Dokumentuaren akzioak
Joko-arauak zalantzan jartzeko gonbita
Arauak apurtu ditu Judith Argomanizek, Lauesku 22 lanaren zuzendariak, “ikusleak arauak zalantzan jartzera motibatu nahian”. Dantza ikuskizun berezia da honakoa, pilotarien mugimenduak dantza garaikidearekin uztartzen dituena. “Esku pilota partida baten bitartez, joko-arauak zalantzan jartzen ditugu”, azaldu du dantzari donostiarrak. Horrela, frontoietan sarritan ematen diren egoerei irtenbide ezberdinak eskainiko zaizkie lan honetan, lehentasunak aldaraziz eta joku-arauak kolokan jarriz. Izan ere, barne-gogoetarako gonbidapena ere bada Lauesku 22 pieza, ikuslearen baitan hausnarketa eragin nahi duen lana. “Barnegogoetarako gonbidapena egiten dugu, gure buruari galde diezaiogun zergatik bete behar ditugun naturaltasun eta menpekotasun osoz arauak, ohiturak eta ezarritako legeak, eta zergatik ontzat jo behar ditugun aurrez erabakitako irtenbide eta erantzunak”, azpimarratu du Argomanizek.
AITAREN ERAGINA Lauesku 22 piezaren zuzendariari haurtzaroan piztu zitzaion esku pilotarekiko zaletasuna, zale amorratua den bere aitarekin pilota partidak ikustera joaten zenean, hain zuzen. Pieza hau sortzeari esker, “zaletasuna areagotu” egin zaiola aitortu du, partida ugari ikusteko aukera izan baitu ikuskizun berri honen sorkuntza prozesuaren baitan. Hala ere, atzerrian zortzi urte eman ostean sortu zitzaion Lauesku 22 sortzeko ideia. “Etxera bueltatzean, nire kultura eta ohiturekin berriz topatu nintzen, eta bertakoa den zerbait egiteko beharra sentitu nuen”, adierazi du donostiarrak.
Kasualitatez, Aterpean izeneko programako egonaldian antolatutako entsegu ireki batean Oier Mendizabal pilotariarekin elkartu zen LASALA dantza konpainia. “Oso ondo etorri zitzaigun pilotari profesional baten ikuspuntua, bai mugimendu fisikoen aldetik, baita mundu horretako norbaiten filosofia ezagutzeko ere”, azaldu du Argomanizek. Izan ere, esku eta besoen mugimendu bereziak piezaren berezitasunetako bat direla ziurtatu du koreografoak. “Lengoai koreografikoak etsipena eta aurre egitea aztertzen ditu, bizitzan suertatzen diren egoera ezberdinei zelan erantzuten diegun eta emandako erantzunaren ondorioak analizatuz”.
Egun, zuzendaria izateaz gain, LASALA dantza konpainiako dantzaria ere bada Argomaniz. Hortaz, dantzari bezala aritzeaz gain, koreografo bezala kanpoko ikuspuntua edukitzera behartzen du horrek eta, horrenbestez, produkzioa aurrera eramatera ere bai. “Benetan lan gogorra da ardura guztiak bateratzea, baina oso pozik nago konpainiaren ibilbidearekin”, jakinarazi du.
ELKARLANAREN EMAITZA Judith Argomanizekin batera, Jaiotz Osa dantzaria eta Diego Hernandez argazkilaria ari dira LASALA dantza konpainian. Gainera, Lauesku 22 piezan Itxasai Mediavilla dantzariak eta Gabo Punzo argien arduradunak ere parte hartu dute. “Oso giro ona izan dugu boston artean. Izan ere, LASALAren filosofia lan taldeko kide ezberdinen elkarlanean oinarritzen da”, zehaztu du donostiarrak.
Piezaren zuzendaria ez da harritzen tradizioetan oinarrituta omen dagoen euskal gizartean Lauesku 22 bezalako dantza ikuskizun batek izan dezakeen arrakasta aipatzean. Bere ustez, euskaldunak “prest” daude horrelako lanak ikusteko. “Are gehiago, interesgarria iruditzen zait tradizio hauei buelta bat emanez, tradizioaren beste ikuspuntu bat ematea”, nabarmendu du.
Hoocked izan zen LASALA dantza konpainiaren lehenengo lana. Mendekotasun emozionalaz eta besteekiko loturaz hitz egiten zuen maila pertsonal batean eraikitako obra horrek. Orain, bigarren lan honetan, kontzeptu horrekiko aldaketa bilatu du Argomanizek. “Lehen lanean esperientzia personal batean oinarritu nintzen eta oraingo honetan hori saihestu izan nahi dut”, kontatu du. Donostiako Arte Eszenikoen Azokan aurkeztu zen lehenengo aldiz Lauesku 22. Horren ondotik, emanaldi ugari eskaintzeko aukera sortu zaiela adierazi du Argomanizek. “Oso gustora gaude, harrera oso ona izaten ari baita ikuskizuna. Gainera, etxean dantzatzea beti da oso esperientzia polita”.
Dokumentuaren akzioak