Dokumentuaren akzioak
Jantzien bilakaera euskal dantza tradizionaletan
Esan genezake jantziak eta dantzariak nolabaiteko sinbiosia lortzen duenean, benetako arte espresio bilakatzen dela begien aurrean daukaguna Alde batetik, Dantzariak, soinean daramanari, mugimendua ezarriko diolako eta bestetik, jantziak berak dantzaria modu berezian sentiaraziko duelako.
Tradiziozko dantzetan eraman ohi diren zenbait jantzi eta janzkik, gainera, balio sinbolikoa izan dezakete: kolore gorriak, gizonezkoak gonekin jantzita joateak, kono forma duten kapelek, maskarek
Halere, gure dantzetan, tradiziozkoa den jantzia eramatea ez da derrigorrezkoa izan. Gaur egun, ordea, tradiziozko jantzi eta tradiziozko dantza kontzeptuak elkartu ohi ditugu, dantzaren ikuspuntua, batik bat eskenatokietara edota oholtzetara zuzendurik daukagulako. Are gehiago, galtzear zeuden zenbait jantzi eta janzkera ezagutzera emateko balio izan du XX. gizaldian zehar dantzak, nahiz eta kasu askotan janzkera hori ez izan bereziki dantzarakoa. Bestetan, berriz, itxuraldaturik aurkeztu izan dira.
Azken ehun urte hauetan, gure tradizioekin loturiko kultur arloak eta bereziki jantziari dagokionak ez du beharko zukeen atentzioa izan. Honi buruz heldu zaigun informazioak bide desberdinak jarraitu ditu eta askotan ez dira izan egokienak. Hau dela eta, ikusi eta ikusten ditugun jantzi guztiak ezin ditzakegu zaku berean sartu, izugarrizko anabasa baitaukagu. Adibidez, orain dela gutxi, jantzi biltegi batean lihozko alkandora bat ikusi nuen, dantza tradizionalerako janzki gisa sailkaturik. Egia da, gaur egun orokorrean erabilera hori ematen zaiola, baina badakigu jakin, garai batean, tankera honetako alkandorak ez zirela soilik dantzarako erabiltzen. Gure janzkera zibilaren parte ziren, eta are gehiago, Europan zehar ere toki askotan aurkituko ditugu honelakoak. Beraz, dakigun neurrian, berezi egin beharko genituzke tradiziozko janzkiak dituzten eta izan dituzten erabilerak.
Adibide honen bidez adierazi nahi dena da, tradiziozko janzkerari buruz dugun ezaguera oso mugatua dela, orokorrean. Alde batetik, kulturaren atal honi ez zaiolako eman izan beharrezkoa izango litzatekeen garrantzia. Bestetik, tradizioaren jarraipena aspaldi eten zelako gurean. Eta azkenik, eta lehendabiziko arrazoiarekin loturik, dauden datu urrien interpretazio eta erabilera ez delako beti modurik egokienean egin. Erabili izan diren zenbait irizpidek ez dute oinarri sendorik izan, herri kulturaz ezer gutxi zekitenenak izan baitira. Batzuetan utzikeriaren ondorioz -gaiari baliorik eman ez zaiolako-, beste batzuetan asmo txarrek eraginda (Franquismoaren garaian, adibidez) eta gehienetan ezjakintasunak bultzatuta emaitza ez da izan guk nahi genukeena.
Bestalde, jantzi eta janzki tradizionalen erabilerak asko aldatu dira urteetan zehar. Azken ehun urteetan dantzarako erabili diren elementu asko eta asko, lehen janzkera zibila osatzen zuten janzkietan dute sorburua. Aipaturiko hauek eta baita soilik horretarako erabili direnak ere beren bilakaera izan dute eta hau guztia laburbiltzen saiatuko gara hemen.
Gaia zentratu asmoz, bi sail egingo ditut: sorterrian egiten diren dantzak eta eskenatoki eta oholtzetan eginikoak banatuz.
Izan ere, dantza tradizionalak herri eta gizatalde zehatzek egin ohi dituzte egun jakinetan, ospakizun berezietan, alegia. Baina dantza horiek berak, eta maiz, hauen moldaketak, beste egoera batzuetan ere egin ohi dira, sorburua duten kokalekutik at eta inguru guztiz desberdinean, ikuskizun batean alegia. Kasu honetan dantzaren beraren funtsa aldatu egiten da eta honekin batera jantziek ere aldakuntzak edota moldaketak jasan ditzakete. Hala ere, sarritan, muga zaila da ezartzen, dantza egiten den tokiko dantzari taldea bera izan ohi delako, bere dantza ikuskizun gisa ematera beste tokietara joaten dena.
Honela, beraz, suma daiteke jantziaren bilakaera norabide desberdinetan eman daitekeela. Baina aldaketarik sakonenak, zalantzarik gabe, dantza tradizionalak ikuskizun moduan antzoki eta oholtza gainetan azaltzen diren kasuetan nabarituko ditugu.
Dantza bere sorterrian egiten denean erabilitako jantziak
Juan Antonio Urbeltzek eginiko Dantzen Sailkapenean oinarrituz ikusi ahal izango dugu, modu orokor batean, gure dantzetan erabiltzen diren jantzi eta janzkiak nolakoak diren
Gizon eta Emakumeek Inguru irekian eginiko dantzak eta modu berean baina bakarka eginikoak. (Branlia, Ingurutxoak, Soka Dantzak, Jauziak
)
Dantza hauek egiteko, gehienetan nekazal giroko euskaldunok XIX. mendean genuen janzkera zibila imitatuz eginiko jantziak erabili ohi dira. Baina, janzkera mota hau, gure bereizgarri batzuk baditu ere( zapia jartzeko modua, txapela, abarkak
) Europa guztian garai hartan erabiltzen zenaren oso antzekoa zen. Denboran kateaturik geratu zaigunez, tradiziozko izaera ere hartu du. Beraz, garai hartan zituen ezaugarri nabarmenenak mantendu ditu eta festa giroko dantzak egiteko direnez, apaingarri bereziak ere (zintak, koloredun zapiak
) eransten zaizkie.
Emakumezkoek, gona luzez, txanbraz edota gorontzaz, mantalez, buruko zapiz eta zintaz apainduriko txirikordaz atonduko dituzte beren buruak. Gizonezkoek, berriz, fraka luzeak, alkandora, txalekoa eta askotan zintaz apainduriko txapela jantziko dituzte. Oinetan, berriz, abarkak, abarketak eta batzuetan oinetakoak ere eraman ohi dira.
Hemen deskribatu duguna, oso orokorra da. Batzuetan dantza hauetako batzuk Inauterietakoak direnez, Inauterietako jantzi bereziekin ere egiten dira. Bestetan, Auñamendiko bailaretako dantzetan kasu, bertako jantzia gaur arte mantendu denez, hau berau erabili ohi dute.
Hala ere, erregela orokor bezala esan genezake kaleko jantziz egin izan direla eta XX. mendetik aurrera gertatu dela XIX.eko janzkera honen mantentzea dantza hauek egiteko.
Ezpata dantzak (Zumarraga, Durango, Lesaka
)
Honetarako, eta soilik gizonezkoek eginiko dantzak direnez, Erritualetarako jantzi txuri izenda dezakeguna erabiliko da oinarrian: alkandora, fraka eta abarketa zuriak. Gainean Txapela, gerriko eta zinta gorriak paratzen ditu dantzariak eta askotan zintzarriak (oihal edo larru batean josiak), eskapularioak eta kolore desberdinetako bandak bularrean jarri ohi dituzte.
Beste talde dantzak, (Zinta Dantzak,Brokel Dantzak, Araba eta Nafarroako Erriberako dantzak, Otsagikoak, Lanestosakoak
)
Gehien bat, gizonek eginiko dantzak izan dira. Erabiltzen dituzten jantziek, oinarrian fraka eta alkandora zuriak dauzkate, baina gainean koloredun zintak eta zapiak, zintzarriak, gonak, kapela bereziak
eta abar paratzen dituzte.
Inauteriak (Betelu, Lizartza, Luzaide, Lapurdi, Zuberoa
)
Inauterietan, dantzez gain, beste errepresentazio batzuk ere egin ohi dira. Inauteri garaian, gure lurraldean zehar ibiliz gero, jantzi mota desberdinak ikusiko ditugu. Alde batetik, mozorro izendatuak izango genituzke. Baina badira beste jantzi batzuk, soilik dantzariek erabiliko dituztenak, alegia. Horiexek izango dira, hain zuzen ere ematen ari garen panoramikan kokatu beharko genituzkeenak. Inauterietako dantzarien jantziak deskribatzea ez zaigu aurreko ataletan bezain erraz gertatuko. Kasu hauetan, dantzariek ere, nolabait, inauteriaren ezaugarriak daramatzate beren jantzietan eta aldaketak eman ohi dira leku batetik bestera eta dantzariaren zereginaren arabera.
Inauteri batzuetan, beste edozein festatan bezala, talde dantzak egiten dira. Hauek egiteko, aurrean deskribaturiko jantziekin zerikusi handia dutenak ikusi ahal izango ditugu. Adibidez, Gipuzkoako Lizartza herrian, oinarrian janzki zuria eramaten dute eta gainean mantua jarri ohi dute.
Beste batzuetan, berriz, inauterian egiten den errepresentazioaren partaide dira dantzariak eta bakoitzak bere pertsonaiari dagokion jantzia eramango du, adibidez Zuberoako Maskaradan: Txerreroa, Zamaltzaina, Kantiniersa
Konpartsa moduan ateratzen direnak ere badira, dantzariak eta beste pertsonaiek osaturiko segidan. Adibiderik argienak Lapurdin eta Baxenafarroan aurkituko ditugu.
Inauterietako dantzarien jantzietan zintak, zintzarriak, koloredun zapiak, banda gurutzatuak eta bereziki, oso apainduriko kapelak ikus ditzakegu. Janzki zuria izan ohi da, ordea, gehienek oinarrian izango dutena.
Beste pertsonaia batzuenek, berriz, militarren jantzien ezaugarriak izango dituzte goiko aldeari begiratzen badiogu: kasakak. Oinetan, ordea, abarketak zintaz eta brodatuz apainduko dituzte. Bitxien erabilera ere oso zabaldurik dago: Luzaideko dantzarien alkandoretako paparretan, Zuberoako dantzarien polainetan
Auñamendiko bailaretako jantziak
Euskal Herriko beste tokietan ez bezala, Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkariko bailaretan tradiziozko jantziak mantendu dituzte gaur egundaino. Hauek ez dira bereziki dantzarako jantziak, nahiz eta horretarako ere erabili izan. Ezaugarri bereziak dituzte, eta oso loturik daude Mediterraneo aldean aurki ditzakegun jantziekin.
Emakumea dantzan
Gauza jakina da, gure tradiziozko dantzen panoraman emakumezkoek ez dutela protagonismo handirik izan. Geratu zaizkigu, ordea, Eaurtan edota Lekeition esate baterako, adibide batzuk. Baina, oro har, emakumezkoa beti gizonezkoaren aldamenean agertu zaigu dantzan.
Beraz, erabiltzen dituzten jantziak, gehienetan janzkera zibilean dute beren oinarria. Hala ere, elementu bereziak azaltzen dituzte: mantuak, xingolak
Dantzari taldeak- gaur egun ezagutzen ditugunen tankerakoak, alegia- sortzen hasi zirenean, ordea, emakumezkoa ere gizonezkoen dantzak egiten hasi zen eta horretarako poxpolin izeneko jantzia janzten hasi zen. Jantzi honen ezaugarriak, Kantauri itsasoaren ertzean dauden lurraldeetan aurki daitezkeenaren antzekoak dira: gonagorria, gorontza beltza, alkandora zuria, buruko zapi zuria, mantal beltza eta oinetan abarkak artilezko galtzerdiekin edota abarketa zuriak zinta gorriekin apaindurik.
Halere, XX. mendean zehar aldaketa asko jasan ditu. Esate baterako, gonaren eta mantalaren luzean baita oihalen kalitate eta koloreetan ere. Bestalde, gona gorriak berdeekin tartekatu izan dira. Gona gorontza eta barruko frakak agerian eta zinta gorriak dituztelarik azaltzeko joera handia ere izan da. Garapen honek, ordea, azken urte hauetan, zenbait dantza taldeen joerari begiratuz, atzera egin du eta oinarrietara itzultzeko saioak ikusi dira. Material eta diseinuaren aldetik, eredu zaharretara jotzeko ohitura zabaltzen ari dela esan daiteke.
Bestalde, emakumea dantzan agertu izan da, lehen esan bezala, XIX. mendeko janzkeran oinarrituriko jantziekin eta baita, dantzarako soilik erabili ez badira ere, Baserritar eta Arrantzale jantziekin ere.
Eskenatoki eta oholtzetan erabilitako jantziak
Aurrean eginiko sailkapena eskenatoki edo oholtzetara egokitzea, zailagoa egingo zaigu, baldintzapen desberdinak aurkituko baititugu.
Izan ere, ikuskizunaren izaera kontuan hartu behar da. Batzuetan dantza bere horretan eta ohiko jantziekin ikus badaiteke ere, badira beste modu batzuk. Hala nola, toki desberdinetako dantzak nahasian ematen diren ikuskizunak, giro berezia eta eszenifikazio zehatzak dituztenak, sormen lana ere badutenak
eta abar.
Tradiziozko dantzen aurkezpena, beraz, era askotan egin izan bada eta egiten bada, dantzariek daramatzaten jantziak ere honekin akordioan joango dira. Horregatik ikuskizun batean agertzen diren jantzi guztiak ezin izango ditugu tradiziozkotzat hartu. Batzuek inspirazioa jantzi tradizional hauetan hartzen badute ere, sormen lana ere badute.
Horregatik eta XX. mendearen lehenengo laurdenean dantza tradizionaletan oinarrituriko ikuskizunek indarra hartzen hasi zirenetik, hauetan erabilitako jantziek markatu izan dute dantzari talde askotan erabilitakoen itxura. Honek gure jantzi tradizionalen esparruan aldaketa sakona ekarri zuen
Izan ere, antzokian edota oholtzan agertzen ziren dantzek eta jantziek tradiziozkoak zirenen oinarria bazuten ere, itxura aldatzen hasi ziren bai oihalen kolore eta kalitatean, baita diseinuan ere. Hau dela eta jantzi tradizionalen garapenak bi bide hartu zituen. Alde batetik, tokian tokiko dantzak egiten zituztenen jantziek, zalantzarik ez dago, garapena izan zuten ekonomiak, egoera sozialak, modak, erlijioak, eta abarren eraginez. Esan dezagun garapen hau naturaltzat har genezakeela. Beste alde batetik, berriz, dantzari taldeek antzoki eta taula gainean egiteko dantza zerrenda osatzen zuten eta hasiera batean moldaketak zirela eta, beranduago egoera ekonomikoaren eragina eta azkenik informazio eta erreferente faltak, tartean politika ere sartu behar dugularik (lehen esan bezala Franquismoak eragin bortitza izan zuen), XX. mende erdirako oinarrizko jantziekin zerikusi gutxi zeukaten jantziak aurkezten ziren tradiziozko euskal jantzi izendapenarekin.
Eredu bereziak sortu ziren, beraz, eta gaur egun arte bilakaera desberdinak izan dituzte Taldeen arabera. Askok eta askok, batak besteari kopiatu izan diote, oinarrian zegoen janzkera ezagutu ere egin gabe. Eta kopiatuaren kopiatuak azkenean itxuraldatze sakonak eragin dituela ezin ukatu.
60ko hamarkadan, J.A.Urbeltzek zuzenduriko ikerketen eraginez, galtzear zeuden zenbait jantzi eta janzkera eskuratu ahal izan ziren eta jendaurrean azaldu. Honen ondoren, joera honi atxikitako mugimendu bat sortu zen eta gaur egun ere finko dirau.
Hala ere, eta gure kulturaren panoraman dantzen arloari begirune gutxi zaiolakoan nago, ez behintzat munduko beste zenbait tokitan aurki dezakegunaren mailakoa. Eta dantzari loturik, jantziari dagokionari, bereziki utzita eta ahaztuta izateaz gain, ez zaio behar duen garrantzia ematen. Horregatik, honen inguruan egiten diren ikerketek laguntza eta bultzada gutxi jasotzen dute. Azalkeriatzat hartzen du askok eta hain zuzen ere azalkeria dela deritzot jarrera honi. Gure janzkera gure izatearen zati garrantzitsu da, hizkuntza eta beste espresiobide guztien pareko. Eman diezaiogun, bada, behar duen tokia gure kulturaren barruan.
Dokumentuaren akzioak