Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Iztueta aitzindariari gorazarrea

Dokumentuaren akzioak

Iztueta aitzindariari gorazarrea

Donostiako Goizaldi dantza taldeak Zaldibian amaituko du, igandean, 75. urteurreneko ospakizun egitaraua. Goierrirekin lotura zuzena du, Candido Pujana ordiziarrak sortua baita.
Egilea
Aimar Maiz
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Tokia
Ordizia, Zaldibia
Mota
Albistea
Data
2023/11/24
Lotura
Goierriko Hitza

Donostiako Goizaldi dantza taldeko kideak, aurtengo martxoan, Ordizian Pujana gogoratuz egin zuten saioan.

Euskal folklore-dantzen sehaskara, Zaldibiara etorrita borobilduko du Donostiako Goizaldi dantza taldeak 75. urtemugako ekitaldi sorta. Urte osoan zehar zabaldu dituzte ospakizunak, eta azkenerako, Juan Inazio Iztueta maisu historikoari gorazarre egitea utzi dute.

Igandean, 12:00etan, kalejira egingo dute Goizaldiko dantzariek eta Zaldibiako Iztueta taldeko helduek, plazatik folkloristaren jaiotetxe parera. Atzera plazara itzulita, dantza emanaldia egingo dute han.

Arrazoi bat baino gehiago ditu Goizaldik urtemuga seinalatuan Zaldibiara eta Goierrira begira jartzeko. «Goizaldiren historia 1824an hasi zen nolabait», aitortzen du taldeak webgunean. Juan Inazio Iztuetak (1767-1845) Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condairak liburua argitaratu zuen urtean, alegia.

Han deskribatzen dituen 36 dantzak Gipuzkoako dantzen erreferentzia bihurtu ziren, baita Goizaldirentzat ere. Iztuetari omenaldia eskainiko diote igandean, jaiotetxeraino joanda.

Goizaldi dantza taldeak Iztuetaren jaiotetxean haren omenez jarritako plaka. // Argazkia: Aimar Maiz

Candido Pujana sortzailea
Iztuetak hasi zuen dantza-maisuen soka zuzen-zuzenean iritsi zen, bestetik, Goizaldirenganaino. Foklorezale aitzindariaren lana Jose Antonio Olanok (Zaldibia, 1821–Ordizia, 1882) jarraitu zuen. Iztuetarekin ikasi zuen hark dantzan, eta Goierriko dantzak erakusten jarraitzeko ardura hartu zuen, hura hil zenean.

Olanok Ordizian sortu zuen dantza eskola, eta Zaldibiatik auzo herri horretara aldatu zen dantza maisutzaren ardatza. Jose Lorenzo Pujana Bidegainek (Ordizia, 1868–Donostia, 1947) Olanorekin ikasi zuen, eta zaldibiarra hil zenean, bere gain hartu zuen irakaskuntza. 1927. urtean Donostiako Udalak eskatuta, Donostiara joan zen Pujana.
Gipuzkoako Dantza Eskolaren ardura hartu zuen, eta 20 urtez izan zen maisu Donostian.

Oinordekotza Candido Pujana Telleria semearen (Ordizia, 1905–Donostia, 1985) bizkar erori zen, hurrena. Aita hil eta hurrengo urtean, 1948an, Goizaldi taldea eratu zuen, Donostian. «Zorrotza zen dantzak erakusterako orduan. Eskuan makila bat zuela ematen zituen eskolak», gogoratu du Goizaldik Candido Pujana sortzailea. Taldearen
25. urteurrenean, omenaldia egin zioten. «Berari esker, Iztuetak hasitako tradizioak Goizaldin du jarraipena. Berak ereindako hazia tinko itsatsi da».

Nazioartean, hasieratik
Goizaldik 75 urteko ibilbide oparoa osatu du. Nazioartera irten ziren, lehen urtetik, batez ere Frantziara hasieran. Lehen agerraldia Donostian egin zuen taldeak, 1948ko apirilaren 25ean.

Urtemugako ospakizunak otsailean hasi zituzten, eta Zaldibian bukatuko dute, igandean.

Dokumentuaren akzioak