Dokumentuaren akzioak
Jaien tenorea da Urdiainen
Jaiak. Urdiain
San Pedro eguna pasata, gaur hasiko dira Urdiaingo
jaiak (Nafarroa), eta uztailaren 6ra bitarte luzatuko dira. San Pedroren
omenez ospatzen dituzte, baina santuaren eguna igaro ondotik beti.
Ohikoa dutenez, eguerdian hasiko dira festak, txupinazoarekin batera.
Euskara eta kultura zinegotzi berriak, Maite Aldazek, botako du aurten
suziria. Bigarren aldia du, baina, hala ere, kontent azaldu da
izendapenarekin, eta ez du bere harridura ezkutatu: «Ez nuen espero».
Ohiko
egitarauarekin batera, aurten kuadrillek bi ekimen prestatu dituzte
haien kontura. Txupinazoaren ondotik Laugarren Kalderete Txapelketa
eginen dute, eta horren ondoren, herri kirol erakustaldia, plazan
bertan. Udalak prestatutako egitarau ofizialetik kanpo eginen diren
ekimenak izanen dira bi horiek.
Musika eta jana ez dira faltako
Urdiaingo jaietan. Aldazek esan duenez, bazkariak eta kaleko giroa dira
festetan nagusi. Bihar, esaterako, San Pedroko zelaian izanen da
bazkaria. Astelehenean zaharrena egingo dute lehendabizi, eta gizonen
bazkaria gero. Emakumeek asteartean ospatuko dute haien eguna. Baina
bazkariak ez ezik, gosariak ere egunero izanen dira, eta dantzaldiak
gauero.
Txikiendako ekimenak ere antolatu ditu Urdiaingo Udalak.
Gaur txirrindularitza txapelketa izanen dute; bihar, zezensuzkoa; eta
asteazkenean, puzgarriak, goizez eta arratsaldez.
Baselizaren inguruan
Igandean
erromeria egiten dute, urtero, Urdiainen. Eguerdi aldera San Pedro
baselizara igotzen dira herritarrak. Han direlarik, apaizak meza nagusia
ematen du, eta bazkaldu ere bertako zelaian bazkaltzen dute. Udalak
bazkaltzera gonbidatzen du Altsasuko udalbatza ere. Izan ere, San Pedro
egunean alderantziz egiten dute, eta urdiaindarrek egiten diete bisita
altsasuarrei. Mezaren ondotik, alkateak zortzikoa dantzatzen du urtero.
Aurten, Sebastian Aristizabal alkate berriari tokatuko zaio, usadioari
jarraiki.
San Pedro baseliza Altsasu eta Urdiainen artean dago.
Lekua partekatu behar dutenez, hara joateko egunak banatu egiten dituzte
bi herriek. San Pedro egunean lehenbizikoen txanda izaten da; hurrengo
igandean, berriz, urdiaindarrak dira bertaratzen direnak, herriko
jaiekin batera. Baseliza bera ere bitan zatiturik dago; harri batek
banatzen ditu batzuen eta besteen eremuak. Ateak ere pare bat ditu,
herri bakoitzarendako berea.
Baselizaren inguruetatik herriko
kaleetara egingo du jauzi festak arratsalde eta gau partean. Egunari
errematea Egan taldearen dantzaldiarekin emango diote urdiaindarrek.
Egitaraua
GAUR
• 12:00. Txupinazoa.
• 14:00. Kuadrillen arteko kalderete txapelketa. Bazkal ondotik, kuadrillen arteko herri kirol txapelketa.
• 17:00. Haur kategoriako txirrindularitza lasterketa.
• 20:00. Gaubela taldearekin, musika saioa.
• 22:30. Herri afaria.
• 01:00. Gaubela taldea.
BIHAR
• 10:00. Erromeria, herritik San Pedrora.
• 12:00. San Pedro baselizan, Meza Nagusia.
• 14:00. Bazkaria, San Pedroko zelaietan.
• 17:00. Zortziko dantza.
• 19:00. Salbea, baselizan.
• 20:00. Plazako musika, Egan taldearekin.
• 22:00. Zezensuzkoa.
• 00:30. Plazako musika, Egan taldearekin.
Dokumentuaren akzioak