Dokumentuaren akzioak
Jean-Christian Irigoien «Eskusoinua esker txarrekoa da zenbait aldiz, dena hartzen du»
Artisten artean denetarik dago. Eta tarte horretan,
badira diskretuak, herabetzat daukatenak beren burua. Horietako bat da
Jean-Christian Irigoien Galtxetaburu edo Galtxet (Donibane
Garazi, 1963). Galtxetaburu, Gamarteko (Nafarroa Beherea) etxearen
izena bezala. Etxe horretan handitu zen, eta hor bizi da gaur egun. Bere
burua gehiegi erakustea ez duela hain gustuko aitortzen du.
Bere instrumentuaren kasuan ere, hala nahi du artistak.
Diskretu. Nolako gizona, halako musika. Musikaria txoko batean beharko
litzateke eman, haren iduriko. «Ez dut uste musikari baten lana toki
guztiaren hartzea dela absolutuki. Gure plazetan ere ez. Jendeek beren
eremua behar dute. Soinu espazio bat behar dute, elekatzeko goxoki...
Bakoitzak hautatu beharko luke soinuaren entzutea eta joan beharriekin
soinuaren xerka. Entzumen gehiago sortzen da horrela». Egungo belarriak
eri ikusten baititu. Informazio gehiegi filtratu behar: «Hainbeste non
ez duzun gehiago kasu ematen. Telebista, irratia, saltegietan, denetan.
Eman dezagun motor bat, antimusikala da arras. Informazio horiek guztiek
ez dute onik egiten belarrietan». Horren saihesteko bide bat bezala
ikusten du, nonbait, entzumena akuilatzeko behar hori.
Entzumen hori lortzen delarik zinezko plazera baitu hartzen.
Antzerkiarekin gertatzen zaio gehienetan. Hor, publikoarekin harreman
«totala» lortu izan du. «Antzerki talde bat lanean ari delarik
mikrokosmos bat da. Eta hor bada entzumen eder bat. Ohartzen naiz nola
nire musikak baduen eragin eder bat jendeetan. Horrek ardura bat ematen
du ere. Kasu egiten duzu gehiago zer jotzen duzun. Testuinguru sentibera
batean gauzak hobetzen dira, testuinguru bortitz batean neke izanen den
bezala musika polit baten ateratzea. Testuinguruak du egiten».
Ardura horretan, musika tresnak eragin zuzena du. Kasu anitz
egiten du eskusoinuak ez dezan leku guztia hartu, hori baita
akordeoiaren arriskuetako bat, haren iduriko. «Esker txarrekoa da
zenbait aldiz. Dena hartzen du. Nonbait baldin baduzu akordeoi bat
jotzen ari, ez duzu hura baizik entzuten. Belarrietan sartzen da». Bera
hori saihesten ahalegintzen da. Goxotasun bat du bilatzen. Eta
horretarako balio handia dauka Piermaria markako akordeoi zaharrak.
«Akordeoi zahar batzuekin aiseago da».
Hala ere, hura gabe ere egin lezake berdin-berdin. Tresnak ez du
halako inportantziarik garaztarrarentzat. Ez litzateke hain grabe
galduko balu edo hautsiko balitz betiko. «Musika tresna batek bere
baitan ez du gauza handirik, behar zaio animatu. Gauzak sorrarazi».
Hori bai, uharte galdu batera joango balitz, segur, edozein
izanik ere, akordeoi bat eramanen lukeela. «Behar nuke bai. Maite dut
musikarekin lan egitea. Gauza batzuen moldatzea. Diziplina bat bezala
da, eta goxo zait». Eta gainera, akordeoiak izan dezakeen alde ona,
elektrizitate beharrik ez duela. Eta horrek, uharte galdu batera joateko
orduan badu bere garrantzia. Eguneroko bizitzan ere, funtsean, artistak
baieztatu duen bezala. «Eskusoinuaren historian badu inportantzia
handia horrek, bai». Bere ezaugarri nagusietako bat da. «Erabiltzen ahal
duzu zaku baten barnean eta bidaiatzen ahal zara berarekin. Egun batez
nahi nuke bidaia bat egin eskusoinuarekin. Aitzina ukanen dudalarik».
Eskusoinuarekin hasi zelarik, ordea, ez zuen horrelako gogoetarik eginik
batere. «Sinpleki» hasi zen: «Akordeoilari baten semea naiz. Aitak
proposatu zidan nahi nuenez akordeoia ikasi, eta erran nion baietz».
Aita, Beñat Irigoien, Galtxetaburu hura ere. Artista ezaguna,
besteak beste, anitz egin zuelako dantza musikentzat. Hamabi urte zituen
hasi zelarik akordeoia ikasten. Angeluko irakasle itsu batekin izan
zen. Aitak utzi jakintza, beste gisa batean eskuratu du. «Badu kasik 20
urte zendua dela, eta oraino gauza batzuk jiten zaizkit ene memorian
zirenak. Entzun gauza batzuk edo pentsaketa batzuk. Tresna bera ez badut
aitarekin ikasi, beste anitz gauza. Jo dut ene aitarekin ere».
Aitarekin hasi zen plazaz plaza, eta geroztik ez du utzi. «Plaza,
plazera hitzetik ez baita hain urrun».
Akordeoia baino gehiago musika bere orokortasunean aipatzen duen
bezala Irigoienek, musika aipatzen hasi bezain laster, plaza hitza
heltzen zaio mihi puntara, eta plazatik segidan, dantzara. «Euskal
Herrian dantza haluzinatzailea da, eta funtzionatzen du oraino, molde
batean edo bestean. Badakit zer balio duen plaza batean dantzak». Zer
balio du, justuki? «Balio du, demokratikoa dela. Denek egiten ahal dute.
Kantaldi batean jendeak etortzen dira kantari baten behatzeko. Behatzea
aktore izatea da ere, baina dantzatzearena, pufff... askatasun bide
eder bat da. Edozein dantza. Espazioa hartzen du dantzariak. Izate
sentipen bat da, ederra». Agian egunerokoan sentitzen ahal ez den
libertate espazio bat, Irigoienen ustez. Eta dantza horretan,
akordeoilariaren lekua «laguntzaile» bezala ikusten du. Delako txoko
horretatik ekartzen duen laguntza.
Aitak eman dio laguntza horren ulertzeko gakoetako bat. Haurra
zelarik aita ezteietara nola joaten zen oroitzen da. «Akordeoiarekin
bakarrik joaten zen. 11:00etatik 02:00ak arte. Eta hori beti sobera
zitzaidan. Nola posible da aritzea hainbeste denboraz, bakarrik?».
Esperientziak ekarri dio erantzuna. «Ez zen eszenarik eta publikorik.
Denak nahas ziren. Besta bat zen. Eta musikaria bestaren barnean zen,
jendeekin». Jendeekin ari, eta ez jendeei. «Dantzak laguntzen zaitu.
Musikari batek jotzen duelarik publikoa dantzan ari bada, ez duzu
perkusio jotzaile beharrik kasik. Erritmoa ematen dute dantzariek».
Erritmoa eta energia. «Hainbeste luzaz jotzeko horrela, bakarrik, ez da
posible energia beti leku beretik joan dadin. Beharrezkoa da bi
aldetatik izatea. Trukaketa bat izatea. Energia heldu da publikotik ere.
Beste gisan ez da posible».
Plazako plazer hori ez zaio beti begi bistakoa izan Irigoieni.
Egun akordeoiarekin daukan harreman sendoa hogei urteetan dudan jarri
zuen. «Entzuten nituen musikak eta jotzen nituenak biziki diferenteak
ziren. Jazz eta blues musika maite nuen, eta eskusoinuarekin lekuko
musikak, musika tradizionala nuen jotzen. Bazen hor bitxikeria bat
enetzat». Urteak aitzinatu arau, instrumentua baztertuz joan zen. Baina
azkenean aurkitu zuen lotura. 22, 23 urtetan izan zen. Montpellierren
(Frantzia) filosofia ikastera joan zen, baina gero izan zen besterik.
Jazza aurkitu zuen. Jazz eskola bateko piano irakasle batekin aritu zen
eskolen hartzen. «Hor egin nuen lotura blues musikaren eta ene
tresnaren artean. Inportanta zen hori niretzat».
Gaur egun, bai herriko bestetako taloa eta xingarren hitzordua
animatzen, edota sorkuntza intimoago batean, bietan ikus daiteke
Irigoien. Biak beharrezkoak ditu. Zein estiloko musikaria sentitzen den
galdegiterakoan, zein kategoriatan sartzen ahal den, honela dio:
«Humanoen kategorian nahiko nuke izan. Sentitzen naiz pertsona bat
naizela, eta hori nahi dut izan, besteen artean. Hori da nire
kategoria».
Bluesak edo euskal musikek oinarri bera dute, ororen buru:
«Blues musikak badu mezu humanista bat ere. Zilegitu du komunitate bati
bere izatearen adierazten. Laguntza bat ukan dute nortasun lan horretan.
Eta Euskal Herrian ere musikak horretan laguntzen gaitu. Guhaur izaten,
gauza batzuk sentitzen guhaurren baitan eta besteen baitan ere». Euskal
Herriko musikak, erran nahi baita, dantza musikak bereziki, musika
tradizionala.
Egunerokoan, praktikan, denbora erdi bat dauka musikarentzat.
Etxeetara heltzen den uraren banaketaz arduratzen den sindikatuan ari da
beste denbora erdian, Garazin. «Sindikatuko lana gustatzen zait.
Laborari semea naiz ere, eta, beraz, hori betidanik ezagutu dut». Beste
zerbait izatearen beharra. «Sobera abstraktua egiten zait bakarrik
musikan izatea. Bakoitzak bere buruaz halako definizio zorrotz bat egin
behar du. Bere burua saltzen jakin behar du ere».
Segur dena da denbora osoz duela gogoan musika eta problema
horiek.«Bihotzez musikaria sentitzen naiz». Hark deitzen dituen
«proiektu ttipiak» ditu maite. Musika «lasaiki bizitzekoa» ematen duen
proiektuak dira. Hiruzpalau lagunen artean. Lagunekin «partekatzekoa»
ematen dietenak. «Kolaborazioak behar ditut, gutxieneko komunismo bat.
Gero eta gehiago maite eta behar dudana. Ez dut maite manatua izatea, ez
eta manatzea ere».
Jean-Christian Irigoienen akordeoi kutuna
Hiruzpalau akordeoi ditu etxean. Aitarena tartean. Baina ez du erabiltzen, piano teklak dituelako eta botoiekin ari baita. Bi ditu erabiltzen. Bata txikia eta zaharra, karrikako, baina badu bat kutunena. Akordeoi handia da, Piermaria markakoa. Hamabost bat urte hauetan dabil horrekin. Instrumentuak berak 40 bat urte ditu, baina iraupen handikoa da. Hori aurkitu aitzin, akordeoi txikiak zituen bakarrik. Baina egun batez Aintzilako (Nafarroa Beherea) Peio artzainak zion erran ez zuela akordeoi ttipiekin aritu behar. Behar zuela akordeoi handi bat erosi. Hori entzutean, «lehenik irri egin nuen, baina gero beti gogoan atxiki nuen. Eta egun batez akordeoi handi bat erosi nuen, eta zaharra, gainera. Eta biziki ongi funtzionatzen du». Delako bere kutunak. Bigarren eskukoa, Parisen erosi zuen: «Baditu soinu berezi batzuk, akordeoi soinutik pixka bat barreiatzen direnak. Batzuk biziki meheak ditu, beste batzuk lodiak. Horrekin zinez plazer hartzen dut». Bizpahiru nota eskas ditu, hautsiak. Eta horrek ere badu eragiten soinuan, alde onerako. «Ez dugu beti denborarik arrañatzera eramateko. Egun batez egin behar litaike, baina gero usatzen zara».
Soslaia
Aitarekin hasi zen jotzen plazetan. Eta geroztik segitzen du. Talo eta xingar edo beste. Hogei bat urterekin Montpellierrera joan zen. Sei urtez egon zen han, eta jazz musika ikasi zuen. Okzitaniar musika tradizionala ere jotzen ibili zen. Euskal Herrira itzuli eta 90eko hamarkada hasieran Pantxoa eta Peio, Jojo eta Ramuntxo eta Tturruttak taldearekin jo zuen bost bat urtez. Ondotik, Le Petit Theatre de Pain antzerki taldearekin aritu zen, eta bai Garazi Soul System taldean ere, Beñat Axiari, Pierre Visler eta David Arriolarekin. Martine Caplanne frantses kantari poetarekin ere bide bat egina du. 2002tik Garazi Philanthropic Orkestran ari da, eta bi disko grabatu ditu. Hiru Punttu antzerki taldearekin ere aritua da. Lurra antzerkian zuzenean, eta gaineratekoekin konposizio lanetan. Oztibarreko antzerki taldearekin Ibañetaproiektuan parte hartu zuen.
Dokumentuaren akzioak