak parrean ezartzen dio dantzaria, eder eta mutu», dantzan.com webgunean
Antton Luku taula zuzendari eta idazleak dioenez. Jokoa eta dantza
lehian ezartzen ditu libertimenduak, bertsolariak zale guzien bilgune
direlarik. Zubi lanetan. Metrika arautuan sartzen den hitza dauka
horrek. Berriki Donibane Garazin bertan iragan Santibate gauaren beste
aldia bezala ere ikus daiteke Libertimendua. Orduan gaua zen, zirtzilak
ziren nagusi, bertsolariekin. Libertimendua, berriz, egunez ospatzen
da, dantzarien arteko bolanten jantzi zuri, xingola koloredun, urre
koloreko papo eta burugaineko mirailarekin. Etortzekoa den eguzkia,
udaberria ekartzen dute plazara. Edo hobeki erraiteko, udaberriari
eskatuz, nonbait, etortzea.
Indar bizigarria
Libertimendua berriz plazaratuz, ez dute eredu zahar baten
berpizteko xederik. Berriz sortu bada, hasteko, ahalak berriz hor
daudelako sortu da. Izan dadin, antzerkilari, dantzari edo bertsolari.
Donibane Garazin, Garaztarrak dantza taldea, lizeoko terminalak eta
Mateo, Iriarte eta Erremundegi bertsolariak bilduko dira. Donapaleun
(Baxenabarre), Burgaintzi dantza taldea eta Kitzikatzank antzerki
taldea eta haren inguruan txertatuak. 40 bat gazte: «Ez da tradizioa
delako bakarrik. Libertimenduak bere barnean badu energia izugarria,
bizigarria», argi du Mattin Irigoien taula zuzendari eta idazleak.
Donapaleuko Libertimenduaren antzerkian bere laguntza eskaini die. Paisola idek
izenburuarekin datoz zirtzil amikuztarrak: «Euria euriaren gainean
egiten baitu alde batetik, baina ere, sekulako berri txar erauntsia
jaurtikitzen baitigute gainera krisi ekonomikoa dela kausa. Aterpean
jartzea dugu premiazkoena. Eta horretarako zirtzilek zenbait aholku
emanen dizkigute», hauxe idatzia dute Libertimenduaren aurkezpenerako
testuan. 10:00etan da Kabalkada. 11:00etan Libertimendua.
Dokumentuaren akzioak