Dokumentuaren akzioak
"Jendea gauza berriak ikusteko prest dago"
Edu Muruamendiaraz. Aukeran taldearen zuzendaria da bergarar dantzaria
Orain arte lan laburragoak egin dituzue, ordu laurdeneko ikuskizuna jauzi handia izan da, ez?
Orain arte egindako lanak kontuan hartuta luzeena, eta sendoena. Joan den urtean ikuskizun luze bat egiteko aukera izan genuen, eta horrela sortu da Sutargi. Bai, jauzi handia izan da. Ikuskizunean zuzeneko musika daukagu, argiaz arduratzen den teknikoa, jantziak ere esklusiboki guretzako diseinatuta daude... Gauza asko dira.
Dantza tradizionalak eta garaikideak bat egiten dute Sutargin, ez?
Gu hasi arte ez zuen inork egiten horrelakorik; gauza nahikoa berria da. Dantza tradizonalak ditu oinarri Sutargik baina beste zentzu bat ematen diogu dantza garaikideko zenbait ñabardura sartuz.
Nola otu zitzaizuen nahaste hori?
Eusko Jaurlaritzak ematen dituen laguntzak jasotzeko aurkeztean dantza garaikidea eta klasikoarekin egin genuen topo; gu ginen dantza tradizionaleko bakarrak. Mundu berri baten sartu ginen, zeharo ezberdina zena; dan-tza tradizionalaz gain beste mundu batzuk ere badaudela ohartu ginen...
Dantza tradizionala eta garaikidea guztiz ezberdinak dira. Nola moldatu zarete Sutargi egiteko?
Dantza tradizionaletik gatoz gu; aldaketa handia izan da guretzat. Dantza tradizionala zurrunagoa da; gerritik behera du indar gehien, baina garaikidean gerritik gora ere mugimendua dagoenez hori ere landu behar izan dugu. Nahikoa estatikoak izanik asko kostatu zaigu mugimenduaren kontu hori; zaila izan da dantzariontzat.
Ordu eta laurdeneko saioa egitea, hortaz, ez da gauza erreza izango.
Ikuskizuna hasi eta amaitu arte ez daukagu atsedena hartzeko astirik; dena jarraian egin behar dugu. Gainera bost aldiz-edo alda-tzen ditugu jantziak..., baina pozik aritzen gara.
Orain arte kritikak ezinhobeak dira...
Bai, horrela da. Kritika politak izan ditugu hedabideetan, jendea ere gustura egoten da, asko txalo-tzen digu... Gainera saio guztiak ez ditugu antzokietan egin, asko plaza eta frontoietan egin ditugu; horrelako lekuetan jendea ordu betez zeuri begira mantentzea zaila da. Tabernaz betetako plaza baten aritzea ez da gauza erraza; jendeak ez badu gustukoa alde egiten du, beste barik.
Ikusleek harrera ona egin dizuete, eta zuon munduan ari direnek zer diote?
Batzuei gaizki iruditzen zaie guk egiten duguna; ez zaie batere interesatzen. Dantza tradizionalaren mundua hor dago eta garrantzi-tsua da,mantendu egin behar dela uste dut; baina gauza berriak egiteko aukera ere egon behar da. Nik ez dut dantza tradizionala aldatuko, ni ez naiz inor hori egiteko baina gauzak beste modu batera egin daitezke baita...
Berritzaileek izan ohi dituzten arazoak dira horiek...
Bai, badaude batzuk, oso tradizionalak direnak, guk egiten duguna ez dela ezer esaten dutenak. Baina badaude talde batzuk guk egiten dugunaren antzekoa egiten dutenak eta guretzako oso pozgarria da hori. Jendea poliki-poliki hasi da gure lana onartzen eta uler-tzen; argi dago jendea gauza berriak ikusteko prest dagoela, eta gogoa ere baduela...
Publikoak proposamen berriak eskatzen ditu, beraz?
Bai, hori da gure emanaldietan ikusi duguna. Euskal dantza tradizionala nahikoa estatikoa da; jende gazteak hainbeste gauza ditu aukeratzeko, ez badiezu zerbait berria eskaintzen... Betiko dantzak ematen badizkiozu jende gazteari azkenean utzi egingo du; betiko dan-tzak behin eta berriz errepikatuz aspertu egiten dira, eta bertan behera uzten dute dena. Eta gazteak dira erakarri behar ditugunak... Klaseak ematen ditudanean beti diot: hau horrela egiten da, baina horrela ere egin daiteke, berrikuntzaren bat eman ezean...
Aldatzeari beldurra ote diogu?
Bai, badago horrelako zerbait. Programatzerakoan beldurra dute, ez dira askorik fidatzen; gero, ikusi eta gustatzen zaie, baina...
Baina...
Badirudi kanpokoa beti dela etxekoa baino hobea. Gutxika-gutxika egoera aldatuko dela espero dut, hemen ere kalitate handiko gauzak egiten baitira.
Kanpora joan beharko duzue orduan...
Irtetzeko betarik badaukagu, eta arrakasta badugu datorren urtean Aukeranek gora egingo zuen Euskal Herrian, asko gainera. Kanpoan egin behar da izena lehenengo, gero etxean onartzeko.
Baina ez da erraza kanpora joatea, ez?
Donostiako Antzerki Ferian aurkeztu genuenean kanpoko programatzaile piloa zegoen. Nahikoa kritika onak izan genituen... Ia aukerarik dugun.
Erakundeen aldetik nolakoa da jarrera?
Dantzarentzako dirurik ez dago; hobeto esanda egon badago baina oso gutxi. Sutargi egiteko dirua eskatu genion Eusko Jaurlaritzari; ez zigun ezer eman. Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntza txiki bat eman digu. Guk ipini behar izan dugu diru guztia, apustua gurea izan da: apurka-apurka saioekin berreskuratzen gabiltza, baina txarto irtenez gero... Ea konturatu behar diranak konturatzen diran hemen badagoela jendea lanean, gauza onak egiten, eta hori zaindu eta bultzatu beharra dagoela.
Dokumentuaren akzioak