Dokumentuaren akzioak
Izarren hautsa
Potreta, Mentxu Medel
Arrosaz jantzitako neskatilek zalaparta ekarri dute gelara. Txikien ballet ikastaroa hastear da. «Goazen aldagelara». Aldagelan, azuleju zuriak, eserlekuak, dantzari askoren izerdia ikusi duen dutxa. 25 urte bete ziren iaz Thalia dantza akademia ireki zuela. «Lau urterekin hasi nintzen balleta dantzatzen, eta liluratuta geratu nintzen. Handik lau urtera, zortzirekin, hainbesteko kaka eman nuen etxean, Kursaalera eraman ninduten ikastera». 15 urte bete arte ibili zen han. «Gero, Donostiako Anexa Balletean hasi nintzen, dantza garaikideko lehenengoetakoa. Hiru urte egin nituen; Bartzelonara joan behar izan genuen, han babesa lortu genuelako: etxea, dirua eta ikuskizunak!». Ondoren, Madrilera joatea erabaki zuen, goi mailako dantza ikasketak egitera. Zazpi ikastaroak hiru urtean egin zituen, joan-etorrian ibilita. Irakasle lanetan hasi baitzen, Donostian. «20-21 urte nituen; garai hartan dantzak ez zuen etorkizun handirik, sasoi latzak ziren, etxean ez genuen egungo askatasunik...».
«Nik ez dudanez profesionalki luzaro jarduteko aukera izan, nire ilusioa gutxienez beste batzuei gogoa piztea da». Akademia jartzea erraza gertatu zitzaion: «Bost urtez gimnasio batean egin nuen lan, eta Grosen ez zegoen halako ezer. Izena emateko epea zabaldu eta astebetera, guztia bete zen. Beharra zegoen. Jendeak gustukoa du dantza!». Emaitzak, baina, epe luzera datoz. «Teknika izerdi, ahalegin eta sakrifizio handiarekin ikasten da. Eta urte askoren buruan».
«Hasieran ez nuen uste hain urruti iritsiko zirenik. Gertuko helburuekin hasten zara, eta gero ikusten duzu: 'Ikasle honek baldintza paregabeak ditu jarraitzeko! Goazen Madrilera, ea zer gertatzen den'. Dantzan gailendu nahi duenak egunean sei-zazpi ordu egin behar ditu dantzan. «Hemen astean bi eskola eskain diezazkiokegu, lau asko jota, baina mugatua da». Horrenbestez, ikasleek ez dute beste aukerarik urruti jo baino. «15 urterekin etxea utzi behar dute, euskara, lagunak... Kataluniara edo Madrilera joan. Lastima da hemen eskola semiprofesionalik ez izatea 15 eta 18 urte bitartekoentzat. Dantzari onik ez dagoelako izango balitz, baina pila bat dagoe! Talentudunak esportatzen ari gara beti!».
Orain ere bizpahiru ikasle ditu labean: «Ez daude eginda, baina pare bat urte barru...». Medelen ustez, kanpora jo beharra ahalegin izugarria da, kontuan izanda dantzatik bizitzea zein zaila den: «Gurasoek galdetzen didate: 'Etorkizunik badu?' Ba ez dakit. Mutila bada, pixka bat hobeto, baina neska bada, nahiko zaila dauka. Dantzari on asko dago, eta lehia handia da!».
DANTZA, LURPEAN. «Beste arte batzuk bezalaxe, dantza lurperatuta dago. Eta pena handia ematen dit». Thaliaren 25. urteurreneko festa gogoratzean esan du hori: «Gala magikoa izan zen, hunkigarria. Bi hilabete lehenago agortu ziren sarrerak; izugarrizko ikusmina zegoen dantzariak ikusteko. Eta haiek ere gogoz zeuden hemen dantza egiteko. Eta hori bai dela deialdia erakundeentzat! Europa osoarentzat egiten dute dantza, eta hona ez dituzte ekartzen!!!».
Ikasleek alabantza besterik ez dute Medelentzat. «Dantzak batu egiten du; pasio bat partekatzen duzu. Bost urtean ez ikusi arren, harremana hain da sakona... loturak hor jarraitzen du». Medeli poza ematen dio dantzak: «Bete egiten nau. Uste dut 80 urterekin ere egingo dudala zerbait, makilarekin! Dantzan arazoak ahazten zaizkizu, eta laguntzen dizu garuneko bi hemisferioak lantzen. Oreka fisikoa, psikologikoa eta emozionala ematen dizkizu. Bizioa da!».
Mendia, paseatzea, korrika egitea eta karatea ere gustatzen zaizkio; gerriko beltza du. «Zoriontsua izatea egiten dudan guztiarekin, hori erabaki nuen orain dela 15 bat urte. Aurretik, dantza bakarrik zegoen niretzat. Eta hori ezin da dena izan; dantzatu ezin nuenean, lur jota egoten nintzen. Zoriontsu izaten saiatzeko gaude hemen! Zaila da, beti daude arazoak... baina garrantzitsua da gorputza astindu eta gustuko zerbait egitea: dantza, Kontxan bainatu... edozer!». Bere burua pertsona alai eta optimistatzat dauka. «Uste dut adierazkorra naizela, transmititu egiten dudala. Eta oso diziplinatua ere banaiz, dantzaren eraginez akaso. Batzuetan zorokeria gehiago egin beharko nuke beharbada! Kar, kar».
PrinTzaK
1954an jaio nintzen, Donostian.
1958an hasi nintzen dantzan.
1973an, Madrilera joan nintzen, dantza klasikoko goi ikasketak egitera.
1975ean, dantza irakasle hasi nintzen.
1981ean, Thalia dantza akademia sortu nuen, Grosen. Alaba eta semea ditut.
Dokumentuaren akzioak