Dokumentuaren akzioak
Jakituria urruna
Kritika, Moon Water
Lehen dantzariaren agerpenarekin argi geratu bazaigu haren erakustaldia garatzeko gihar-tonuak duen garrantzia, jarraian beste xehetasun batzuk antzemango ditugu berarekin dantzatzen duen neskarengan, eskuen jarrerei eta atzamar bakoitzak hartzen duen posizioari dagozkionak bereziki. Bestalde, oso zirraragarria da ikustea bien artean sortutako osotasuna elkarren arteko solas trinko eta aberats baten fruitua dela. Bikoteak, hala ere, kontrastean dantzatuko du ia denbora guztian eta gizona eta emakumea oso gutxitan ibiliko dira paraleloan.
Beranduago datozen beste ekitaldi batzuetan konpainia osoa agertuko da, koru klasikoaren antzera, lorategi bateko landareen barne-energia azaleratuz eta bat-bateko geldiune perfektuak tartekatuz beren eboluzio misteriotsuen artean. Izan ere, kolektibo horren mugimendu partekatuak arnasketa sosegatu baten antza hartzen du askotan, Bachek biolontxelo solistarako konposatu zituen sei suiteren doinuen laguntzaz.
Horrela izanik, ikusleak gozamen sakona hartuko du proposamenaren abiadura geldoan sartuz gero, eta dantzarien eboluzioekin edertasun goreneko zenbait momentu biziko ditu. Hala ere, amaiera aldera, ordura arte garbi zegoen behegaina urez estaltzen da apurka-apurka, eta gaindiezina zirudien edertasunak are gorago jotzen du uraren zurrumurruaren eta dantzarien oinek eragindako zipriztinen eraginez. Ordurako, baina, zeharo barneratuta dugu jakituriaren erritmo pausatua, eta inoiz baino zoragarriagoak iruditzen zaizkigu erabateko isiltasunean garatzen diren azken pasarteak.
Konpainia: Cloud Gate Theater of Taiwan.
Koreografia: Lin Hwai-min.
Musika: J.S. Bach.
Lekua: Bilboko Arriaga antzokia.
Eguna: Maiatzak 23.
Dokumentuaren akzioak