Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Joareen hotsa heldu da Iturenera

Dokumentuaren akzioak

Joareen hotsa heldu da Iturenera

Urteroko legez, Zubietako eta Aurtizko joaldunen bisita izan dute iturendarrek. Asteartean Zubietan izango dira.

Egilea
Maialen Belarra
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2016/02/01
Lotura
Berria
Egun handia izan dute gaur Iturenen (Nafarroa). Urte osoa zain egon ondoren, azkenean iritsi dira inauteriak. Joareen hotsa gailentzeko garaia. Gaur goiz erdirako herriko plaza jendez bete da; batzuk autoz iritsi dira, besteak autobusez eta beste asko oinez. Iturendarrak, baina, 11:30 arte udaletxe gaineko ganbaran zeuden gosaltzen.

Joaldunak prestatzeko txanda. Lazaro Erregerena izan da lehenengoa joareak janzten; beteranoena da, eta inguruko kamera guztien diana bilakatu da azken urteotan: "Solasa motz gelditzen da hemen sentitzen dena adierazteko. Eguna nekatuta bukatzen dugun arren, merezi du. Garbi daukat ahal dudan urte guztietan ateratzen jarraituko dudala". Dagoeneko mende erdi bete du joareak bizkarrean jarri eta espiritu txarrak uxatzeko ahaleginetan.

Plazara 13:00 aldera jaitsi dira joaldun batzuk, azkenak oraindik prestatzen ari ziren ganbaran. Egoitz Gorosterrazu gazteak argi du hobe dela denbora gehiago pasatu joareak lotzen, azkar eta gaizki lotzea baino. "Denbora dezente iraun behar dugu hauekin; joareek mina eginez gero, akabo".

Herriari itzulia eman diote joaldunek, eta bitartean, mozorroak eta orgak azaldu dira. Joareen hots isiltzean, motozerren zaratek betetzen zuten isiltasuna. Bisitariak beldurtzen eta zirikatzen dituzte, baina asmo txarrik gabe. Ikustera joaten denak ere badaki txantxetan ari direla, baina halere ikara presente egoten da. Pinu adarrak, kuboak arrastaka, motozerrak, maskara beldurgarriak eta kamiseta hautsiak. Ez dute gehiago behar Iturengo, Aurtizko eta Zubietako gazte zein helduek.

Baina protagonista nagusiak joaldunak dira. Gaur zubietarren eta aurtiztarren bisita jaso dute iturendarrek, eta bihar itzuliko diete. 14:45 aldera elkartu dira joaldun guztiak gaur Latsaga auzoan, eta elkarrekin jaitsi dira herrira. Guztira 50 ttuntturrotik gora. Bi hartz ere bueltaka zebiltzan, jendea zirikatzen, bakoitza bere zaindariarekin. "Oilo larrua jartzen zaigu hainbeste ttuntturro elkarrekin ikusteak. Hemen ez dago giro txarrik. Ikusgarria da", dio Mari Carmen Zelaietak, ikusleen artetik.

Joaldunak janzten

Dokumentuaren akzioak