Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jantzi, mozorrotu eta nortasunak

Dokumentuaren akzioak

Jantzi, mozorrotu eta nortasunak

Patxi Azparren Olaizola / Antropologian litzentziaduna

Autoestima oso ona da, dominak batzuetan erakustea ez dator gaizki. Halere, oraingo honetan, nire ustez, albo batera jotzea tokatzen zaigu. Ikusi behar dugu, entzun, eta batik bat, egiten utzi behar dugu. Horrela elkarri hobeto ulertuko diogu.
Egilea
Patxi Azparren Olaizola
Komunikabidea
Naiz
Mota
Iritzia
Data
2018/04/24
Lotura
Naiz

Euskal diasporako "dekanoa" dugun Mikel Ezkerro euskal-argentinarra, Argentinako Euskal Etxeetatik birak egiten dituenean, behin baino gehiagotan kexu azaldu da gazteei "euskal dantzariz mozorrotu" esaldia entzutean. "Jantzi" aditza "mozorrotu" aditzaz ordezkatzea biziki mingarria egiten zaio eta. Sarritan, dantzaldien ondorengo otorduetan egin ohi diren solasaldietan Mikelek errieta egiten die bertaratutakoei.

Neu ere adinean aurrera egiten ari naizelarik, gazteekiko belaunaldi-jauzia antzematen ari naiz eta esaterako, San Tomas eta bestelako jai "tradizionaletan", Ezkerro jaunak ukan dituen antzeko egoerak ere bizi izan ditut.

Jakin badakit tradizioek kulturari aurre hartzea adierazpen kezkagarria dela. Izan ere, bizirik dagoen kultura bat etengabe berrasmatzeko eta berritzeko gai da eta fosilizatzen hasita dagoena, aldiz, mitifikatutako iragan idiliko baten zurrunbiloan itotzen da.

Jakitun naiz ere, euskal abertzale askoren erreferentzia estetiko indartsuenak XIX.mendeko baserritar, laborari, arrantzale eta behargin Euskal Herrian dugula. Hori dela eta, iragan den mendeko euskaldunok jaietan ez gara baserritar "mozorrotzen", "janzten" baino. Gure belarrietan irain kutsua hartzen duen "mozorrotu" aditzak, baina ez dugu ikasi sentimendu horren jatorria zein den ondo adierazten eta gazte askok ez dute dagoeneko ulertzen.

XX. mendekoontzat XIX. mendeko erreferentziek aiton-amonen munduraino eraman gaitzakete, hots, fisikoki ezagutu eta maitatu ditugu pertsonenganaino. Belaunaldien gaindiko transmisio funtsezkoa da, gure espeziaren ezaugarri nagusienetarikoa baita. Desagertu den mundu horren ezaugarriak, baloreak, bizipenak ezagutzea oso baliagarria da.

Dena den, egun, non bilakaera historikoa bizkortu den, hori bezain garrantzitsua da belaunaldi berrien sentimendu eta beharrak ulertzeko ahalegina egitea. Hainbat arrazoirengatik, gure nortasunaren muina diren erreferenteak oso urrun daudelako.

Gure gazte urteetan aiton-amonen tradizioak berrinterpretatzeko eta eredu berriak eta propioak asmatzeko gai izan ginen. Kalea berreskuratu genuen, jai herrikoiak berrasmatu ziren. Erreferentzia ugari izanda ere, haustura-jarraipena ariketa egitea lortu genuen eta euskal kultura euskarri erakargarria izatea lortu zen.

Igandero mezetara joaten ziren aiton-amonen begietan guk egiten genuena astakeria zen, zalantzarik ez. Ikusten ez zituztenak ikustekotan, izutuko ziren, baina gure ustez gu egiten ari ginena euskal kultura zen, eta ze demonio! Arrazoia genuen. Mundu anglosaxoniarretik indartsu zetozen korronteak euskal munduan kokatzeko gauza izan ginen, hiri-leinuak ere euskal munduan kokatu ahal izan ziren.

Autoestima oso ona da, dominak batzuetan erakustea ez dator gaizki. Halere, oraingo honetan, nire ustez, albo batera jotzea tokatzen zaigu. Ikusi behar dugu, entzun, eta batik bat, egiten utzi behar dugu. Horrela elkarri hobeto ulertuko diogu.

Tresna bideratu behar dira belaunaldi berriek euren ahalduntze-prozesuak , euren sortze-ariketak egin ahal izan ditzaten. Noski, gure betaurrekoak eskaini behar dizkiegu, nahi dutenean, tarteka, horietatik begiradatxo bat bota dezaten, haiek sortu behar dituzte euren erreferentziak, ordea. Euskal Kulturak bizirik jarraitzeko, XXI.mendekoek lekukoa hartu behar dute; euskararen erabileraren-tasa handitzeko, haiek hartu behar dute ardura... eta euskal politikagintzan ariketa berriak egin ahal izateko, gazteak lehenengo lerrora igaro behar dira.

Dokumentuaren akzioak