Dokumentuaren akzioak
Jauzi eta brinko ibili ziren Debagoieneko Dantzari Egunean bost dantza taldeak
Aurten oñatiarrek antolatu dute Debagoieneko Dantzari Eguna; Oñatz dantza taldeak, zehatz. Euskal dantza tradizionalak, beraz, babesleku izan zuen zapatuan Oñati, eta herritarrek ere erantzun zuten; dantzak Zubikoa Kiroldegian izanik ere, jende dezente joan zen bai goizean eta baita arratsaldean ere, bailarako dantza taldeen emanaldiak ikustera.
Agurra, dantza talde guztiek
Zapatuko jaian parte hartu zuten dantza talde bakoitzetik ordezkari bik eman zioten hasiera goizeko emanaldiari, guztiek batera, aurreskua dantzatuz. Dantza, kantua eta umore ona nagusitu ziren Zubikoa Kiroldegian elkartu ziren dantzari zein ikusleen artean. Orduan gozatu genuen, Bizkaiko mutil dantzaz, Itai dantzaz, Arratiaz, edota Lesakako dantzez, beste batzuen artean. Giro ederrean igaro zen goizeko emanaldia eta handik, guztiak batera, Etxe Aundi jatetxera egin zuten bazkatzera.
Arratsaldeko emanaldia, aldiz, herriko plazan egin zuten; jende
asko batu zen dantza taldeek emanaldia ikustera, eta ederto pasatu zuten
bertan bildutakoek. Arratsaldean Gipuzkoako mutil dantzak, Jaurrieta,
edota Iribas bezalako dantzak eskaini zituzten eta amaitu, Larrain
dantzarekin amaitu zuten. Ikusleak ere animatu ziren Larrain dantza
egitera eta horrela, giro ederrean eman zioten bukaera aurtengo
Debagoieneko Dantzari Egunari.
Oñatz dantza taldeko kideak oso pozik agertu ziren egunak
utzitakoekin; aurreikuspen guztien arabera joan baitzen guztia eta
dantzari eta herritarrak gustura gelditu zirelako.
Dantzariak Zubikoa kiroldegian.
Dokumentuaren akzioak