Dokumentuaren akzioak
Joanikot pastorala Iruñeko Baluarte Antzokian izango da irailaren 10ean
Udan zehar Zuberoako hainbat herritan ikusgai izan ondoren, Iruñean ikusteko aukera izango da Joanikot pastorala, irailaren 10ean Baluarte antzokian.
Arberoako Joanikoten emaztea izan zena, Hostako Maia, protagonista bilakatu du Joana Etxart idazleak, emazteen paperari leku handiagoa emanaz herri antzerkian. 3.500 ikusle batu zituen aurkezpenak.
Karmen Etxalarko pastorala
Handik eta astebetera Karmen Etxalarkoa pastorala ikusteko aukera izango da Etxalarren.Bi emankizun izango dira, bata irailaren 16an, larunbatarekin, 15:30ean hasita, eta bestea irailaren 17an, igandearekin, 15:30ean hasita.
Prosper Merimée idazlearen istorioa da Karmenena. Parisen sortua 1803an literatura erromantikoa maite bazuen ere, nobela historikoan, nobela laburretan eta ipuinetan izan zuen arrakastarik handiena. Hala ere, Merimée gaur egun ezaguna baldin bada ‘Carmen’ nobelari esker da; 1845ean idatzi zuen, eta Montijoko kondesa zen Maria Manuela Kirkpatrick andreak kontatutako istorio batean du oinarria, bere amorantea hil zuen gaizkile jeloskorraren istorioa, hain zuzen.
Bortzirietako Euskara Mankomunitateak hasieratik babestu du euskaratik eta euskaraz egina den herri antzerkia, “ilusio eta gogo berezia piztu dituena etxalartarren artean”.
Dokumentuaren akzioak