Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka J-Aho! Nor da eroa, zu edo ni?

Dokumentuaren akzioak

J-Aho! Nor da eroa, zu edo ni?

Egilea
Agus Tena Gonzalez
Komunikabidea
Ataria
Tokia
Tolosa
Mota
Albistea
Data
2023/01/30
Lotura
Ataria
J-Aho! koreografia. ATARIA

Amaiur Luluaga dantzariaren J-AHO! koreografian oinarrituta, gaur egun Katalunian estreinatzen ari den eta espero, laster euskal pantailetan ikusi ahal izango den Bailar la locura dokumentala ikusteko aukera izan dut. Marta Esparrek eta Maiol Virgilik zuzendutako dokumentala koreografia bat sortzeko prozesuari buruzkoa da. 

Horretarako, hiru dantzariak (Amaiur, Montse, Claudia) nahasmendu edo gaixotasun mental batekin diagnostikatu dituzten hiru emakumerekin (Itziar, Maria, Alba) harremanetan jarri ziren. Filma buruko gaixotasunaren estigmaren eta horren inguruan dauden aurreiritzien aurkako alegatua da.

Itziarrek, Mariak eta Albak mezu argia bidali dute hasieratik: bakardadea da eromenaren gauzarik gogorrena, eta ingurunea ulertu gabe, gaixotasuna jasangarriagoa izango litzateke. Eta, hain zuzen ere, ulermenetik eta entzute aktibotik hurbiltzen dira Amaiur; Montse eta Claudia haiengana, aurpegia eta izena jarriz, eta jasotzen dituzten testigantzak mugimendura eramanez. Itzulpen-lana bezala ulertu genezake haien lana, eta bertan biltzen diren emozioak eta testigantzak dantza bihurtzen dira.

Dokumentala ikusten ari nintzela, psikoterapiaren gai handienetako bat eta haren baliabide handienetako bati buruz pentsatzen nuen: onarpena. Teknikekin ikasten ez den zerbait, eta beste pertsona bati gertatzen zaiona nire giza esperientziaren parte dela ulertuta garatzen dena. Beste pertsona onartzea esperientzia sakona da, eta horretan konturatzen gara beste pertsonari gertatzen zaiona guri ere gerta dakigukeela. Horrela, ardatz berean kokatzen gara, dokumentalean ere eztabaidatzen den lerro banatzailerik gabe (erotuta egotearen edo gure senean egotearen arteko muga). Beste pertsona onarpenarekin tratatzen dugunean, sendatzeko lehen atea irekitzen ari gara. Ez du sufrimenduarekin amaituko, baina duindu egingo du.

Dokumentalak lantzen duen beste gaietako bat buruko gaixotasunarekin lotutako estigma da. Estigmaz ari gara pertsona bati etiketa negatiboa jartzen diogunean eta konnotazio negatiboak lotzen ditugunean berarekin, gainerakoen arbuio erantzuna eragiten baitute. Nolabait, zatia osotasunetik hartzea da: pertsonaren zati bat bakarrik ikustea, eta, gainera, aurreiritzien miopiarekin ikustea.

Eric Berne psikiatra kanadarrak bizitzan eduki daitezken lau posizio aipatzen zituen: Ni ondo nago/Zu ondo zaude, Ni ondo nago/Zu gaizki zaude, Ni gaizki nago/Zu ondo zaude, eta Ni gaizki nago/Zu gaizki zaude. Bakoitzaren azalpenean luzatu nahi izan gabe, eta irakurlearentzako interpretatzeko errazak direla pentsatuz, Ni ondo nago/Zu gaizki zaude posizioan adierazitako estigma ikus genezake, horrek dakarren okerreko ideien zama guztiarekin. Bernek esaten zuen osasuntsuena lehenengoa zela: Ni Ondo nago, Zu ondo zaude, non geure burua eta bestea era berean ikus ditzakegun: ongi. Sufrimenduak eta ondoezak bizitzan izan ditugun esperientziekin eta zirkunstantziekin zerikusia dutela ulertuta, eta agerian utziz ez duela axola zein gaizki gauden, beti daude pertsonaren zati batzuk osasuntsu mantentzen direnak eta haren muina osatzen dutenak. Ni ondo nago/Zu ondo zaude posizioarekin, beste pertsonaren alderdi osasuntsua interpelatzen dugu, eta hau da filmean ikusten duguna. Ez da ondoeza edo etiketa bakarrik kontuan hartzen; historia bat duten pertsonak bezala ikusten ditugu, interesak dituztenak, proiektuak gauzatzeko eta gertatzen zaienaz hitz egiteko gai direnak. Seien arteko elkarrekintzatik ikusten dugu nola ematen zaion forma proiektu artistiko bati, zeinak, dokumentalean ere adierazten den bezala, funtzio sozial bat betetzen duen: gizarte gisa eragiten diguten egoerak transmititzea eta nabarmentzea. Emaitza indarrez, intentsitatez eta sentsibilitatez beteta dago. (Koreografia ikus daiteke, gure herrian estreinaldiaren zain gauden bitartean, Youtuben, J-Aho! quién está loco, ¿tú o yo? bilatuz).

 

Hausnarketa pertsonalerako lekua ere badago, geure buruari zoratuta egotea zer den, normala izatea zer den galdetzeko gonbidapena luzatzen baitzaigu



Hausnarketa pertsonalerako lekua ere badago, geure buruari zoratuta egotea zer den, normala izatea zer den galdetzeko gonbidapena luzatzen baitzaigu. Pista garrantzitsuena harremanak izateko moduan daukagu. Eromen ereduak aldatzen joan dira denborarekin, eta aurrerapen handienak tabuak hautsiz eta kondizio batek pertsona osoa definitzen ez duela onartuz lortu dira. Edozein gaixok zati osasuntsuak dituen bezala, pertsona osasuntsu orok alde eroak dituela ikus genezake. Hori geure baitan ikus badezakegu, beste modu batera erlazionatu ahal izango gara besteekin, aurreiritzirik gabe. Eredu izan dadila, guztiontzat, Bailar la locura, eta bere sei protagonistak, eta jarrai dezagun geure buruari galdetzen erotuta ote gauden.

Dokumentuaren akzioak