Kolaborazio asko egiten dituzu Euskal Herriko taldeekin. Zapatuan, esaterako, Iruñean izango zara eta domekan Elgetan. Gustuko dituzu horrelako trukeak?
Oso garrantzitsua da elkar ezagutzea. Dantza eta musika tradizionala komunikazio tresnak dira. Batzuetan, ez dugu alda-menekoaren hizkuntza ezagutuko, baina dantzan hasi eta elkar ezagutzera helduko gara.
Egin ditut elkarlanak Euskal Herriko, Kataluniako, Italiako zein Alemaniako jendearekin, eta oso aberasgarria izan da.
Artzaintza oinarri hartuta baduzu proiektu bat esku artean, ezta?
Bai, Tralhaires du izena eta Falces herrian estreinatuko dugu maiatzaren 4an. Hor gabiltza Gaskoiniako Lo Nau konpainia, Iruñeko Ortzadar Folklore Elkartea eta Oiartzungo Soinuenea Fundazioa. Iruñean, Oiartzunen eta Oloronen ere emango dugu.
Elgetan egitekoa duzun saioaren inguruan zer esango zenuke?
Gaskoiniako dantzen inguruko tailer txiki bat egingo dugu lehenengo, eta gero, bal gascon edo dantzaldi gaskoia.
Zer-nolako dantzak dira?
Biarnon jauziak ditugu, eta branleak ere bai. Jauziak muxikoen familiakoak dira. Landetakoak dira, berriz, rondeaux edo sokan egiteko dantzak eta kontradantzak. Ia desagertutako dantzak dira, talde txikietan mantendu eta berreskuratu direnak.
Musika gaskoiaren inguruan zer esango zenuke?
Soka-danbolina edo tuntuna jotzen dut nik, baina, gehienbat, abestu egiten dut dantzarako. Eskuekin eta oinekin egindako soinuekin ere egiten dut musika. Gaskoiniako musikan, biolina, akordeoi diatonikoa edo soinu txikia eta zanfona ere baditugu.
---
Patxi Montero: "Dantza sistema oso baten parte gara "