Dokumentuaren akzioak
Joera berrien jaialdia
Agus Perez - Antzerki kritikaria
Neuk ere artifizialtasun kutsu nabarmena hartu nion ekimenari hasierako
urteetan, batez ere programazioaren eta aretoen arteko amildegia
ikusita. Gogoratu dezagun, bestela, zelan ibili garen aurreko urteetan
Arriaga alboko karpa batean edota Erriberako merkatuan, hotz izugarria
eta arrain usaina jasaten eta kaleko zaratak entzuten, erdarazko
hedabide guztiei lerdea zeriela Guggenheim eta Euskalduna jauregiaren
kontura! Egia da jaialdiari distira eman nahian-edo beste leku
txukunago batzuk zeudela --Arriaga bera eta La Fundicion, kasu-- baina
horrek ordutegien eta prezioen bateraezintasuna zekarren eta,
ordainean, ez zen benetako jaialdi itxurarik lortzen.
Aurten Bilborocken eta La Merced ikastetxeko gimnasioan izan
dira emanaldi gehienak, eta horrela dispertsio sentsazioa gutxitu egin
da. Hala ere, jaialdia beti saiatu da hiriko beste lokal batzuetan
egoten eta bertoko kultur eragileekin kolaboratzen --MEM jaialdia, Kafe
Antzokia, Hika ateneoa...-- eta asmo horretan kokatu ahal ditugu
Itineris apur bad ekimena edota La Fundicionen izandako emanaldiak.
Ikusle arruntak, berriz, ez ditu Deustuko aretoan dagoena BADekin
batere erlazionatzen, hango sarrera sistema eta ordutegiak ohikoak izan
direlako, jaialdiaren parte ez balira bezala.
Bilborock eta La Merced aretoen eskastasun gorria albo batera
utzita, positibotzat jotzen dut aurten izandako gune kontzentrazioa,
eta beharbada horren ondorioz zentratu da jaialdia bere balizko
nortasun posible bakarrean, bertoko nahiz kanpoko sorkuntzei ateak
irekiz eta bere burua joera berrien plataforma bihurtuz. Alde
horretatik, Euskal Herriko sorkuntza interesgarriak eta kanpoko
konpainia bikainak ikusi ditugu. Berbarako, Legaleon eta L'Alakran
konpainien atzera begirako zikloa programatu da eta El silencio de las
Xigulas mitiko hura berriz ere ikusteko aukera izan dugu. Euskarazko
lan bakarrak, ostera, Le Petit Théâtre de Pain konpainiak ekarri ditu,
eta Nafarroa Behereko taldeak argi utzi ditu bere planteamenduen
zorroztasuna eta antzezpen maila eredugarria.
BADek hamar bete ditu, eta bitartean bilakaera nabaria jazo
da publikoaren konposizioan. Heldutasuna ailegatu ahala, desagertu egin
dira hasierako ikusle nahasi eta desbideratu haiek eta oraingo
jaialdiak jakinguraz datozen zaletuak eta arte eszenikoetako eragile ia
guztiak elkartzen ditu. Hala izan dadila datozen hamar urteetan ere.
Dokumentuaren akzioak