Dantzan elkarteak azaldu duenaren arabera, Eusko Jaurlaritzak argitaratutako euskarazko dekretua bakarrik irakurri ondoren, ohartarazpena jaso zuten esanez dekretuaren gaztelaniazko bertsioak bai onartzen zituela dantza-talde amateurren entsegu eta emanaldiak. Izan ere, euskarazkoan entseguak bakarrik ageri dira, emanaldiak aipatu gabe. "Badirudi itzulpenean galdu dela dantza emanaldien baimena", ohartarazi dute. Beraz, gazteleraz behintzat, dantza-taldeen emanaldiak baimendu ditu Jaurlaritzak, beti ere, COVID-19ari aurre egiteko segurtasun-neurriak zorrotz beteta. Hala ere, deitoratu dute dekretuak ez duela zehazten nola egin daitezkeen entsegu horiek, besteak beste, ez dakite zenbat kide kopuruk parte har dezakeen horietan.
Zer-nolako dantza-emanaldiak
Orain arte, soilik profesionalek eskain zitzaketen kultur-emanaldiak. Orain, ordea, amateurrek ere aukera hori izango dute, gaztelerazko bertsioak musika- eta ahots-izaerako entsegu eta emanaldi kolektibo ez-profesionalak baimentzen baititu –euskarazko bertsioak ez ditu espresuki emanaldi amateurrak aipatzen–. Dena dela, ez da erromeriarik ezta jaietako dantza-desfile zein emanaldirik egiteko aukerarik egongo, maiatzaren 8ko Eusko Jaurlaritzako dekretuak ez baitu horren inguruko aldaketarik aipatu. Ordea, bai arautu ditu ikuskizunak egiteko baldintzak eta neurriak. Hala, talde amateurren emanaldiak baimenduta dauden unetik aurrera neurri hauek bete beharko dira.
Neurri guztiak ezagutzeko sakatu hemen.