Sorterria 20 urterekin utzi zuen Jaione Albenizek (Azpeitia, 1968), eta gaur egun, Donostia eta Hernani (Gipuzkoa) artean bizi da. Txikitatik ditu pasio dantza eta antzerkia, eta bi diziplina horiek ditu ogibide eta bizimodu. Ofizioa eta afizioa eskutik helduta doaz haren eguneroko martxan. Gosaltzen ari denean ere, dantzako mugimenduak buruan bueltaka izaten dituela dio.
Aktorea eta dantzaria zara. Nolatan hasi zinen mundu horretan murgiltzen?
Betidanik eman izan dit atentzioa antzerkiak, eta dantzak ere bai; dantzak gehiago. 19 urterekin edo, Dantzerti antzerki eskolan hasi nintzen ikasten, Donostian. Lau urteko ikastaroa egin nuen han, eta antzerki eskola izanagatik, dantza ere lantzen genuen. Dantzertin lau urteak bukatu nituenean, bestelako ikastaroak egiten jarraitu nuen. Maria Martinez izeneko emakume batekin dantza garaikidea ikasten hasi nintzen, baina ez nekien hark sabel dantza ere egiten zuela. Asteburu batean, sabel dantzako ikastaro trinko bat antolatu zuen; izena eman nuen, eta erabat harrapatu ninduen sabel dantzak. Gaur arte.
Zer deskubritu zenuen ikastaro hartan?
Musikak, mugimenduak... zerbaitek harrapatu ninduen. Lehen ikastaroan, ez zitzaizkidan mugimenduak ateratzen; mugimenduak oso borobilak dira, eta oso karratua sentitzen nintzen. Hasieran kostatu arren, musika barruraino sartu zitzaidan. Badauka zerbait sabel dantzak; aurretik ere ematen zidan atentzioa.
Txikitatik datorkizu ikuskizun munduarekiko harra, beraz.
Bai, eta ez dakit zergatik. Ez da etxean transmititu didaten zerbait.
Gaztaroan Dantzertiko ikastaroa egin zenuen, gero sabel dantza lantzen hasi zinen... Eta zer etorri zen gero? Nola jarraitu zenuen mundu hori esploratzen?
Antzerkia egiten ere jarraitu nuen, baina sabel dantza ezagutu nuenetik, hori bihurtu da gehien jorratu dudan bidea. 25 urte baino gehiago daramatzat sabel dantza egiten. Aurrena sabel dantzarekin hasi nintzen, gero arabiar herrialdeetako folkloreak deskubritu nituen: India, Bollywood... Espiritu ijito samarra daukat; estetikoki ere nabaritzen zait. Dantza zingaroak ere landu nituen, flamenkoaren inguruko ikastaroren bat ere jaso dut, baina gehiago gustatzen zait oinutsik dantzatzea. Dantza ezberdinak deskubritu ditut, baita kultura ezberdinak ere. Dantzarekin hasi nintzen, baina, azkenean, horrek mundu zabalagoa deskubritzera eraman nau. Arabiera ikasten ere hasi nintzen, baina horretarako denbora behar da.
Badaukazu arabiar munduarekiko halako lotura bat.
Bai, bai. Arabiarrek ikusten nautenean, askotan marokoarra al naizen galdetzen didate [barreak].
Sabel dantza eta sexy dance ikastaroak ematen dituzu Azpeitiko Emakumeen Txokoan. Sabel dantza jende gehienak jakingo du zer den, baina zer da sexy dance?
Sexy dance sabel dantzaren antzekoa da, baina beste energia bat dauka, basatiagoa. Sexy dance ikastaroan takoiak janzten ditugu, asko ibiltzen gara, erritmoa nahiz jarrera lantzen ditugu... Mugimenduak, bestela, sabel dantzaren antzekoak dira. Gorputz zati berdintsuak mugitzen dira, baina energia basatiagoarekin.
Emakumeen Txokoko Ahalduntze Eskolen barruan ematen dituzu saioak. Dantzak balio al du emakumeak ahalduntzeko?
Bai. Sabel dantza, nire ustez, emakumeen gorputzarentzako diseinatutako dantza da. Sabel dantza egitean gorputz osoa mugitzen da: bularrak, besoak, hankak, burua... Baina sabelaren zonaldea asko mugitzen da, eta emakumeontzako onuragarria da hori hilerokoarekin gaudenean, haurdunaldian, menopausia garaian... Emakumeon bizitzan garrantzi handia duen gunea da sabel aldea. Eta orain, agian, gutxiago, baina lehen emakumeoi beti esaten ziguten balio maskulinoak eduki behar genituela. Zera esan digute bizitza guztian: "Ez mugitu ipurdia, eutsi". Eta sabel dantzarekin, gorputzari aukera bat ematen diozu: emakumeok izugarrizko indarra izan dezakegu norbere gorputzarekin, emakume gisa, mugimendu borobilak nahiz feminitatea landuta... Hori orain arte ez da baloratu. Energia femenino hori deskubritzen hastean, emakumeengan aldaketa bat gertatzen da; hori nabaritzen dut saioetan.
Zer aldaketa?
Hasieran, gogor-gogor eginda egoten gara, eta mugimendu linealak irteten zaizkigu. Energia maskulinoarekin lotzen dira mugimendu linealak, eta oso barneratuta dugu energia hori landu behar dugula. Sabel dantzak, ordea, beste energia bat lantzea eskatzen du; mugimenduak borobilak dira, eta energia femeninoarekin lotzen dira horiek. Emakumeok barruan energia hori daukagu, eta hori kanporatzen hasten garenan, hasieran kostatu egiten bazaigu ere, pixkanaka horretaz gozatzen joaten gara. Gero eta gusturago sentitzen gara emakumeok norbere gorputzarekin. Aldaketa fisikoa izateaz gain, energia aldaketa horrek emozionalki ere eragiten du.
Sabel dantzak emakumeei onurak eragiten dizkiela diozu. Zer onura?
Autoestimua hobetzen du, eta norbere gorputza ezagutzen eta maitatzen laguntzen du. Hasieran, ispiluaren aurrean jarri eta mugimendu borobilak egitean, askok zera esaten dute: "Baina nola egingo dut nik hori?". Gero, baina, horretaz gozatzen hasten dira. Horrez gain, osasunean ere eragiten ditu onurak: hileroko mingarriei aurre egiten laguntzen du, haurdunaldiaren ostean gorputza bere onera itzultzen ere bai, menopausian, bizkarreko minak saihesten... Eta gorputza bere lekuan kolokatzeko ere oso lagungarria da dantza egitea. Ahalduntzean ez ezik, osasunean ere eragiten ditu onurak dantzak. Norbere gorputza onartzen, maitatzen... laguntzen du. Zoragarria da dantza.
Sabel dantza gorpuzkera jakin bat duten emakumeekin lotu ohi da, baina edonork egiteko modukoa al da?
Sabel dantza egiteko ez daukazu 90-60-90 neurrietako gorputza izan beharrik; edonork egin dezake. Sabel dantzak, berez, Egipton dauka jatorria, eta hango emakume asko oso handiak dira. Halako emakumezko gorputz handi bat ondo mugitzen ikustea zoragarria da. Askotan, soltatzeko zailtasun handiagoa izaten du emakume argal batek. Ez gaude prestatuta, ohituta, era jakin bateko gorputzak dantzan ikusteko. Jendea barkamena eskatuz etorri izan zait dantza eskoletara, "ni gizena nago dantza egiteko", esanez. Norbera dagoen bezala dago, bakoitzak daukan gorputza dauka, eta denok egin dezakegu dantza. Eta, gainera, niretzako horixe da politena: gorputz ezberdinak dantzan ikustea eta bakoitzak bere mugimenduari zer esentzia ematen dion preziatzea.
Emakume denak animatuko zenituzke, beraz, dantzatzera?
Bai, den-denak. Eta adin guztietakoak. Ez da gaztetan egin daitekeen zerbait bakarrik. Gainera, nire ustez, adin batetik aurrera jende gehiago harrapatzen du sabel dantzak. Agian, gazteagoek beste energia bat behar dute; potenteagoa. 40 urteren bueltan hartzen du jende askok norberarentzako denbora, eta gustatu egiten zaie sabel dantza. Ez da adin kontua.
Emakumeen etxe askotan ematen dituzu ikastaroak, eta horrez gain, dantza eskola bat duzu Donostian: Segastopol. Zure bizitzaren zati handi bat hartzen du dantzak, une honetan, ezta?
Eta antzerkiak ere bai. Antzerkia irakasten dut ikastetxeetan, eskolaz kanpoko tailer moduan, eta akademia batean ere bai. Ez dut inoiz antzerkia abandonatu. Segastopoleko titiriteroekin 25 urtez jardun nuen kale antzerkia egiten, esaterako. Bi arloak gustatzen zaizkit, eta biak uztartzen ditut.
2004an zabaldu zenuen zure eskola, eta ordutik, askotariko dantza saioak ematen dituzu han.
Bai, hala da. Ekialdeko dantzak, Indiakoak, pertsiarrak, ijito dantza, tribal, tribal ats, sexy dantza... irakasten ditut. Egia esan, ordu asko pasatzen ditut egunero dantzan. Izan ere, dantzan ari ez banaiz, eskolak prestatzen aritzen naiz. Denbora guztian daukat buruan dantza; gosaltzen ari naizenean ere, askotan buruan izaten ditut koreografien pausoak. 24 orduz daukat buruan dantza.
Zer ematen dizu dantza irakasteak?
Pila bat. Denetariko taldeak egoten dira, baina gozamena da jendeak nola erantzuten duen ikustea, jendearen energia nabaritzea... Eskolak emanez pila bat ikasten da. Asko ikasten da gorputzari buruz, eta emozionalki ere ederra da; hartu-eman bat da dantza. Ez dut imajinatzen nire bizitza dantzarik gabe.