Dokumentuaren akzioak
Jantzi tradizionalak berbagai Busturian
Ane Albisuk hitzaldia emango du barikuan eta egoeraren arabera nola jantzi aholkatuko ditu herritarrak, besteak beste.
Jantziak, kulturaren sinbolo
Tradiziozko jantzien erabilerak hainbat zentzu dituela uste du Ane Albisuk.
«Gaur egun, bereziki, jantzi hauek dantzarako edo jaietarako erabiltzen dira; baina atzera begira, XX.mendean, baserritarren jantziak eta beste zenbait jantzi gure kulturaren sinbolo gisa erabili izan dira». Albisu eta bere taldearen lana garai hartako jantziak gaur egunera moldatzea da. «Tradizioz jantzi diren elementuak eta formak erabiltzen ditugu baina, beti ere, gaur egunera egokituak. Kontuan izan behar da gaur egun janzteko direla. Guk proposamen bakoitzerako egokitzen dugu jantzia».
Liburua
Ane Albisuk liburu bat ere kaleratu du: `Atondu, XXI.menderako proposamena´. Bere esanetan, «liburua baino gehiago proiektu bat da».
Liburu horretan, tradiziozko jantzi batek gaur egungo gizartean jokatzen duen rola aztertzen da. Bestalde, XX.mendean euskal jantzi tradizionalak izan duen bilakera ere azaltzen du liburuak.
Tradizioaren ezagutzatik abiatuta, etorkizunerako proposamenak aurkezten ditu Albisuk liburuan.
«Ikusi dut baserritarren, dantzarako eta abarrerako jantziekin nahaste handia dagoela». Liburuan hori eskematizatu nahi izan du, baita gaur egun kalean ikusten diren jantziak nondik datozen azaldu ere.
Liburuaren beste berezitasun bat argazkiak dira. Euskal Herriko txoko desberdinetan lortutako argazkiak biltzen ditu.
Hala ere, liburua baserritarren jantzietan oinarritzen da, eta jantzi horiek gaur egun duten erabileran. Eta, hain zuzen ere, horri buruzko hitzaldia emango du Albisuk.
«Buruko zapiari indar gehiago eman behar zaiola uste dut»
Irakastera dator Albisu Busturira baina, aldi berean, jendearen laguntzagaz ikasteko asmoa ere badu.
Ane Albisu Iriarte Donostian jaio zen, 1960an. Euskal Filologian lizentziatua, eta Ikerfolk elkarteko kidea da Albisu.
Noiz eta nola hasi zinen euskal jantziekin lanean?
Oker ez banago, 1976. urtean hasi nintzen euskal jantziak ikertzen, Donostiako Antiguoko Jakintza dantza taldean sartu nintzenean. Bertan hasi nintzen arlo horretaz arduratzen. Baina jantziak diseinatzearena aurrekoa da. Amak paperontzira botatzen zituenekin jantziak diseinatzen nituen umetan.
Zer entzun ahal izango da Busturian emango duzun hitzaldian?
Baserritar jantzien gaur egungo egoeraz mintzatuko naiz, kontuan izanik nekazarien janzkeratik eratorritako ak direla. Euskal jantzia prestatzeak edo atontzeak duen garrantzia ere azalduko dut. Busturira jendeari nire lana erakustera nator baina, aldi berean, ikastera ere. Bizkaian oso ondo gordetzen dira tradiziozko gauzak, eta ziur nago Busturian norbaitek zerbait berria irakatsiko didala.
Zeintzuk dira euskal jantziaren ezaugarriak?
Argi izan behar dugu euskal jantziaren garrantzia burutik hasten dela. Buruko zapia eta txapela oso garrantzitsuak dira Euskal Herrian; gainera, ondo jarrita ez dira motz gelditzen. Bestela, jantzi tradizional batek edo baserritarren jantziak osagai asko ditu. Bertan ekoiztutakoak, zein kanpotik ekarritakoak. Biak nahasten dira.
Dokumentuaren akzioak