Dokumentuaren akzioak
Jaien hasierako txupina prest dute Arretxinagan
Urtero legez, Xemeingo Ezpata Dantza eta Aurreskua dantzatuko ditu Zerutxu dantza taldeak etzi eguerdian, eta aurten, San Migel Eguna barikuan jausi denez, Mahai Gainekoa berezkoa duen orduan dantzatuko dute: gauerdian.
Aspaldiko partez idiak ere itzuliko dira Arretxinagako probalekura. Desafio bat egongo da Zubibarriko idien, Patxua Tabernako zaldiaren eta 80 kiloko gurpila iraulika eraman beharko duten bikoteen artean. Eta kinielak ere antolatuko direla azaldu dute Arretxinagako Jai Batzordeko kideek.
Bestalde, Iñaki Perurenaren emanaldia ere egongo da lehen egunean baseliza barruan. Harrien bitartez historia eta kultura azalduko ditu harri-jasotzaileak.
Erreki pintxoak. Urtero bezala, umeei zuzendutako arratsalde bat prestatzen du Arretxinagako jai batzordeak sanmigeletan. Hala, zapatu arratsaldean [irailak 30] Herri ta bixi ikuskizuna eta Sustraiak Naturak antolatutako gune ezberdinak edukiko dituzte ume eta gaztetxoek paddle surf, zesta-punta eta beste hainbat jokorekin gozatzeko.
Azken hiru urteetan herri afaria egin dute Arretxinagan, baina aurten eguneko jaia indartu nahi izan dute, eta beraz, etzi iluntzean, Cumbiam’bero taldeak giroa alaitzen duen bitartean, erreki sorta dastatzeko aukera eskainiko dute. Saiheski, solomo, txistorra eta urdaiazpiko pintxoak egongo dira, dantzari tartea egin eta mokadutxoa hartzeko.
BIDEOA (iazko jaiak)
Kirolak ere izango du bere tartea. Zapatu goizean egingo da Markina-Xemeingo BTT martxa Akarregi eta Arnoate inguruetan zehar. 45 eta 26 kilometroko martxak egongo dira alde batetik, eta gazte eta txikienei zuzendutako 4 edo 6 kilometroko ibilbide motza, bestetik. Lehen martxa biek 09:00etan izango dute irteera ordua, ibilbide motzeko parte hartzaileentzat, berriz, 11:00etan izango da hasiera. Horrez gain, arratsaldean, Artibai, Mutriku eta Aurrerako beteranoen arteko hirukoa jokatuko da Barroeta futbol zelaian.
Kontzertuak. Ez da egoten jairik musikarik barik, eta hori ondo dakite Arretxinagan. Horrela, egunero egongo dira jaiari bizitasuna emango dioten musika taldeak. Dominguez Mariachiak, Gora Herria taldearen erromeria eta Los Zopilotes Txirriaos rantxera talde irundarraren emanaldia prestatu dituzte barikurako, eta gauari amaiera emateko The Sinbusters DJak igoko dira oholtzara musika jartzera. Kontzertura joateko, gainera, Gababus zerbitzua egongo da Lea-Artibaiko herrietatik.
Cumbian’bero eta Itzalak taldeen emanaldiak egongo dira zapatuan [irailak 29], bata bestearen atzetik, eta domekan [urriak 1] Mikel Urdangarinen kontzertua. Aurten kaleratu duen bere hirugarren diskoa, Margolaria, aurkeztuko du musikariak Arretxinagan, eta talde osoagaz lagunduta etorriko dela azaldu dute jai batzordekoek, Rafa Rueda eta Koldo Uriarte, besteak beste. «Musikari handi horren lan berria ezagutzeko aukera egongo da eta gainera doan», azpimarratu dute.
Jai herrikoi eta adin guztiei begirakoak izaten dira Arretxinagakoak, eta hala izaten jarrai dezaten nahi dute. Horretarako baina, jendearen parte hartzea beharrezkoa dela azpimarratu du jai batzordeak. Aurten, deialdia egin dute laguntza eske, «jende gutxi hurreratzen delako». Eta jai batzordeak ateak zabalik dituela esan dute «nahi duen guztiarentzako».
Jaien antolaketarako dirua lortzeko, bestalde, bertoko produktuen otzara bat zotz egingo dute aurten. Zozketarako txartelak txosnetan jarriko dituzte salgai jaiak iraungo duten hiru egunetan, eta domekan, antzerkia hasi orduko, zotz egingo dute.
Dokumentuaren akzioak