Dokumentuaren akzioak
Jalgi hadi erromeriara!
Erromeria nazionala antolatu dute Euskal Dantzarien Biltzarrak eta Iremine taldeak; Berrizen egingo dute, hilaren 26an
Oraingoan ere hala izatea espero dute antolatzaileek. Berrizen jarri dute hitzordua, hilaren 26an. Goizean goiz hasiko da festa. Elizondotik abiatuko dira kalejiran Olakuetako plazaraino. Xabier Amuriza ariko da bertan aurkezle lanean, eta Eneritz- Edurtzeta eta Etxeberria-Arrizabalaga trikitilari bikoteek dantzan jarriko dute plaza, Bizkaiko gaiteroek eta albokariek lagunduta. Arin-arinak, fandagoak, mutxikoak eta bestelako dantzek hartuko dute Berrizko plaza nagusia.
Tapia eta Leturia ariko dira
Eguerdi aldera herri bazkaria egingo dute kiroldegian, dantzarako eta festarako indarrak hartuko dituzte dantzari profesionalek eta afizionatuek. Arratsaldeko seiak aldera hasiko da erromeria nazionala; Euskal Herriko herrialde bakoitzeko trikitilari bikoteez gainera, Tapia eta Leuria ere ariko dira. Eta jaiak aurrera egingo du, jendea alaituz joango da, giroa berotuz. Herria dantzan. Festa, gainera, goizeko ordu txikiak arte luzatuko da, Berrizko Ene Bada taldea arduratuko da jai giroa behar beste iraunarazteaz.
Betiko erromeriak oraingo garaira ekarri nahi ditu Euskal Dantzarien Biltzarrak. Eta horretarako dantzan trebeak ez direnen parte-hartzea ere ezinbestekotzat jo dute. «Berrizen bildutako guztiek dantza egitea da kontua», azpimarratu du Jose Juan Ugalde antolatzaileak. Horretarako, zenbait ikastaro antolatu dituzte Berriz inguruan. Iremine Berrizko dantza taldeak eman ditu. Ikastaroetan parte hartzerik izan ez dutenek, hala ere, izango dute egun osoan dantza egiten ikasteko aukera. Fandango, arin-arin, mutxiko eta bestelako plazako dantzen doinura, hankak eta besoak zelan mugitu irakatsiko diete Iremineko dantzariek. Tradizio handiko taldea da Iremine, urteak daramatza lanean, eta «ilusio handiz» hartu du Jalgi hadi dantzara! ekimena Berrizen egiteko eskaintza, Xabier Amurizak esan duenez. Sasoi bateko erromeriak ezagutu zituen bertsolari bizkaitarrak. «Garai hartako bizimodua gogorra zen oso, lan handia egin behar zuen jendeak bizibidea ateratzeko, baina prest zeuden beti trikitia eta panderoa hartu eta dantzan egiteko». Urte haietako bizitzeko modua ezin berreskura daitekeela uste du Amurizak, bai, ordea, «euskaldunek betidanik izan duten dantzarako gogoa».
Bi urte barru, Amurrion
«Belaunaldi berriak dantzari lotu eta geure herriko plazak hustu ez daitezen», Arabara, Nafarrora eta Iparraldera iritsiko da ondorengo urteetan Jalgi Hadi Dantzara! ekimena. Berrizko erromeriaren atarian, hurrengo dantzaldia Amurrion egingo dutela aurreratu dute antolatzaileek.
Dokumentuaren akzioak