Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jaizkibel konpainiaren lana aitortuko dute

Dokumentuaren akzioak

Jaizkibel konpainiaren lana aitortuko dute

San Sebastian eguneko ospakizunak atzean utzita, kaldereroen, inudeen eta artzainen txanda dator.

Ospakizunez betetako hilabeteak dira urte hasierakoak. San Sebastian egunari atzetik doakizkio kaldereroen, inudeen eta artzainen jaiak. Hiriko kaleak kantuz betetzeaz gain, Inauteriei ongi etorria ematen diete.
Komunikabidea
Irutxuloko Hitza
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2019/02/01
Lotura
Irutxuloko Hitza

San Sebastian eguneko ospakizunak atzean utzita, kaldereroen, inudeen eta artzainen txanda dator. Joan den astean aurkeztu zituzten Donostiako udaletxean datozen asteetan hirian zehar kaleak girotzera aterako diren kaldereroen eta inude eta artzainen konpartsak.

Loiolako kaldereroak auzoko kaleetan zartaginak astintzen, 2017an. (Argazkia: Loiola K.E.)

Loiolako kaldereroak auzoko kaleetan zartaginak astintzen, 2017an. (Argazkia: Loiola K.E.)

Aurten kaldereroen hamazazpi konpartsa ibiliko dira hiriko auzoetan, iaz baino bat gutxiago. Altzako Santa Barbara konpartsak huts egingo du aurten. Hamazazpi horietatik gehienak larunbatean aterako dira.

Ia auzo guztiek dute kaldereroen konpartsa bat, eta aurten, Aiete, Altza, Amara, Antigua, Erdialdea, Egia, Gros, Herrera, Loiola, Martutene eta Parte Zaharreko kaleetan desfilatuko dute. Guztira, 4.414 herritarrek hartuko dute parte jaietan, eta horietatik 586 emakumeak izango dira, 616 gizonak, 1.652 neskak eta 1.560 mutilak.

Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionala bihar, otsailaren 2an, aterako da eta 19 tribuk osatuko dute. 21:30ean kaldereroen elkarretaratzea egingo dute Fermin Kalbeton kalean, Lasala plazaren ondoan, eta 24:45ean hasiera emango diote desfileari.

Parekidetasunari aitortza
Konpartsaren buru Hondarribiko Alarde mistoko Jaizkibel konpainiako kideak izango dira aurten. Erregina Asier Garaialde Etxaburu izango da, eta haren Damak, aldiz, Izaskun Larruskain Arbelaitz eta Miren Sagarzazu Gonzalez.

Aurkezpenean Jaizkibel konpainiako Maribel Gartzia eta Monika Miranda egon ziren, konpainiaren ordezkari gisa. Gartziak Donostian jai parekideen alde egindako lana goraipatu zuen, eta aitortu zuen «inbidia» sentitzen dutela. Era berean, Gartziak eta Mirandak Donostiako kaldereroetan parte hartuko duten herritarrak Jaizkibel konpainiaren zapia janztera animatu zituzten. Azken urteetan bezala, Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionalak oroitzapenezko txapa bat egin du. Aurtengoan, Jaizkibel konpainiaren irudia agertzen da txapan, keinu horrekin emakumeei omenaldi bat egiteko asmoz.

Aitzpea Leizaolak, Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionalaren izenean, berdintasunaren aldeko aldarrikapena egin zuen. Nabarmendu zuen duela 15 urte izan zirela kaldereroak lehen aldiz mistoak, eta azpimarratu zuen aldarriak praktikara eramatearen garrantzia. Era berean, azaldu zuen aurten ehun urte beteko direla Biktoriano Iraola Begi urdin bat abestiaren konpositorea hil zenetik.

Hungariako Galdaragileen Konpartsa Primitiboari dagokionez, Parte Zaharreko kaleetatik ibiliko da larunbatean. Aurten, azken urteetan ez bezala, ibilbidea Santa Maria basilikan hasi beharrean, Trinitate plazan hasiko du, 21:45ean. Ez da aurtengo aldaketa bakarra: konpartsak, lehen aldiz, kanpamendua Santa Marian jarriko du. Lekuak duen akustika ona dela eta, 2017an konpartsak bere ibilbidea elizan hastea erabaki zuen. Aurten pauso bat harago joango da eta Sarriegi plazan kokatzen zuen kanpamendua Santa Marian jarriko du konpartsak, 22:15ean. 250 kalderero eta ijito Parte Zaharreko kaleetan zehar arituko dira zartagin, mailu eta danbolinekin.

Kaldereroek bezala, inude eta artzainek ere garrantzia handia dute Donostiako jai egitarauan. Horrela, Artaiñu-Groseko Artzain eta Inudeek duela 18 urte jarri zuten martxan proiektua. Hasieran sei bikote atera ziren dantzatzen, eta gaur egun 40 inguruk parte hartzen dute. Igande honetan, otsailaren 3an, aterako dira kalera, eta 11:15ean hasiko dute desfilea Txofre plazatik. Parodia 12:30ean egingo dute Katalunia plazan.

Kresala konpartsa Parte Zaharrean zehar ibiliko da dantzan igandean. Euskal Herria kalean hasiko du ibilbidea 12:00etan, eta 14:30ean amaitu, toki berean. Tartean, ohikoa den antzezpena egingo dute Konstituzio plazan.

Amara eta Loiolako Erriberako kaleak hartuko ditu Amarako Ikasbide Guraso Elkartea konpartsak otsailaren 10ean. Aurten, 25 urte beteko dira Ikasbideko gurasoen konpartsa lehen aldiz atera zenetik, eta urte berezia izango da taldearentzat. Konpartsakoek aurreratu dutenez, taldea sortu zuten pertsonei omenaldia egingo diete egunean bertan. 11:30ean aterako dira Ikasbide ikastolatik, eta 14:00etan amaituko dute Probestu plazan.

Azkenik, martxoaren 2an Antiguotarrak euskal dantza taldea Antiguako kaleetatik ibiliko da dantzan. 12:00etan hasiko dira Antiguako merkatu zaharrean eta 14:30ean bukatuko dute frontoian.

Dokumentuaren akzioak