Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jantziak egiteko esku eta buru falta

Dokumentuaren akzioak

Jantziak egiteko esku eta buru falta

Euskal dantzetako ezaugarririk garrantzitsuenetako bat jantziak dira. Baina geroz eta dantza talde gehiagok zailtasunak dituzte behar bezala beztitzeko.
Egilea
Julene Muruaga Hiriart
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2024/10/09
Lotura
Berria
Begiraleak elkarteko jantzien lokala, Donibane Lohizunen, Lapurdin. PATXI BELTZAIZ
Begiraleak elkarteko jantzien lokala, Donibane Lohizunen, Lapurdin. PATXI BELTZAIZ
Euskal dantzako emanaldi bat egiteko, hainbat osagai behar da: dantzatzeko leku bat, edozein; dantzari andana bat —bistan da, ahalaz, onak—; musika, xantza dutenentzat musikariak; eta nola ez, jantziak. Euskal dantzako jantziek, dantzen elementu garrantzitsua izateaz gain, Euskal Herriko ohiturak eta balioak islatzen dituzte. Dantzak bezala, lurralde bakoitzak bere berezitasunak ditu, ospatzen dituzten gertakariei lotuak direnak gehienetan. Jantzi panel aberatsa du euskal dantzak, baina dantza taldeek geroz eta zailtasun gehiago dute dantzariak behar bezala jantzi eta beharrezkoa den tresneria lortzeko.

Ane Albisu, euskal jantzietan aditua, euskal jantziei buruzko tesi bat idazten aritu da azken urteotan, bereziki baserritarren jantziei buruzkoa. Hego Euskal Herriko dantza talde anitzekin harremanetan da, eta ohartu da jantzien inguruko hainbat arazo badirela, taldeek ez dituztela beharrezko jantziak, edo, beste zenbaitetan, ez dutela jantzi askirik. Jantzi eskas hori, batez ere, jostunen kopuruaren murriztearekin lotzen du: «Lehen, taldeetan beti baziren jostunak. Jende gehiagok zekien josten, eskolan irakatsia baitzen; gaur, ordea, jada ez». Albisu ez da jostuna, baina josten badaki; oso gazte zelarik ikasi zuen, eta bere burua beti orratz batekin ikusi du; bere belaunaldiko emazte guziak bezala, irakasten gelditu zuten arte. 

«Kontua da garai bateko euskal dantza taldeetan, askotan, amak edo amonak izaten zirela josten zutenak. Baina, egun, amek eta amonek ez dakite josten, edo oso gutik dakite. Pertsona oso jakin batzuek menderatzen dute», azaldu du Albisuk. Segitu du kontatuz bere gaztetako dantza taldean jantzi bat konpondu edo josi behar zelarik dantzariei ere eskatzen zitzaiela, suposatzen baitzen denek zekitela josten.

jantziak
Irungo Jostunak denda, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU

Ipar Euskal Herriko dantza taldeetan antzeko egoera dela pentsatzen du Pierre Latasa Goia Iparraldeko Dantzarien Biltzarreko (IDB) langile eta Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Begiraleak elkarteko arduradunak. Bi multzo nagusi bereizi ditu Ipar Euskal Herriko taldeen artean: alde batetik, taldean jostunak dituztenak eta, ondorioz, denentzat jantzi «eder» eta «landuak» egitea lortzen dutenak; eta bestalde, «jantzi eskasa» duten taldeak eta, ondorioz, beste alternatiba batzuk pentsatu behar dituztenak. Jantziak erosi, dantza emanaldi osoa ber jantziarekin egin, edo beste talde batzuen jantziak erabiltzen dituzte gehienetan.

ANE ALBISUEuskal jantzietan aditua

Baina jantziak erostea ez da hain «erraza». Latasak erran duenez, Euskal Herrian euskal dantzako jantziak erosteko hautu oso guti bada: «Ipar Euskal Herrian bakarra bada, Hendaian [Lapurdi], eta Hego Euskal Herrian hainbat denda badira, baina gehienetan baserritar jantziak baizik ez dituzte proposatzen; ez dira bortxaz egokiak». Horrez gain, talde oso bat janzteko prezioak «fite» igaiten direla dio IDBko langileak, eta taldeek ez dutela baitezpada ahalik. Albisuk azaldu du ber arazoa gertatzen dela oihalekin eta, orokorrean, euskal dantzako jantziak edo tresnak egiteko materialarekin: oihalaren eskuragarritasuna apaltzea, materialaren prezioa, kalitate falta, eta abar.

Burmuinetik eskuetara

Eskulanen jakintza galtzea arazo bat da, eta euskal jantziak egiteko jakintzaren galera, beste bat. «Josten dakiten guti horiek, anitzetan, ez dakite baitezpada nola euskal jantziak egin; ez zaie irakatsi. Ez dakite patroiak egiten», esplikatu du Albisuk. Horrez gain, «eredu falta» badela pentsatzen du, ikasi nahiko lukeenak ez duela jakinen non xerkatu, nori fidatu, nork egia duen... Hain zuzen ere, euskal dantzako jantziek arauak eta kodeak dituzte, denborarekin «galtzen» direnak, Albisuren arabera.

Horren lekuko da Annie Ager barkoxtarra. Beste leku guzietan bezala, Zuberoan ere talde guziek ez dute behar beste jantzi dantzari guzientzat. Jantziez gain, detailea badirudi ere, Aintzindariek janzten dituzten galtzerdi luze zuriak faltan dira, ez baita kasik nehor hori egiten dakienik. Ez da Annie Agerren kasua; Zuberoan bakarra da galtzerdi horiek trikotatzen dakiena. Agerrek dioen bezala, «teknika zehatz bat» menderatu behar da galtzerdi horiek egiteko. Agerrek berak 25 bat urterekin ikasi zuen galtzerdiak trikotatzen, Barkoxen (Zuberoa), bere herrian, pastorala emanen zuten garaian. Herriko bi emaztek erakatsi zioten galtzerdi horiek trikotatzen; orduan bakarra izan zen hori ikasi zuena.

PAGOLAKO MASKARADA
Pagolako Maskaradako dantzariak, 2024ko neguan. PATXI BELTZAIZ

Teknika ezagutzen duen bakarra da, eta ez da erraz lurralde oso bateko dantzarientzat galtzerdiak trikotatzea, jakinez, gainera, denbora anitz behar dela: «Uda honetan trikotatu dut, eta galtzerdi bakar bat egitea lortu dut, ezta pare bat ere! Biziki luzea da, baita konplikatua ere. Ez da huts egin behar!». Bere jakintza partekatu nahiko luke barkoxtarrak, «garrantzitsua» iruditzen baitzaio; ez badu beste nehork ikasten, ez daki nork eginen dituen lan horiek aurrerantzean. Alabari irakasten hasi zen, baina «fite» utzi duela aitortu du, «denbora eta lan anitz» eskatzen duelako. Heldu den urtean Barkoxeko herritarrek emanen dute Zuberoako pastorala, eta, berak ikasi zuen moduan, espero du pastoralaren giroan gazteak «hurbilduko» eta «lotuko» direla galtzerdiak trikotatzeko, eta, orokorrago, jantzien egiteko.

«Beti partekatzea izan da ohitura, baina uste dut badela gogoa materiala eta jantziak elkartzeko lanketa bat egiteko ere»

ANNIE AGERAitzindarien galtzerdien trikotatzailea

Elkar laguntzea

Jantzi eta tresnen falta ahalik eta gehien saihesteko, euskal dantza taldeak elkarlanean aritzen dira; sare bezalako bat bada. Talde batek besteari behar duena prestatzen edo partekatzen dio. Albisuk argi ikusten du Euskal Herriko hainbat talderen artean harremana badela besteak laguntzeko, gogoa, jakintza eta materiala kontuan hartuta: «Anitzetan, beste taldeek galdetzen digute: ‘Eta jantzi hau nork egin dizue?’. Eta guk erraten diegu: ‘Halakok egin digu, eta esango diot zuek ere behar duzuela’. Alderantziz ere gertatzen da». 

jantziak
Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Begiraleak elkarteko jantzien lokala. PATXI BELTZAIZ

«Betidanik», jantziak herriz herri partekatzeko ohitura ere bada Zuberoan; dena batzeko nahia badela ikusten du Agerrek: «Beti partekatzea izan da ohitura, baina uste dut badela gogoa materiala eta jantziak elkartzeko lanketa bat egiteko ere. Orain, zinez landu behar duguna da, bereziki, pastoraletako jantzi guziak batzea, emanaldirako anitz egiten baitira, eta, behin erabiliak, betiko lo egoten dira». 

Iparraldeko Dantzarien Biltzarraren kasuan, langileek argi dute arazo bat badela, eta, horregatik, horren inguruko lanketak egiten ari dira azken urteotan. Iaz, adibidez, josketa ikastaroak proposatu zituzten, eta formakuntza ikastaroak antolatu zituzten dantza taldeei zuzenduta. Latasaren arabera, helburua baita talde bakoitza bere jantziak egiteko gai izatea, «arauak eta kodeak errespetatuz».

Dokumentuaren akzioak