Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jakes Abeberryren hats luzea

Dokumentuaren akzioak

Jakes Abeberryren hats luzea

Enbatak agiria igorri du sortzaileetarikoa izan zen Jakes Abeberryren heriotzaren harira. Segidan hitzez hitz jasotzen da bere ibilbidea eta engaiamendua nabarmentzen duen idazkia.
Komunikabidea
Kazeta
Mota
Albistea
Data
2022/12/02
Lotura
Kazeta

Jakes Abeberry.

Jakes Abeberry. (© Polina Jourdain-Kobycheva)

Enbatak, astearte honetan, azaroaren 29an, Jakes Abeberry bere 92 urteko zuzendaria, galdu du. Aldizkari honen sortzailekidea 1960an, bere arima, egile nagusi eta memoria izan da. Duela guti arte, erredakzio taldearen bizian parte hartzen zuen eta bere hilabeteko Sar Hitza izenpetzen zuen.

Gure taldearentzat eta Euskal Herri osoarentzat sekulako galtzea da. Abertzaletasunaren bide urratzaileak eta Itsasuko Agiriaren idazleetarikoak, lan izigarria uzten du bere gibelean... eta lan horren gaurko bizitasuna eta jarraikitasuna loriaturik neurtzen zituen.

Bere engaiamenduaren iraunkortasunak, bere 20 urteetako sineste sendoekiko leialtasun hautsezinak, eztabaidatzaile ikaragarri baten dohainak dituen politikari gisa zituen ezaugarriek, zorigaitzaren aitzinean oldar berri baten hartzeko gaitasunak, bere suhartasun agorrezinak, hartaz jende eramale bat egiten zuten eta adibide bat gaurko eta biharko abertzaleentzat.

Behin baino gehiagotan, presondegi zigorrak bildu zituen, gibelapenarekin, eta isun handiak ezarri zizkioten Enbatari tonu askatasuna eman nahi izanagatik, poliziaren ekintza kritikatzen zuten artikuluengatik edo gaia publiko bilakatu aitzin, GALeko hiltzaileen eta frantses poliziaren arteko loturak argitaratzeagatik.

Dantza eta kantuaren alorreko eragilea, pilotari emeritua, Biarritzeko auzapezordea 1991tik 2014ra, bere hiriko bizi kulturalaren animatzailea, ekintza ekonomikoan inplikatua, zatiketa joera duen bizitza politikoan iparrorratza bai eta bateratzailea. Ez dugu sekulan lortuko bere aberria den Euskal Herriaren eta nazio eraikuntzaren zerbitzura egin dituen ekintza aniztasunaren zerrenda bukatzea.

30 urtez Biarritz Culture elkarteko presidentea izan da, Biarritzen irudia moldatu duen eta euskal sorkuntzaren sorrera lagundu duen zinezko kultur politikaren sortzailea. Hori guzia, antzerkiaren, musikaren eta bereziki dantzaren alorrean, 1991n sortu den Maitaldia - Le Temps d'Aimer festibalarekin eta 1998an, Biarritzen, Malandain Ballets Biarritz  Zentro Koreografiko Nazionalaren instalazioarekin.

Bere bizitzaren bukaeran, bere bozkariorik handienetako bat izan da, sortu zuen aldizkaria bere bidean segitzen ikustea, abertzaletasunaren mila liliek zabaltzen segitzen dutela ikustea, eta belaunaldi berriak EH Bai alderdiaren agintea hartzen ikustea,  azken eguna arte alderdiaren lana segitu dituelarik.

«Politikan, lehenik hatsa luze izan behar da», maite zuen errepikatzea. Bere ibilbidea eta bere engaiamenduak horren froga bikainak dira.

Haren ehorzketak abenduaren 5ean izanen dira, astelehenez, 14:30ean, Biarritzeko Sainte-Eugénie elizan. Ekitaldiaren bukaeran omenaldi publikoa egina izanen zaio.

Dokumentuaren akzioak