Dokumentuaren akzioak
Jean Pitrauk jarraitzailerik badu
Atharratze-Sorholüzeko herritarrek antzeztutako pastoralaren lehen agerraldira 4.500 lagun joan dira.
Pastorala ikuskizun bat da, hitz horren esanahi osoan. Denak bilduta daude: testua bertsetez adierazteko modu berezia, oholtza gaineko mugimenduak, taula jokoak, kantuak, Satanen agerraldiak, bestelako dantzak, broma egiteak, sentipenen irudikatzeko antzerkialdiak... Eta publikoa, nola ez? Hori, azken 40 urteotan gutxienez, oso kopurutsua da, urtetik urtera, pastoralaren gaia zein edo zein izanik ere. Hala, joan den igandean Atharratze-Sorholüzen eman zen Jean Pitrau tragediaren ikustera 4.500 lagun inguru joan ziren. Hiru harmaila guneak lepo beteta zeuden, beranduenik iritsi zirenak harmaila horien eskaileretan ere eserita zeudela.
Ikusgarria hasi baino ordu bat lehenago agerraldi gunea ia-ia beteta zegoen. Alabaina, ikuskizunik ez zen falta... hala nola, urteroko legez, Ipar Euskal Herri barnealdeko eta Biarno mendialdeko diputatu Jean Lassalle entzutetsuak eskaini zuena. Pastoralen ikustera etortzen hasi zelarik, nahiko berandu iristen zen, eta, gainerat, bidean topatzen zituen guztiei bostekoa ematen zien. Pastoral bateko ikusleriaren aurrean, hain justu ere, egitea komeni ez dena... eta txistu eta oihu zaparrada itzela sorrarazten duena. Azken urteotan, baina, garaiz iristen da, edo aurretiaz ere bai... baina, hori egitean, jendetzari ordularia erakusten dio. Pentsa orduan zelako txistualdi-oihualdia pizten den. Halaxe izan da aurten ere, gehienek dakitelarik hau dela politikariaren eta publikoaren arteko joko bat... oholtza gainekoari aurrea hartzen diona.
Tauladan, hain zuzen, dena nahiko ongi pasatu zen, eta bertseten aldarrikatzean edo taula jokoetan huts bakanak gertaturik ere, horiek dira ofiziokoak ez diren aktoreen ikuskizunetan bidezkoak direnak. Pastoraletan horiek egotea egiazko herri antzerki baten seinale da, eta eskerrak mendeak daramatzala horrela.
Pier-Paul Berzaitz muskildiar kantari eta kultur eragileak idatzi eta Jean-Pierra Rekalt altzabehetiar errejentak oholtzaratutako Jean Pitraupastoraleko 23 jelkaldietan ez zen txalo zaparradarik falta izan. Horiek piztu dituzten antzerkialdietatik batzuk baino ez aipatzearren, halaxe gertatu zen Otsagabia eta Atharratze-Sorholüze herrien arteko senidetzea gogorarazteko asmoz Zaraitzuko bi joterok eta dantzari talde batek egin zuten agerraldi zoragarrian, halaxe ere Jean Pitrau eta haren emazte Anita Galanten karguak zeramatzaten Johañe Etxebarne eta Mathilde Baquek birazka eman zuten kantuaren amaieran, halaxe beti ezteien aukerarako eta satanek emandako dantza balleten karietara, eta —nola ez?— Jean Pitrauren heriotza kantuaren zioan.
Euskararen egoera, agerian
Denak ondo dabiltzan gizalanik ez baita, esatekoa da, haatik, okerrak ere egon zirela. Hala, artzainen kantua nabarmen goregi hasi eta eman zuten, atzera egiteko aukerarik izan gabe. Beste kontu batean, ahoskatze huts dezente egon zen, eta horiek nabari agertzen dute aktore ugaritako gaur egungo pastoraletan arizale asko erdaldunak direla, edo euskaldunak izanda ere irakurketa ez dutela menperatzen. Ildo horretatik beti, nahiko tamalgarria izan zen pastoraleko liburu salgunean, baita beste lekuetan ere, euskaradun oso gutxi zegoela eta hala zirenak ere euskara batuarekiko erabat mugatuta zeudela. Hortaz, pastoralak gaur egun daukan arrakasta handiaren itzalgune nabariena eta penagarriena da euskararen jakintza edo erabilpenaren eskasia gero eta agerikoagoa dela. Horrek noizbait ondorio txarrak ekarriko ditu... buelta azkarrik eta eraginkorrik ematen ez bada.
Dena den, norberak bere iritzia edukitzea egokiena delarik, Jean Pitraupastoralaren ikusteko aukera bi daude oraindik: datorren agorrilaren 7an, Atharratze-Sorholüzen bigarrenaz, eta agorrilaren 15ean, Otsagabian (Nafarroa).
Bi agerraldi horietatik lehenean ikusleek aukerarik izango dute pastoral bukaeretan egiten diren antxerak edo enkanteak bizitzeko; bigarrenean, ordea, ez. Zeinek diru gehien eskaintze horren helburua da pastorala eman den oholtza gainean moñeiñak eta aitzina pika dantzen emateko ohorea edukitzea. Joan den igandean Zuberoako zazpi herri lehiatu ziren, eta, azkenean, iaz Pierra Lhande pastorala eman zuten Iruri eta Zalgize-Doneztebeko herritarrak ziren garaile irten, 1.300 euroko diru ordaina oparituta.
ean Pitrau pastorala eman zuten lehenengoz igandean. NAHIA GARAT
Dokumentuaren akzioak