Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jenio hutsa, bi adieretan

Dokumentuaren akzioak

Jenio hutsa, bi adieretan

Broadway konkistatu zuen balletaren mundua eraldatzen zuen bitartean, eta zinemak ere maiz izan ditu oinarri haren lanak. Bihar beteko dira 100 urte Jerome Robbins koreografoa jaio zenetik.
Egilea
Miren Garate
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2018/10/10
Lotura
Berria
Jerome Robbinsi (New York, 1918-1998) buruzko testuetan, badaude adjektibo batzuk sarri errepikatzen direnak: ausartaberritzaileairaultzaileajenioa eta beste hainbat. Eta, beharbada, perfekzionista izango da horiek guztiak harilkatzen dituena. Batetik, bere buruarekin, eta horrek eraman zuen Broadwayn nahiz balletean gailurra ukitzera, eta, bidenabar, bost Donaldson, bost Tony, bi Oscar, Emmy bat eta beste sari asko eta asko etxeratzera. Bere buruarekin bezain zorrotza zen, ordea, besteekin ere, eta harekin lan egin izan zuten artistek guztiz bestelako ezaugarriak aipatu izan dituzte koreografoari buruz galdetutakoan: desatsegina, gaiztoa, krudela, sadikoa eta antzekoak. Kontatzen zutenez, perfekzioa lortzeko ahalegin horretan, ohikoak izaten zituen oihuak nahiz artisten lanari eta gorputzei buruzko irainak. Bada anekdota bat ere horri lotuta: behin, aktoreei errietan ari zela, pauso bat atzera eta pauso bat atzera, inork ez omen zion ezer esan, eta azkenean oholtzatik erori omen zen. Biziko balitz, 100 urte beteko lituzke bihar, eta mendeurren hori baliatuz, herrialde ugaritako antzokietan ari dira Robbinsen lanik ezagunenak oholtzaratzen.

Etorkinen familia batean sortu zen. Errusiatik New Yorkera joan ziren haren guraso juduak, eta han jaio zen Robbins —Rabinowitz zuen jatorrizko abizena—. «Haurrei ahalik eta kultura gehien emateko tradizio juduan» hazi zela esaten zuen, eta umetatik jaso zituen musika eskolak. Kimika ikasteko matrikula egin zuen unibertsitatean, baina 1929ko krisiaren osteko egoera ekonomiko latzak eragina izan zuen haren familian ere, eta etxeko egoera ekonomikoaren eraginez, utzi egin zituen ikasketak. Beste bide bat hartu zuen: dantzarena. Dantza modernoa, espainiar dantzak eta Ekialdeko dantzak ikasi zituen, eta aldi berean, drama eskolak ere jaso zituen. Arreba zaharragoa ere dantzaria zuen.

Hasierako urteetan komedia musikaletan dantza egin ostean, sortu berria zen Ballet Theatren sartu zen 1940an —gerora, American Theatre Ballet—. Ez zuen denbora asko behar izan konpainiako dantzari nagusi bihurtzeko. Dantza izan zitekeenari buruzko ideia propio batzuk bazituen buruan Robbinsek, eta, horiek garatuz, balleterako bere lehen koreografia egin zuen 1944an: Fancy Free.

New Yorkera iritsitako hiru marinelen istorioa kontatzen du obrak, eta pertsonaia errealak egoera errealetan kokatzen ditu. Ia Robbins bezain gazte eta ezezaguna zen Leonard Bernsteinek egin zuen musika. Zirrara eragin zuen lanak, eta segituan Broadwayko antzokietan ikus zitekeen, musikal bihurtuta, On the Townizenburuarekin. Are handiagoa izan zen arrakasta pantaila txikira eraman zutenean.

Ordutik, laudorioz betetakoa izan zen Robbinsen ibilbide profesionala. Broadwayko koreograforik arrakastatsuena zen, eta pelikula bihurtu zituzten musikal horietako asko: The King and I; The Pajama Game; Gypsy; Fiddler on the Roof; eta guztietan entzutetsuena, West Side Story. William Shakespeareren Romeo eta Julieta lana eguneratu zuen koreografoak, New Yorken kokatuz, baina filma grabatzen hasi eta aste gutxira kaleratu egin zuten Robbins, haren izaera zailagatik. Dena dela, filmak hamar Oscar sari irabazi zituen, tartean Robbinsek jasotako bi: koreografiarik onenarena eta, Robert Wiserekin partekatuta, zuzendaririk onenarena —sari hori biren artean banatu zen lehen aldia izan zen—. 

60 balleten sortzaile

Aldi berean, balletean ere jarraitu zuen, aurrena Ballet Theatren, eta ondoren, New York City Balleten. George Balanchine zen Robbinsek gehien miresten zuen koreografoa, eta haren gonbidapenari esker sartu zen azken horretan. 1949a zen, eta zuzendari artistiko laguntzaile izendatu zuten. 60 ballet baino gehiago egin zituen guztira, ospetsuenetako batzuk hauek: The Guests; Age of Anxiety; The Cage; The Pied Piper; Afternoon of a Faun; Fanfare; eta The Concert. Konpainia propioa ere sortu zuen 1958an, Ballets USA izenekoa, eta lau urte inguruan iraun zuen proiektuak. Orduan sortu zituen Opus Jazz, Moves eta Events, eta zenbait bira egin zituen Europan ere. Hain zuzen, nazioartean sona lortu zuen lehen balleteko koreografo estatubatuarra izan zen Robbins.

Bere buruarekin, ordea, bazituen zenbait konplexu. Haren biografian agertzen denez, ez zitzaion gustatzen kortse fabrika bat zuen judu baten semea izatea; bisexuala izatea ere ez zitzaion gustatzen; eta gaiari buruz hitz egitea saihesten bazuen ere, Robbbinsen bizitzako gertakari garrantzitsuenetako batek badu zerikusia horrekin: 1950eko hamarkadan, House Committee on Un-American Activities ikerketa batzordeak deitu zion, eta 1930eko hamarkadan alderdi komunistako kide izan zela aitortu zuen. Bere sexualitateari buruzko kontuak aireratzeko mehatxua egin zioten, eta lana galtzeko beldurrez, beste zortzi kideren izenak eman zituen. Senide eta inguruko batzuek inoiz ez zioten barkatu hori. 1998an hil zen Robbins, 79 urte zituela.
Jerome Robbins koreografoa, dantzari batekin hizketan entsegu batean.
Jerome Robbins koreografoa, dantzari batekin hizketan entsegu batean. BERRIA

Dokumentuaren akzioak