Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Joareen hotsa, mela-mela

Dokumentuaren akzioak

Joareen hotsa, mela-mela

Zubietako eta Aurtizko joaldunek bisita egin diete iturendarrei, eta gaur alderantziz eginen dute: Zubietan elkartuko dira denak

Euria gogotik bota du egun osoan, baina inauteriak beti bezala ospatu dituzte
Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Tokia
Ituren
Mota
Albistea
Data
2014/01/24
Lotura
Berria

Tradizioaren oihartzuna zabaldu zen atzo Zubietatik Iturenera (Nafarroa). Ezin jakin noiz astindu zituzten joareak lehenbizikoz, baina oihartzuna oraino aditu liteke, urtetik urtera joaldunek zaharberritzen duten usadioari esker. Ez dago hots hura isiltzerik; espirituak uxatzeko zein bestelako helburuetarako bada ere, usaiaren doinua urtero aditu liteke. Tradizioa bizi-bizirik da. Atzo botatako euri zaparradak ere ezin izan zuen zalaparta isildu. Urtero bezala, besta atera zen garaile.

Urtarrileko hondarreko astelehena eta asteartea dira Iturengo eta Zubietako inauterietako egunik berezienak. Lehenbizikoan, Zubietako eta Iturengo Aurtitz auzoko joaldunek Ituren bisitatzen dute, eta, hurrengo egunean, alderantziz egiten dute. Dena den, inauteria lehenago hasten da. Zubietan eta Iturenen joan den larunbatean abiatu ziren, eta asteazkenean bukatuko dira; Aurtitzen, berriz, ostegunean ekin zioten bestari, eta larunbatean ere inauteriak ospatuko dituzte.

Atzo egun berezia zuten, beraz, Malerreka inguruan: elkartzeko eguna. Oihana Elizalde aurtiztarrak azaldu zuenez, inauteria hori da, «elkarketa handi bat». «Herriari izugarrizko bizipoza ematen dio. Herri ttipi bat juntatzea da, familia ttipi bat baikara; 150 [bizilagun] gutxi da, baina, gainera, inauteriek gehiago elkartzen gaituzte». Atzo mozorroa jantzi zuen; joare astunak eraman baino nahiago zuen. Helburua ingurukoek ez ezagutzea zen. «Mozorroturik zaudenean, ez dakizu zure ondoko mozorroa nongoa den; orduan, denok bat gara, eta hiru herrietan inauteria bera da», azaldu zuen.

Urko Loiarte zubietarrak ere nahiago zuen kuadrillarekin batera mozorroa jantzi; gazteek aurpegia ezkutatzea gogoko dutenaren seinale. Goizean, bi gazte, joareak jantzita, puska biltzen ibili ziren herrian barrena, eta, lortutakoarekin, gosari ederra egin zuten herriko ostatuan. Loiartek zioen indarrak biltzea beharrezkoa zela egunari aurre egiteko. Ostatuan zen Pedro Santesteban ere. Hura joalduna da; txikitatik atera da joareak jotzera, eta emozio handiz ospatzen ditu inauteriak. «Oso berezia da guretzat; inauterietako egunak eta errege bezpera dira joareen eguna. Beste egunetan ere ateratzen gara edo kanpora goaz, baina ez da berdina», azaldu du.

Mozorro eztanda

Hamabiak aldera hasi ziren janzten Iturengo joaldunak. Han larruak paratzeko laguntzaileak daude, eta banaka janzten dituzte, udaletxeko sabaian. Ongi gosaldu ondoren, puska biltzera atera ziren, euri zaparradari kasu handirik egin gabe. Musikariekin batera, segituan ahantzi zuten eguraldi txarra, nahiz eta larruek beste batzuetan baino gehiago pisatuko zuten.

Eguerdian, Latsaga auzoan zain ziren Iturengo joaldunak, indioak eta bestelako mozorroak. Euriari jota, porrusalda eta zortzikoa dantzatzen aurre egin zioten. 14:45ean, Zubieta eta Aurtizko joareen hotsak ailegatu ziren Iturenera. Zubizburu zubia igaro, eta herriko plazara abiatu ziren, aterkien babesean haiei begira ziren bisitariekin batera.

Hirurak inguruan lehertu zen besta. Mozorroak ziren nonahi, eta, joare hotsekin batera, suzirien burrunbak eta motozerra soinuek lagunduta, akelarrea irudikatu zuten Iturengo plazan. Kaletar anitzen begiradapean, noiz edo noiz sustoren bat emanez, pertsona anonimoek hartu zuten plaza. Mozorroen iraultza zen. Hartzak, atsoak, haurraz erditu zen emakume bat eta buruko zapiaz gainera galtzontzilloak soilik zeramatzaten gazteak agertu ziren basakeriaren antzerkian.

Gurdiak ere baziren; tortura zentroa, batean, eta AEBei begira, beste bi. Batetik, Barack eta Michelle Obamaren bisita izan zuten iturendarrek, eta Mariano Rajoyren astoa haien gurdiari tiraka zebilen. Bestetik, aurtiztar gadafitarrak gatibu zituen Guantanamo irudikatzen zuen gurdiak. Eta, noski, joaldunak: 28 bikote orotara, joareen oihartzuna lau haizeetara zabalduz.

Zubietako eta Aurtizko joaldunek bisita egin zieten Iturengoei, eta herrian denak elkartu ziren joareak elkarrekin jotzeko. / IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS


Joaldunez gainera, askotariko mozorroak izan ziren; besteak beste, politika kritikatzen zutenak. / IÑIGO URIZ / ARP


Torturen itxurak, kateatutako pertsonak eta astakeriak ere inauteriaren parte dira. / IÑIGO URIZ / ARP


Aurtitz eta Zubietako joaldunak, Iturenera bidean. / IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS


Janzteko denbora eta laguntza behar izaten dute joaldunek. / IÑIGO URIZ / ARP

 

Laxaro Erregerena Ariztegi. Joalduna

«Txikituta bukatzen dugu, baina gozatuta»

I. T. Ituren

Laxaro Erregerena Ariztegik (Ituren, 1953) 15 urte zituela jantzi zuen lehenbiziko aldiz joaldunaren jantzia. Lehen, adin horretara ailegatu aurretik ezin ziren joaldun izan, nahiz eta joareak jotzen zituzten. Ordutik, urtero ateratzen da inauterietan, baita frankotan herritik kanpora egiten dituzten irteeretan ere. Beteranoena izanda, atzo lehenbizikoa izan zen. Jantzi, eta zain zegoela erantzun zien galderei. «Urteek ez dute barkatzen, baina oraindik ilusio handia daukat, eta ahal dudan arte segitu egingo dut», zioen.

Zer dira inauteriak?

Ez dakit nola esplikatu. Nik bestetan egun bat pasatzen dut, baina, inauterietan, bost edo sei. Urte guztian gaude inauterien esperoan. Gero txikituta bukatzen dugu, baina, behintzat, gozatuta.

Lehenbizikoa izanen zara; berezia da hori?

Baten batek hasi behar du, eta niri tokatu zait. Ordubete itxaron beharra daukat, baina gustura nago, bero-bero baitago barruan.

Joaldun guztiak ez dira berdinak.

Zubietakoak ibiltzen dira gerrikoan larrua dutela, eta alkandora zuria eramaten dute. Aurtitz auzoan gu bezala janzten dira, baina pausoa oso ezberdina da. Zubietakoek, lehen, Aurtitzen bezala jotzen zuten, baina, orain, guk bezala; bizixeago bai, baina guk bezala. Bestalde, Aurtitzen, nahiz eta Iturengo auzoa izan, oso desberdin jotzen dute. Guk ematen dugu kolpe bat, eta haiek bi: goian eta behean. Hala ere, hemen juntatzen garenean, gaurko egunean denek gure pausoan jotzen dute; moldatzen dira. Gu joaten garenean Aurtitzera, haien pausoan jotzen dugu. Gero, Zubietara joaten garenean, motorra, haiek biziago jotzen dutelako. Niri gustatzen zait haien pausoa.

Badakizu nondik datorren joaldunen ohitura?

Aitonak eta hemengo zaharrek kontatuta. Lehenago, sorginkeria asko izaten zen. Baserrietan ez zegoenez telefonorik, behiak erditzen hasten zirenean joareak jotzen zituzten herrian. Otsoa etortzen zenean arditara edo oilotara, joareekin ikaratzen zuten, eta joareak zaldiaren gainean jotzen ziren. Gauza guziek dute lotura. Ardiak jatera etortzen zirenez, larrua ardiena da. Eta ttuntturroak oilarraren lumak eramaten ditu. Ttuntturroan ere zintak ditu; hori inauteriengatik da, eta gonak zinta bat darama. Nik gaur arrosa jarri dut, lehengoa; berrogei urte daramatza nirekin. Atzo amak esan zidan: «Hi motel, bihar nahi nikek paratuko bahu lehengo azpigona». Noski, hau nire aitak ibili zuen.

Jantzia eta joareak astunak dira. Igartzen al diozu?

Bai, pisua dauka. Lo gutxi eginda nago, gainera; inauteriak dira, eta parranda ere egiten da. Atzo ere jo nituen. Gaur jarri ditut, eta asmoa dut, gaur ongi bukatzen badut behintzat, bihar ere jotzeko.

Dokumentuaren akzioak