Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jantziek kontatutako historia

Dokumentuaren akzioak

Jantziek kontatutako historia

Euskal jantzi tradizionalei buruzko liburua idatzi du Ane Albisu filologoak

Egilea
Ainara Arratibel
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2006/07/04

Argia dantza taldeko kide gisa, aspalditik zeraman Ane Albisuk euskal jantzi tradizionalak ikertzen: «Jantzi tradizionalen bilduma eginda genuen. Bestalde, ikertua geneukan azken janzkera tradizionala: XIX. mendeko nekazariena», dio Ane Albisuk. Dantza taldeetan, beraz, lana apur bat eginda zegoen. Herritarren artean, ordea, ezjakintasuna eta nahasmena handia ziren. «Baserritar jantzia gure kulturaren ordezkaria, adierazlea izan zen urte askoan. Baina, haren bilakaeran izan zituen aldaketa batzuk zirela eta, egoera batzuetarako ez zen jantzi dotorea, duina, eta horrek beharrak bultzatu gintuen XIX. mendeko janzkera zibilean oinarrituriko jantziak egitera. Gaur egun bezala, egoeraren arabera modu batera edo bestera janzten ziren garai hartako nekazariak, eta horri eutsi nahi izan genion gure proposamena egitean». Hutsune hori betetzeko sortu zen Atondu ekimena, eta, esan bezala, baserritar jantzia abiapuntu gisa harturik, XIX. mendeko jantzietan oinarriturikoak kaleratzen hasi ziren.

XIX. mendetik hona gertatutakoaren ikerketa sakona egin beharra zegoen orduko egoera ulertu ahal izateko: «Gure helburua ez zen euskal jantzien historia egitea. Gainera, ezinbestekoa iruditzen zitzaigun gure lana garai batean finkatzea». Dena den, aurreko garaietako zertzelada batzuk ere ematen dituzte liburuan: «XIX. mendetik aurrera gertatutakoa ulertzeko, ezinbestekoa zen aldez aurretik gertatutakoaren inguruko datu batzuk izatea». Izan ere, euskal jantzi eta janzkeraren historia luzea eta aberatsa da. Euskal jantziei buruzko lehen aipamen idatzia Estrabon (K.a. 58-K.o. 25) greziar geografoak egin zuen, Geografia III Iberia liburuan. Hark zioenez, gizonak beltzez janzten ziren, eta kapa bat zeramaten soinean. Halaber, oihal bat ipintzen zuten bekokian, ile luzeari eusteko. Emakumeek landare zuntzez egindako soinekoak erabiltzen zituzten, batez ere. Horrekin batera, ezkongabeek ile motza izaten zuten, eta ezkonduek burugainekoa. Oinetakoak, berriz, abarken antzekoak ziren. Beste hainbat margolari, idazle eta bidaiariren lanetan ere ikusi dira euskal jantzien inguruko erreferentziak: Aimeric Picaud, Aita Larramendi, Cesare Velio...

Dena den, benetako aldaketa XIX. mendetik aurrera gertatu zen. Gizaldi hartan bi gertaera historiko garrantzitsu izan ziren: industrializazioa eta karlistaldiak. Horrek gure tradizioen galera ekarriko zuela ematen zuen. Horri erantzuteko asmoz, abertzaletasuna sortu zen: «Horri lotuta, baserritar jantzia gure tradizioen adierazle nagusietakoa bihurtu zen. Kaletarrak ere baserritarrez janzten ziren. Hain zuzen ere, ordutik datorkigu duela gutxira arte bizi izan dugun egoera». Aipaturiko XIX. mendeko janzkera zibil hori ez zen jantzi zehatz batez osaturiko multzoa, gerora baserritar jantziarekin gertatu zen moduan. Halaber, baziren festetan eta dantzan erabiltzen ziren jantziak. XX. mendearen hasieran, beraz, janzkera zibila, tradizioko jantziek osaturikoa, erromerietan erabiltzen hasi ziren; baserritar jantzia eta moda jantziak zeuden. Moda indarra hartzen hasi zen, eta nekazari giroan ere hedatu zen. Hala, janzkera zibila eraldatzen hasi zen: «Zapiak, txapelak eta abarkek iraun zuten soilik».

Modaren eragina hain zen garrantzitsua XX. mende hasieran, adineko jendeak baino ez zion eusten XIX. mendeko janzkerari. «Gainerakoek erromerietan eta jaietan baino ez zituzten erabiltzen. Ospakizun haien ikurra zen». Dantzari taldeak ere orduantxe hasi ziren garrantzia hartzen. Horrenbestez, bi jantzi nagusitu ziren: baserritar jantzia eta dantzarako jantzia. Dantzarako, gizonek jantzi zuria eta gerriko eta txapel gorria erabiltzen zituzten; emakumeek, berriz, Atlantiko osoan oso hedatua dagoen gona gorria: «Horrekin garbi ikusten da jantzi batzuk bereziak izan arren gehienetan beste herrialdeetako jantziekin antz handia dutela». Liburuan jasotzen denez, Aragoiko, Landetako, Biarnoko, Kantabriako eta Galiziako jantziak eta janzkerak hemengoen oso antzekoak dira.

GONAK, HITZEN PARTEZ. Eta 1936an, Espainiako gerrahasi zen. Euskal ohitura eta tradizioei lotutako guztia debekatu egin zuten. «Janzkerekin eta jantziekin ,halere, ez zen horrela izan». Dantza taldeek zerikusi handia izan zuten horretan. Izan ere, trabak traba, beren ikuskizunei eusten zieten. Haiek erabiltzen zituzten jantzi eta janzkerak ziren euskal tradizioen erakusle bakarrak. Gerraren ondorengo urteak ere zailak izan ziren, Francok debekuei eutsi baitzien. Jantziekin, ordea, ez zen hain zorrotza izan: «Jantzien bidez adierazten zuen jendeak hitzen bidez adierazi ezin zuena».

90eko hamarkadan, aldiz, Atondu ekimena sortu zenetik, mugimendu bat sortu zen baserritar jantziaren inguruan, eta batez ere emakumezkoen jantzietan izan zuen eragina. Ordura arte ikusi ez ziren jantzi asko sortu ziren. «Horien inguruan fenomeno bitxi bat gertatu da. Izan ere, berriak izan arren, tradizionalak balira bezala saltzen dira, horrek balio erantsia ematen baitio jendeari. Gainera, asko eta asko fabriketan egiten dira. Gure iritziz, ordea, euskal jantzi tradizional bat egitea ez da nolanahiko kontua: ikerketa lan handia eskatzen du. Argazki edo irudi batekin ez da nahikoa». Dena den, etorkizunari begira baikor da: «Gero eta jende gehiago dago horrekin kezkatua». Hori dela eta, aspalditik dabiltza garai bateko jantziak berritzen. Lan horren hainbat adibide bildu ditu liburuan.

Atontzeko moduarekin ere badute zeregina. Kezkagarria iruditzen zaio, adibidez, buruko zapiarekin gertatutakoa: «Jantziaren osagarri garrantzitsuenetakoa da, eta galtzekotan egon da». Hori dela eta, aipamen berezia egiten dio liburuan. Antzeko zerbait gertatzen da jantziaren beste osagaiekin: «Jantzi egokia izatea bezain garrantzitsua da behar bezala janztea». Harrigarriak iruditzen zaizkio gaur egun ikusten diren hainbat ohitura: baserritar jantzia abarkekin eraman beharrean kiroletako oinetakoekin eramatea, edo gizonak emakumez janztea eta alderantziz.

Liburua ardatz hartuta, hitzaldiak emango ditu Albisuk Euskal Herrian zehar.

############

LiBuruarI Buruz

Izenburua: Atondu, XXI . menderako proposamena.

Egilea: Ane Albisu.

Saila: Ondarea.

Argitaletxea: Elkar.

Salneurria: 29,30 euro.

Orrialde kopurua: 152 orrialde.

############

Dokumentuaren akzioak