Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Joera berrien erakustaldia

Dokumentuaren akzioak

Joera berrien erakustaldia

Kritika, VIII. koreografia erakustaldia

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2004/04/27

Urtero legez, esku artean dugu koreografia laburren erakustaldia. Aurten lau pieza hautatu dira eta Natxo Monteroren Naranjas del tiempo izan da arratsaldeko lehena. Eszena gainean Jorge Lastra dago, boxeolari itxurarekin eta airetik zintzilikatutako laranjez inguratuta. Piezaren sortzailea, ordea, alboko pantaila batean ikusten dugu, ring batera igota eta Jorgerekin hitz egiten.



Benetakotasuna da lan freskagarri honen balio nagusia, Jorge eta Natxoren arteko harremana bezain autentikoa baita dantzaren lengoaia. Gozamen hutsa da Jorgeren ekintza fisiko izugarria, besteak beste kirol jarduera eta capoeira-rekin zerikusia duena, eta guztiz deigarria da bideoaren zuri-beltzeko irudiak hezur eta haragizko dantza bera baino erakargarriagoak izatea, agian Natxoren estilo helduarengatik, agian bideo-edizioaren mailarengatik.



Bigarren hautatua Matxalen Bilbao izan da. Hasiera batean gorputzaren atal solteak baino ez dira ikusten, iluntasunean eta isiltasunean murgilduta gaudela. Espazioaren esplorazio dotore baten ostean, mutil itsu baten hitzak entzuten ditugu ukimenaren ahalmenaz gogoeta eginez. Jarraian bideo batean ikusten dugu Matxalen neska itsu batekin dantza eginez eta gorputzen arteko loturak azpimarratuz. Nahiz eta bideoaren edizioa guztiz eskasa izan, irudiok eta mutilaren hitzek ematen diote lanari bere zentzurik sakonena, dantzariaren mugimendu geldo eta intimistarekin kontraste egitean.



Aurreko koreografian bezala, Ernesto Maestrok ere konposatu du Atxarte Lopez de Munainen piezaren musika. Agertokian oinutsik doazen hiru neska ikusten ditugu, lerro paralelotan ibiltzen eta geldi-geldirik geratzen, agertzen eta desagertzen argi eta ilunaren arteko jolasari esker, Maestroren pianoak markatutako erritmoan. Argi dago pieza hau, bere araztasunean, lanik klasikoena dela gaueko lauren artean, beharbada jantzi eta mugimenduen diseinuarengatik, baina baita ere dantza hutsaren alde egindako hautuarengatik. Bestetik, azpimarratzekoak dira musika/ mugimendu eta mugimendu/argi binomioetan ematen diren harreman aberasgarriak.



Azkenik, Txatxorra's cube izan da aurtengo lanik indartsuena. Maria Ibarretxek sinaturiko muntaian berak eta Patricia Fuentesek dantzatzen dute femme fatale itxura miresgarriarekin. Beno, dantzatu baino, dantzatu, abestu, ekialde urruneko sumo estiloan borrokatu eta beste hainbeste gauza egiten dute mikrofono eta aulki biren laguntzarekin performance erako lan harrigarri honetan.



Abesten eta dantzatzen artista biek duten gaitasun itzela nabarmentzeaz gain, aipatzekoa da Buñuelek berak sinatuko lukeen bideo ahaztezina, guztiz bat datorrena proposamenaren ausardia, kategoria eta arrisku estetikoarekin.

Dokumentuaren akzioak