Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Izarren hautsak jorratzen

Dokumentuaren akzioak

Izarren hautsak jorratzen

Ikusgarri distiratsuen itzalean, tailerrak antolatu dituzte Maitaldian, jendea dantzarekin hunkitzeko. Didier Mulleras koregrafoak dantza eta multimedia batu ditu 17 ikaslerekin.

Egilea
Xan Aire
Komunikabidea
Berria
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2007/09/08

Maisua maisu, 17 ikasleren aurka ere. Didier Mulleras koreografoa Miarritzeko Maitaldian dago. Ez du jaialdiko oholtza handietan dantzatuko Beziersko (Okzitania) semeak. Dantzako izar distiratsuenak Lapurdira ekarraraztea gustukoa dute Maitaldiaren antolatzaileek. Ikusgarrien itzalean ere, jendea dantzarekin hunkitu nahi dute, publikoa zabaldu hainbat gauza ereinez. Ikusgarriak karrikara jalgiaraziz, geroz eta emanaldi gehiago urririk jarriz, errepikaldiak plazetan emanez, tailerrak antolatuz.

Izarren hautsak jorratzea da Mullerasen lana aurtengo Maitaldian. Gazte andana bat, 17 neska, bildu da antolatu duten tailerrean. Ez dira izarrak izanen. Baina dantzaz ase gabe, ezin dira bizi. Tailerrean dantza eta multimedia elkartzea da Murellasen helburua. «Proiektu zehatza dugu buruan. Inprobisazioak eginarazi ikasleei, hauek landu, eta bakoitzaren sorkuntza filmatu, gero bideoklipak osatzeko, musika eta efektu bereziekin», dio koregrafoak.

ABERASTASUNA SORTZEN. Hainbat xokotatik datoz ikasleak. Bakoitzak dantzaren zaporea dastatu du. Modern jazz, hip hop, dantza afrikar ala garaikide, bakoitzak bere estiloa, Mullerasen plazererako. «Hori bikaina da. Ezberdin-tasunarekin aberastasuna sortzen da». Batez ere askatasuna ematen delarik, inprobisazioak agintzean.

«Zuen sorkuntza bat nahi dut. Eskatzen dizuedan gauza bakarra, 16 denbora markatu behar dituela zuen koreografiak. Hamar minutu dituzue». Hasperenak eta irri desesperatuak. Baina begietan, argia eta dardara. Ez dituzte denek ahal berdinak. Estilo arras ezberdinak salatu dituzte lehen mugimenduek. Besoak hautsiz bezala ari da hau. Hip hopeko break dance-a. Giharrak mugiaraziz hasi da hori. Afrikan duke burua. Zangoen puntan dago hura. Klasikoa.

Liluraturik begiratu ditu Mullerasek. Lehen entseguen tenorea da. «Ez dut musikarik jarriko, ez eta miraila jarriko. Zuen intimitatean utzi nahi zaituztet». Berehala ikusi ditu hutsak. Batek hanka makur, besteak urrats bat gehiegi. Hau azkarregi doa, honek energia falta du. «Fite aritu behar dugu, bi oren baizik ez ditugu inprobisaketak sortzeko eta lantzeko». Bost minutu berantago, goresmenak entzun dira. «Bikain», «izugarria», «ongi». Kanpora joateko tenorea, koreografiak grabatzeko.

«Ikaragarri zaila iruditu zait ariketa» harritu da Julie. «Bai, baina nik ez dut horrelako ariketa bikainik sekula egin, ez eta eginen ere» dio Nadiak. «Gainera, bideoklipak izugarriak dira». Interneten ikus daitezke Mullerasen obrak. «Modernoak dira, bai dantzaren munduan, bai eta bideoan ere, nire ustez».

Miarritzeko dantzariekin, xehetasunak ditu bildu nahi koreografo zuzendariak. Bi kamera jarri ditu. «Bat dantzariaren ikuspegi orokorra filmatzeko da, eta bestea xehetasunak ez huts egiteko». Eskuaren grazia, bizkarraren uhinak, izerdi ttanttak. Bideoklipak Miarritzeko liburutegian ikusten ahalko dira heldu den astean. Azken errepikapena eguzkitan. Dena prest. Begiak itxi. Burua apaldu. Ez mugitu.

Dokumentuaren akzioak