Dokumentuaren akzioak
Joareak eta isipuak, gaitzak uxatzeko
Goizean eman dute abisua. Joare hotsak esnatu ditu zubietar anitz, eta, bidenabar, gogorarazi gaurko egunez Iturenera (Nafarroa) bidean beharko luketela. Ez da auzokoen arteko bisitarik izan, eta nor bere herrian gelditu da. Hala ere, ez diote errituari uko egin, pandemia garai betean, inoiz baino zentzu handiagoa baitu inauteriak. Aitzitik, ezin izan dute betiko moldean ospatu. Zubietan (Nafarroa) sei joaldun atera dira karrikara, maskara jantzita eta distantziak mantenduta. Kaos erabatekorik gabe, baina gaitzak uxatzeko prest.

Iturenen ere atera dira joaldunak, baita mozorro gutxi batzuk ere. Buru osoa estaltzeko maskarak paratu dituzte batzuek, ahoa maskaraz estaltzea derrigorrezko bihurtu den garaietan. Larruak, ttuntturroak, isipuak eta joareak soinean atera dira joaldunak karrikara, dulun-dulun, ospatzerik ez den arren, inauteriak direla lau haizeetara zabalduz. Mozorro batek esku handi bat zeraman soinean, bi metroko distantzia gorde behar dela gogorarazten zuen irudi batekin, eta mezu argi bat: 2022an gozatuko ditugu. Zaindu.
Azaroaren 25ean erabaki zuten Iturengo eta Zubietako udalek aurtengo inauteriak bertan behera uztea, iaz herriko bestekin eta bestelako ospakizunekin egin zuten bezala. "Gaur egun bizi dugun osasun egoera dela eta, zentzuzko ikusi dugu hainbeste jende erakarri eta pilatzen duen ospakizun hau bertan behera uztea", azaldu zuten bi udalek. Hala, herrietara ez joateko eskatu zioten jendeari.
Bisitaririk gabe, mozorroen gurdirik gabe eta besta girorik gabe, ezohiko inauteriak izan dituzte aurten.
Dokumentuaren akzioak