Dokumentuaren akzioak
Izena duena bada
Aukeran taldeak pertsonaia mitologikoak dantzan ikusteko aukera eskainiko du gaur, Antzerki Feriaren azken egunean
Mari, Herensugea, Basajaun, lamiak euskal herritarren sinismenak eta usadioak taularatuko dituzte, Edu Muruamendiaraz zuzendariak azaldu digunez: «Antzinako garaietako egun normal bat». Ekaitzak jainkoen babesa eskatzera bultzatuko ditu herritarrak, eta horrela etorriko da Mari, salbatzailea. «Baina Marik bi aurpegi ditu, ona eta txarra, eta gero herensuge bihurtuko da. Herriko gazte bat borrokatuko da harekin». Sokari tiraka, pertsonaia bat eta beste igoko dira taulara. Sorginen akelarrea, Basajaun eta bere artaldea, lamien amodio kontuakÉ denak ere herritarren inguruan.
Muruamendiaraz urduri dago estreinaldirako, eta aldi berean ilusioz gainezka, pozik, Kursaalerako 600 sarreretako gehienak saldu direla jakin duelako. Irailean hasi ziren ikuskizuna prestatzen, eta gogor egin dute lan. Dantzatik haratago joan dira, orain arte ez bezala; antzerkiaren mundua ezagutu dute: «Gogorra izan da guretzat antzerkiko eszenaratzea. Estilo ezberdinak landu ditugu, pertsonaien arabera». Gainera, hamar dantzariek abestu ere egingo dute, eta perkusioa jo.
Euren aurreko lan Sutargik izandako harrera ona ikusita, ikuskizun «sendoagoa» egitea erabaki zuten. Jantziei eta argiari, esaterako, berebiziko garrantzia eman diete. Zuzeneko musikaz lagunduta, dantza tradizionala eta garaikidea uztartuko dituzte, eta ikuskizuna «oso bizia eta harrigarria» izango da: «Zisko eginda bukatzen dugu. Ordubete pasatxo, geratu ere egin gabe. Ez dauka geldialdirik, memento batean erritmoa jaisten bada ere. Erritmoa jaitsi gabe ezinezkoa da. Ezin duzu izan publikoa hainbeste denboran tentsioan». Bergarakoak 30 urte daramatza dantzan, txikitatik: «Dantza gabe ez dakit zer egingo nukeen». Gogorra dela dio, «sakrifizio askokoa», baina betegarria; egunero bi ordu egiten ditu dantzan, «eta azkenengo egunetan, hau prestatzeko, askoz gehiago. Fisikoki zezena bezala egon behar duzu!».
Dokumentuaren akzioak