Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jalgi hadi Bergarako erromeriara!!!

Dokumentuaren akzioak

Jalgi hadi Bergarako erromeriara!!!

Kalejira, ikuskizunak, herri bazkaria eta dantzaldia izango dira puntako hainbat trikitilariren eskutik

Egilea
Ainara Gorostitzu
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2002/04/26

«Garai batetik hona behera egin du nabarmen Euskal Herrian plazako dantzak; maiz ikusten dugun errealitate tristea da trikitilariak eta txistulariak plazan jotzen aritzea, eta inguruan dantzan inor ez edo gutxi batzuk ibiltzea». Joxe Juan Ugaldek, Euskal dantzarien biltzarreko dantza solteko Gipuzkoako koordinatzaileak, deskribaturiko argazki horri ihes egiteko asmoz, aipaturiko biltzarrak Bergarako udalarekin eta hango hiru dantza taldeekin (Abarka elkartea, Moises Azpiazu eta Xamatz dantza taldea) elkarlanean «plazak dantzariz betetzeko asmoz», Jalgi hadi dantzara!!! ekimena antolatu du, maiatzaren 11n Bergaran ospatzeko.



Belaunaldi batetik bestera plazan dantzan egiteko ohitura igaro ez dela ikusirik, «lotura» hori egin nahi du Jalgi hadi dantzara!!! ekimenak Bergaran antolaturiko lehen erromeria nazionalarekin. «Horretarako, sortu, antolatu eta erakutsi egingo dugu», esan zuen Ugaldek.



Erromeria nazional hau dantzariak plazaratzeko urrats bat izango da, bi urtez behin, hainbat herritan antolatuko baita horrelako jaialdi bat. 2004an egingo denari begira, kokalekua Abadiño inguruan ipini dute antolatzaileek.



Goizean goiz hasi eta goizaldean berandu amaitu



Goiz- goizetik ekingo zaio maiatzaren 11ko jaialdi honi, «indarrak hartzeko gosari batekin hasiko da», eta amaiera goizeko ordu txikietan iritsiko da, Eztanda eta Trikizio musika taldeen doinuen atzetik. Egunean zehar hainbat garai eta estilotako dantzak uztartuko dira Bergaran, guztiak ere trikitixaren munduarekin harremanetan.



Tartean «punta-puntako» bost trikitilarik girotuko dituzte Bergarako kaleak, arratsaldeko 18:00etan hasiko den erromerian: Ansorregi eta Larrañagak, Elortza anaiek, Zabale-Alkorta neba arrebek, Epelde eta Larrañagak eta Edurne Iturbek eta Oihana Irastortzak. Hauen alboan Joan Mari Beltranen alboka hotsak entzungo dira, eta baita Bergarako txistularienak ere.



Eguerdi partean egingo den dantza ikuskizunaren ostean, herri bazkari bat egingo dute Bergarako erdigunean aurrez txartela eskuratzen dutenek.



Fandango, arin-arin, mutxiko eta bestelako plaza dantzen doinura, dantzan ez dakienak ere oinarrizko lehen pausoak ikasteko aukera izango du jaialdian murgiltzean, han ariko baita Patxi eta Batbiru taldea, inguratzen diren guztiei hankak eta besoak nola mugitu irakasten.



Armairutik mahoizko galtzak, gerrikoa eta txapela edo amona jantzia eta abarkak aterako dituzten Euskal Herriko bazter guztietatik etorritako milaka lagun espero dituzte lehen erromeria nazional honetan.



Mende laurdena dantzan



Bergaran antolatuko den lehen erromeria nazional honen bultzatzaileetako bat den Moises Azpiazu dantza eskolak sorreraren 25. urteurrena ospatzen du aurten, eta honi zor zaio, neurri handi batean, jaialdi hau egitea.



Hango irakaslea den Noemi Larrañagak adierazi zuenez, haurrei dantza txapelketetatik haratago beste plaza bat eskaini nahi zitzaien dantzarako, eta hortik abiatu ziren «auzo giroko» erromeriak prestatzera. Aurten, aldiz, 25. urteurrena ospatzen zela, eta «zerbait berezia» egiteko asmoz Euskal Herri mailako jaialdi handi honetan bideratu dira Gipuzkoako dantzarien biltzarrarekin harremanetan jarriz.



Txapelketa giroaren alternatibatzat aurkezturiko erromeria honetan Bergarak eman dituen txapeldunen parte hartzea ere izango da, Abarka dantza elkarteko ordezkariak jakinarazi zuenez.



Jalgi hadi dantzara!!! ekimen hau Bergaran ospatzeak ez du adierazten nazioanalak ez diren herri mailako erromeriak ezerezean geldituko direnik. Errenterian bezala, Bergaran eta beste hainbat herritan erromeriak egiten jarraituko baita gainbeheran dauden plazako dantzak eta erromeriak suspertzeko.

Dokumentuaren akzioak