Dokumentuaren akzioak
Izarren dantza
Donostiako Thalia estudioko ikasle ohiei ongietorria egin diete Gipuzkoako Foru Aldundian
Ez alferrik, mundu mailako dantza klasikoko hainbat izen handi haren alboan eseri ziren Donostiako Kursaalean gaur izanen den Dantza Gala aurkezteko; denak prestu eta irribarretsu: tartean Jone San Martin Frankfurteko The Forsythe Companyko lehen dantzaria, Urtzi Aranburu Nederlands Dans Theatereko dantzari solista, Lucia Lakarra Municheko Opera Balleteko dantzari nagusia eta Iker Murillo Zuricheko Balleteko dantzari solista. Ordurako Foru Aldundiko Jargi aretoa txiki geratzen ari zen, dantzariekin batera haien senitartekoek aulki ugari bete baitzituzten.
Ikasle ohiei eskerrak emateko izan ziren Mentxu Medelen hitzak, bere esanetan«dantzari handiak eskuzabaltasunez eta ilusioz Boliviako haurrei laguntzeko gala honetan parte hartzera etorri direlako». Thaliaren 25. urteurrenaren inguruko ospakizunak eskolak eman dituen dantzari unibertsalak elkarrekin aritzeko «aukera paregabea» ahalbidetuko du Medelen ustez. Gaurko ekitaldiak «dantzariak eta ikusleak lotu ditzala eta hori guztien oroimenean luzaroan gera dadila» opa izan zuen.
Irakaslearen pasioa eta artearekiko maitasuna
Hizlarien mahaian jesarritako dantzarien txanda iritsi zenean, zalantza bat edo beste sumatu zen; Urtzi Aranburu izan zen ausartena: «Urte asko dira dantzariok elkar ikusi ez dugula eta gogo handia dugu bihar [gaur] dantza egiteko; ahal dugun bezain ongi egingo dugu, eta zuek ere gozatzea nahi dugu». Medel irakasle ohiarentzat loreak ez ziren falta izan; «hemen elkartu baldin bagara zerbaitegatik izanen da-eta» gaineratu zuen Nederlands Dans Theatereko dantzari solistak bere irakasle ohiari erreparatuz. Hastapena oso garrantzitsua da nazioarteko dantza klasikoan izar bihurtu direnen iritziz, eta diziplina eta lanaz gain, «pasioa eta artearekiko maitasuna» barnerarazi zizkien Medelek; «horregatik iritsi gara gauden lekura» zehaztu zuten.
Gipuzkoako Foru Aldundiak babestuta antolatu dute gaurko gala, eta hortaz Joxe Joan Gonzalez Txabarri solastu zen instituzioaren izenean. Ahaldun nagusiak modu berezian alderatu zituen Foru Aldundiko eraikina eta antzokiak. «Etxe honek mundu mailako antzokien itxura du; politikariok antzerki asko egiten dugula ere egia da bestalde, eta seguruenik zuek erosoago egongo zarete hortaz», esan zien dantzariei.
Gipuzkoari gorazarre egiteko erabili zituen hurrengo minutuak. «Badago jendea Gipuzkoan dugunaz ohartzen ez dena; gai al zarete 700.000 biztanle eta 2.000 kilometro koadroko lurralde bat hartu eta aurrean dugun dantzari taldearen parekoa topatzeko? Mapako zein lekutan dago hori?», galdetu zuen Gonzalez Txabarrik.
Soziologian barneratzeko beta ere izan zuen politikariak: «Pertsona diziplinatuak eta garaitzen dutenak ditugu gure artean, soziologoek diotenez gizarte modernoaren ezaugarri ez diren balioak dituztenak. Eta gainera Eguberrietan etxera itzultzen den jendea da, amarena, lagunena. Eta apaltasunez direna erakutsi nahi dute, doan eta Boliviako haurren alde». Hori da Gipuzkoako «benetako» gizartea Gonzalez Txabarriren arabera.
LUCIA LAKARRA x DANTZARIA
«Dantzarekiko maitasuna eman ziguten Thalia estudioan»
Lucia Lakarra (Zumaia, 1975) Municheko Opera Balleteko lehen dantzaria etxean da egun hauetan, Alemania egun batzuetarako utzita. Thalia estudioko ikasle ohia denez, gaurko galan parte hartuko du; alboan Cyril Pierre Municheko bere ohiko dantzakidea izanen du gainera, dantzari gonbidatu gisa. Bikotearen agerraldia ikusminez espero dute zaleek.
Halako egoera berezian nola oroitzen dituzu Thalia estudioan emandako urteak?
Dantzari baten hasiera oso garrantzitsua da. Orduan ikasten dituzu diziplina, lana gogor egiten eta gauzak serio hartu behar direla. Mentxu Medel zuzendariak hori dena eman zigun, baina baita dantzarenganako maitasuna ere. Besteak beste, hori ikasi genuen Thalia estudioan.
Sarrera guztiak salduta daude dagoeneko. Zer ikusiko dute gaur Kursaalera joaten direnek?
Gure ibilbidea nolakoa izan den ikusiko dute; orain ikasten dauden haurrak eta profesional gisa dantzatu ez, baina estudioan lan egiten jarraitzen dutenak, eta gero profesional gisa mundu osoan dantza egiten gaudenak ikusiko gaituzte. Eskola batek zer-nolako lana egin dezakeen eta zenbat dantzari atera ditzakeen ikusiko dute finean.
Aspaldiko lagunak ikusteko aukera ona omen duzue.
Denak batera hasi ginen orduan. Urtzi Aranburu nire lehenengo dantzakidea izan zen. 11 urte nituela berarekin egiten nuen dantza, eta orain guztiak elkarrekin taularen gainean egotea oso garrantzitsua da.
Dokumentuaren akzioak