Dokumentuaren akzioak
Joare eta isopuen ordua
Ituren eta Zubieta Astelehenean, Zubietako joaldunen bisita izango dute iturendarrek
Gaurko afaria aretxetik gorde ezin daitekeenarekin egingo dute herrikoek. Bihotza, birikak, tripakiak. Hortik aurrera, udaletxeko sabaian etengabeko saio gastronomikoa antolatuta dute. Horretarako, sukaldariak kontratatzen dituzte gazteek. Menua, denetarik: okela, noski, baina baita bakailaoa, zopak, makarroiak eta arrautzak ere.
EGITARAU OFIZIALIK EZ. Ituren eta Zubietan egitarau ofizialik, berez, ez dago. Udalak ere ez du parte hartzen antolamenduan, nahiz eta herriko etxeko ganbera uzten duen. Dena bertako gazteek prestatzen dute. Laurogei bat lagun elkartzen dira, gaurko afariarekin hasi, biharko afariarekin segitu eta astearteko afariarekin amaitzeko. Adin guztietakoek tartean, 15 urterekin hasi eta 80 urteak ondo beteak barne.
Herri inauteriaren izaera hori oso present dagoelako Iturenen eta Zubietan.
Egunotan karrozak txukuntzen aritzen dira etxe askotan. Gehienetan, ingurukoek bakarrik izaten dute asmoen berri, eta ustekabeak ugari izaten dira argitara ateratzen dituztenetan. Egun handietara begira egiten baitute lana. Astelehena eta asteartea buruan.
JOALDUNEN MUGIMENDUAK. Astelehenean, Zubietako joaldunek egingo dute Aurtitz eta Iturenerako ibilbidea. Hurrengo egunean, Iturengoen txanda izango da. Ondoan, hartza, eta karrozak gero. Eta haien inguruan garatzen den irudimen guztia: akerrak, gorotza banatzen duten mozorroak, definizio zehatzik gabeko pertsonaiak, bisitari eta argazkilariak...
Baina joaldunak, batez ere. Neska-mutilak, gazteak eta ez hain gazteak. Herriko txikiek Errege Egunaren bezperan janzten dituzte lehen aldiz, kalejiretako diru eta goxoki eskeetan, eta etxeko sukaldeetan trebatzen dute, gero, aspaldiko mugimendua. Etxean bertan egiten dira narruak, isopuak eta ttunttunak. Joareak, gaur egun, Frantzian erosten dituzte.
Iturenen ez dute itaurreko, eta lehen joaldunak jotzen ohi du adarra. Zubietan, berriz, erdian joaten da segizioa zuzentzen duen gizasemea.
Bitartean, etxeetan, edo Aurtizko auzora egindako bisitetan, ardoa banatuko dute. Intxaur saltsa eta piperropilak egiten dituzte etxeetan, eta, dena ondo badoa, asteazkenean, Aurtitzen, kontuak kitatzeko gonbitea egingo dute etxez etxe. Eta berriro ardoa, eta intxaurrak.
Eta datorren asteko larunbatean, Iturenen, giltzerok ateratako kontuak berdintzeko hitzordua egingo dute, Kontu Egunean. Ehun eurotik gora ordaintzen dute jaiegun guztietan parte hartu dutenek. Otorduak, edariak, eta gaueko giroa alaitzen duen soinujolea ordaintzeko.
Dokumentuaren akzioak