Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jaiak Inauteriak Inauteriak, herriaren bizi gogoak bizirik mantendutako jaiak

Dokumentuaren akzioak

Jaiak Inauteriak Inauteriak, herriaren bizi gogoak bizirik mantendutako jaiak

Gaur egun, Donostiako inauteriak ez dira ospe handiena dutenak, baina, XIX. mendean, Europako inauteri handien pare egon ziren eta oso garrantzitsuak ziren hiriarentzat. Debekuak, hiriaren eraldaketa eta bestelako faktoreak direla medio, hori aldatzen joan zen, baina inauteriek bizirik jarraitzen dute Donostian, herri ekimenez, kolektiboan, sortutako egitasmoei esker. Ospeak ospe, Donostiako herriak bizi gogoa zuen eta du, eta jaiak ezinbestekotzat ditu.
Egilea
Beñat Parra
Komunikabidea
Irutxuloko Hitza
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2024/02/02
Lotura
Irutxuloko Hitza

inauteriak-diseinua-web

Jantzi loredunak eraman ohi dituzte dibertimenduak. Diseinua: Oier Arribas Ciria

Zera zioen Jose Bizente Etxegarai poetak 1832ko inauterietako Langile Maisuen Bigarren Eraldearentzat idatzitako zortzikoak: «Festarik bear bada/bego Donostia,/betiko du fama/ondo merezia:/bestetan ez bezela/emen gazteria/amaren sabeletik/dator ikasia». Donostiarrek berezko bertutea zutela jaiarekiko zaletasuna, alegia. Hein batean, hortik zetorkien donostiarrei kaskarin ezizen ezaguna.

Juan Antonio Antero Aranzamendi musikariak (Parte Zaharra, 1947) Eraldeak. Donostiako Inauteriak XIX. mendean: Istorioak, eraldeak, bertsoak, poesiak eta musikak (Kutxa Fundazioa, 2023) liburuan jaso zuenez, XIX. mendeko zein lehenagoko agintariek ere argi zuten donostiarren parrandazaletasuna, eta, gainera, ez zitzaien batere gustatzen: «Cuarenta horas izenburuko sermoian, donostiarrek inauterietako egunetan agertzen zuten frenesiaren kontra mintzatu zen [Jose Francisco de Isla jesuita, 1748an], eta antzinako paganoen grina bakotarrarekin parekatu zuen».

inauteriak

Askotariko pertsonaiak ikus daitezke Donostiako inauterietan.Diseinua: Oier Arribas Ciria

 

Hain zuzen ere, neguko festek garrantzia nabarmena izan dute historikoki Euskal Herri osoan eta Donostian, noski, inauteriak izanik neguko festen erdigunea. Jai horiek gaur egun ere bizirik daude, baina, Donostian behintzat, modu zeharo desberdinean bizi dira, eta batzuetan badirudi sansebastianak direla hiri honetako neguko jai bakarrak. Hain zuzen, gutxik esango lukete gaur egun donostiarrek «frenesia» agertzen dutela inauterietan. Eneko Goia alkateak ere hala adierazi zuen aurtengo Urrezko Danborraren ekitaldian, modu informalean: «San Sebastian eguna izaten da donostiarrak desmelenatzen garen urteko egun gutxienetakoa».

Ospeen eta historian zehar herriaren bizi gogoa zapaldu nahi izan dutenen gainetik, jaiez gozatu nahi zuen herri bat izan zuen Donostiak, eta orain ere badauka.

eralde

Ardogileen eta Upelgileen karroza, 1900. urteko inauterietan, Donostian.‘Eraldeak’ liburua

 

XIX. mendetik, gutxienez

1813an tropa britainiarrek eta portugaldarrek hiria erre zutenez, dokumentu asko eta asko galdu egin ziren, eta, beraz, ezer gutxi dakigu horren aurretik Donostian gertatzen zenaren inguruan. Inauteriei dagokienez, Anterok 1595eko aipamen bat jaso zuen aipaturiko liburuan, eta, beraz, ondorioztatu daiteke XVI. mendean dagoeneko inauteriak ospatzen zirela. Hain zuzen ere, Aitzpea Leizaola antropologoak (Gros, 1971) asko ikertu ditu jaiak eta bereziki inauteriak, eta azaldu du «Europa osoan oso tradizio luzea» dutela inauteriek: «Inauteriak dokumentatuta daude Erdi Aroaz geroztik hainbat lekutan. Eta, nagusiki, dokumentatuta daude hirietako inauteriak».

1813an, ordea, hiria suntsituta utzi zuten, eta, beraz, urte haietan ez zen jairik ospatu. Ordea, Leizaolak nabarmendu du laster berrezarri zituztela jaiak: «Erreketatik hogei bat urtera, lehenengo danborraden aipamenak agertzen dira. Hiri osoa suntsitu eta hogei urtera jendeak gogoa izateak jaiak egiteko, erakusten du bizi nahi oso handia zuela herriak. Beti irakurri izan da kaskarina kontzeptua azaleko zerbaiten moduan, baina nik uste dut irakurri behar dela bizi gogoa duen norbaiten moduan. Paralelismo bat egingo bagenu, inauterietako asteazken errautsetik hurrengo urtera arte, ziklo guztia betetzen da, eta errauts horietatik agertzen dira berriz ere festa, musika, dantza, kritika eta satira». Hain zuzen, hiriaren errautsak oraindik bero zeudenean itzuli ziren inauteriak hirira, Anterok liburuan jaso zuenez, 1816an dagoeneko hiru eralde edo konpartsa atera baitziren kalera: Estudiantina, Andaluzada eta Valentziako Itsuen Eraldea.

Scanned Document

Eskrima Zirkuluaren karroza, 1900. urteko inauterietan, Donostian.‘Eraldeak’ liburua

 

XIX. mendean zehar, inauteriekiko zaletasuna gehiago zabaltzen joan zen Donostian, eta ehun eralde baino gehiago sortu ziren 1816tik aurrera —geldialdiak egon ziren Hirurteko Liberalean (1820-1823) eta karlistaldietan 1836-1839 eta 1872-1876)—, asko lanbideekin lotutakoak: lorezainena, zapatariena, jostunena, eta abar. Horrela, Anterok dio XIX. mendearen bukaeran Europako inauteri handien pare egotera heldu zirela Donostiakoak. «Europako beste hainbat inauteritan gertatu zen moduan, lanbideak gero eta presentzia gehiago izaten joan ziren inauterietan», gaineratu du Leizaolak.

Lanbideek eraldeetan horrenbesteko garrantzia izateari buruz, antropologoak azaldu du eralde horiek ez zirela beti langileek beraiek osaturikoak: «Batzuetan badira, baina beste batzuetan elkarteetakoek antolatutakoak dira, lanbide horiek omentzeko. Beti lanbide xumeak omentzen dira, eskuz egiten direnak». «Horrenbeste konpartsa egoteak eta lanbideen ingurukoak izatea horietako asko, erakusten du bazegoela Donostian herri langile bat eta bizi gogoa zuen herri bat», gehitu du Leizaolak.

 

«Gutxitan aipatzen da jaien atzean dagoen lana eta ikuspegi kolektiboa.
Jaietan irudikatzen da zer izan nahi dugun»

Aitzpea Leizaola, antropologoa

 

Gogoratu behar da, bestalde, inauteriak kokatu behar direla Euskal Herri osoan historikoki garrantzia handia duten neguko festen barruan: «XIX. mendean, inauteriak danborradarekin hasten ziren, eta tartean zeuden kaldereroak, asteburuetako sokamuturrak, eta abar. Gabonetatik Garizumera bitarteko ziklokoak dira jai horiek. Nagusiak inauteriak dira, baina ez bakarrak: Santa Ageda bezpera, San Anton, San Blas… Neguko festen logikaren barruan daude guztiak, eta barnera begirakoak dira. Donostiako inauterien kasuan, gremioak kalera ateratzen dira konpartsetan, baina ez da udako festetan bezala; beste izaera bat dute inauteriek».

1900. urtetik aurrera, Anterok liburuan dioenez, «asmo ilustratuak zituen gizarte bat eratu zen, baina horrek jaiaren freskotasuna ito zuen, eta inauteriak debekatu zituzten handik urte batzuetara». «Aldaketa handiena 36ko gerran izan zen», Leizaolak zehaztu duenez: «Frankismoak espresuki debekatu zituen inauteriak. Horrek aldaketa handia eragin zuen leku guztietan, eta Donostiaren kasuan nabarmenagoa izan zen, hiriburu bat zelako eta Francok hemen pasatzen zituelako udak. Tolosan beti esaten dute inauteriak mantendu zituztela, Udaberriko Festak deituta. Mozorrotu egiten ziren, baina mozorrotze hutsak ez du egiten inauteria, mozorrotze hutsak ez dauka inauteriek daukaten zentzua: komunitatea trinkotu, kalera irten, desenfrenoa, salaketa…».

momo

Momo Jainkoa eta bere segizioa, 2022ko Sardinaren ehorzketan.Beñat Parra

 

Inauterien sua piztuta

Debekuak debeku, inauteriak ez dira desagertu Donostian, eta XIX. mendean gertatzen zen moduan, asteburu honetan hiriko erdigunetik ikusi ahalko den karrozen desfilea da egungo inauterien jarduera nagusia. «Donostiako inauteriak bi ezaugarri ditu: inauteri urbanoetan ohikoa den desfilea, asteburu batean egiten dena eta hemen gainera tradizio handia duena. Eta, bestetik, jaia denboran luzatzen dituzten jarduerak: danborrada bera, kaldereroak, inude eta artzainak… Eta jarraitzen dira jarduerak konpartsaka antolatzen, kolektiboan. Izan auzoka edo izan eragile batzuen inguruan, baina beti dago dimentsio kolektibo hori», nabarmendu du Leizaolak.

Konpartsak bereziki errotuta daude ekialdeko auzoetan, eta horien garrantzia nabarmendu du antropologoak: «Auzo altuetan oso errotuta daude gaur egun karrozak, sozialki bestelako populazio bat duten auzoetan: hiriko erdigunean eta auzo baxuetan baino askoz ere xumeagoak dira, baita anitzagoak ere. Eta inauteriak badira modu bat herritar horiek hiriko erdigunea hartzeko. Hor ateratzen den jendearentzat oso festa handia da, oso garrantzitsua. Entseguak egiten dituzte, jantziak erosten dituzte… Esfortzu ekonomiko bat eskatzen du, baina baita denbora inbertsio bat eta konpromiso handia ere. Eta lan hori guztia erdigunera eramaten dute inauterietako asteburuan. Lan horrek guztiak aitortza merezi du».

 

«Lan handia da inauteriak prestatzea, baina bizitzako beste arlo batzuetan sortzen ez den kidetasun bat sortzen da»

Mabel Vidal, Showtime konpartsa eta Momo Jainkosa

 

Altzako Showtime konpartsako kide eta aurtengo Momo Jainkosa Mabel Vidalek (Errenteria, Gipuzkoa, 1974) Leizaolak dioena baieztatu du: «Asko bizi ditugu, bai, eta Altzan egiten den Eltze Festan, adibidez, argi ikusten da hori: inguruko jende asko elkartzen gara, eta oso giro polita egoten da, oso etxekoa. Bestalde, desfileak irauten duen bitartean, kaleak gureak dira, eta gure jaia da. Nolabait esatearren, egun horiek gureak dira, oso berezia da». «Lan handia da inauteriak prestatzea, baina bizitzako beste arlo batzuetan sortzen ez den kidetasun bat sortzen da, komunitate bat. Urtero errepikatzen dugu, eta, beraz, bistan da alde onak alde txarrak baino gehiago direla», gaineratu du Vidalek.

Bestalde, azken urteotan, hiriko zenbait auzotan euren inauteri propioak antolatzen hasi dira, eta nabarmentzekoa da Añorgako dibertimenduaren kasua, 2022an antolatu baitzuten estreinakoz, eta dagoeneko tradizio bihurtu baita. «Harrituta eta pozik» daudela aitortu du Gari Otamendi dantzariak (Añorga, 1980), dibertimenduaren antolatzaileetako batek: «Lehenengo urtetik, jende ugari etortzen da ikustera, eta jende askok hartzen du parte. Eta pozik gaude, helburuetako bat bazelako tradizio bat sortzea, hitz horren zentzurik onenean. Donostian, zorionez, gauza asko daude inauterien inguruan, baina hutsune bat ikusten genuen gure auzoan». Halaber, neguko jaien logikaren barruan kokatzen du dibertimendua dantzariak: «Osotasun baten barruan ulertzen ditut Donostiako neguko festak. Horregatik, hiriko inauteriak mundu zabal eta eder batean kokatzen dira guretzat. Eta gure eredua libertimendua bada ere, hasieratik argi genuen Donostiako neguko festetan ohikoak diren melodiak txertatu behar genituela».

Leizaolaren aburuz, bi gauza ari dira erakusten Añorgan dibertimenduarekin: «Gaitasuna daukatela horrelako zerbait egiteko eta imajinaziorik ez galtzeko, eta hori ez dela ezerezetik sortzen. Hau da, badagoela hor ehundura sozial bat, hainbat eragilek osatutakoa, adin desberdinetako jendea batzeko gaitasuna duena. Oso fenomeno bizia da».

 

«Dibertimenduaren helburua da festa egitea, baina baita erritu bat martxan jartzea ere»

Gari Otamendi, Añorgako dibertimendua

 

Ildo beretik jo du Otamendik: «Dibertimendua izena jarri izana ez da kasualitatea, denbora eta lana eskatzen badu ere, helburu nagusia ondo pasatzea baita, disfrutatzea. Baina ez berehalako disfrute kapitalista, baizik eta pixkanaka eraikitzen zoazen zerbaiten satisfazioa da. Ziztu bizian aldatzen ari den Donostia horrekin, ez dakigu hemendik hamar urtera nolakoa izango den Añorga, baina horrelako tradizioak sortu eta mantentzea sintoma on bat dela iruditzen zait. Auzo aktibo bat dagoela erakusten du, eta ez soilik inauteriei begira, dibertimendua osatzen duten eragile eta pertsonak urte osoan zehar aktibo daudelako. Udazken-negu partean hutsune bat zegoen, eta dibertimenduarekin, nolabait, urteko zikloa osatzen dugu». «Dibertimenduaren helburua da festa egitea, baina baita karga sinboliko handia duen erritu bat martxan jartzea ere. Eta, batez ere, udazkenean auzoa lozorroan ez egotea, martxan egotea baizik», gehitu du.

Berritasun gisa eta Donostiako edozein txokotan bizi gogoa duen herria dagoenaren erakusgarri, Grosen ere buru-belarri dabiltza aurten euskal inauteriak antolatzen, helburu argi batekin, Kai Kerexetak (Gros, 1995) azaldu duenez: «Auzoa bizitzen ari den gentrifikazioarekin, garrantzitsua iruditzen zitzaigun euskal inauteriak antolatzea, Grosen euskal komunitate bat bizirik dagoela erakusteko. Jaiak antolatuz, komunitate bat eratzen da auzoan, gero auzoko problematiken aurrean defendatzeko eta etorkizuneko auzoa eraikitzen hasteko. Komunitate hori euskal kulturaren bueltan eraikitzea garrantzitsuan iruditzen zitzaigun».

dibertimendu

2022ko Añorgako dibertimenduko une bat.Xalba Ramirez Cruz

 

Tradizioa eraldaketa da

Diskurtso erreakzionarioek tradizioa ukiezina den zerbaiten lekuan jartzen dute sarritan; betidanik egon den eta betirako egongo den zerbait balitz bezala jartzen dute. Baina, inondik inora: «Tradizioa tradizio izateko, aldatu egin behar da. Tradizioak tradizio gisa pentsatzen ditugu momentu honetan interesatzen zaigulako horrela pentsatzea. Beti, orainalditik eraikitzen den zerbait da, eta argi dago mantendu badira izan dela gizarteak ahalbidetu duelako eta aldaketaren bat barneratu dutelako», nabarmendu du Leizaolak.

Ildo horretatik, Otamendik azaldu du tradizioa «izaki biziduntzat» duela berak, eta eraldaketa funtsezkoa dela: «Arretaz begiratu behar ditugu bizirik dauden tradizioak. Zergatik daude bizirik? Formula sozial eta erritual oso zaharrak direlako, komunitate bat elkartzeko eta batuta mantentzeko funtzionatzen dutenak. Hori oso presente edukitzen saiatzen naiz: ez da horrenbeste gauza bat kopiatzea edo errepikatzea besterik gabe, baizik eta jakitea zer den erritu horren zati bakoitza, zergatik egiten den, nork egiten duen, egoera bakoitzak zer islatzen duen, eta abar. Hori guztia kontuan izanda, gurera ekarri dugu egitasmoa, eta dibertimendua eraiki dugu».

Grosen ere lantzeko inauteriaren tradizioa auzoko errealitatera egokituko dute, Kerexetak azaldu duenez: «Lantzeko inauteriek badaukate metafora polit bat, gurera ekarri daitekeena: Ziripot da herriaren kulturaren transmisioa egiten duena eta herriak babesten duena, eta Miel Otxin dator, pertsonaia gaiztoa, herriaren aurka doana, herriaren kontu aberasten dena. Horrela, azaleratu nahi dugu kultura zein garrantzitsua den, eta salatu nahi ditugu auzora etortzen ari diren pertsona gaiztoak».

 

«Jaiak antolatuz, komunitate bat eratzen da auzoan, etorkizuneko auzoa eraikitzen hasteko»

Kai Kerexeta, Groseko euskal inauteriak

 

Inauteriak: kaosa, frenesia eta ‘desenfrenoa’

Altzan, Añorgan, Grosen eta beste hainbat tokitan oso bizirik daude inauteriak, donostiarrok barnean daukagulako Jose Francisco de Isla jesuitak XVIII. mendean aipatzen zuen «frenesia», eta inauteriak jai desberdinak direlako: «Dantzaren ondoren, mozorrotzea da inauterietatik gehien erakartzen nauena: ez duzula zu zeu izan behar, inork ez zaituela ezagutzen, erokeriak egin ditzakezula…», nabarmendu du Vidalek. Ildo beretik jo du Otamendik: «Hartu lau trapu, etxeko arropa zaharrak, pintatu aurpegia zarpail eta zikin, ileordea jarri… edozer gauza. Azkenean, transformazio bat egitea da: zure egunerokoan eraiki duzun nortasun sozial hori aparkatu eta murgildu inauteriaren kaosean». Etxegaraik berak ere argi zuen 1830ean: «Iñauteriyan ez da ezagun/nor dan zarra, zeiñ gaztea,/giza-semea, emakumea/aberats edo pobrea».

Argi laburbildu du Leizaolak jaiek gizartean duten garrantzia: «Jaiak desenfrenoa dira, baina gutxitan aipatzen da hor atzean dagoen lana eta lanaren ikuspegi kolektiboa. Jaietan irudikatzen da zer izan nahi dugun».

Dokumentuaren akzioak