Dokumentuaren akzioak
Izar bat ezerezean
Kritika, Angel Corella
Ikuskizunaren lehen ziztada Mozarten inguruan landutako omenaldia genuen. Tamalez triste eta astun ibili ziren, gutxigatik dena hankaz gora ezartzeraino. Aurkezpenaren soloa salbu, gainerako guztia berdintsu sentiarazi ziguten. Dantzarien pausuak behin eta berriz errepikatzeari, kalitate hutseko musika gehitzen badiogu, porrusalda ulertezin batean murgiltzen gaituzte. Mozarten musika izugarri ona da, koreografia pila sor ditzake...baina klarinete edo tronparako kontzertuen bertsiorik zakarrenak eskaintzen badira, entzunaldia jasangaitza bilakatzen da. Dantza erakustaldiak begien bitartez gozatzen ditugula aitortu beharrekoa da, baina gor ez gaude...
Birkadze dantzariak eratutako divertimento concertante atala ez zen serioski planteatu, ez koreografiaren kalitatean, guztiz aspergarri, ez biraketa-ardatza uneetan, guztiz nahaspilatsu. Bikote lanetan gainera, gorputz mugimenduak erdizka jorratu ziren, Ricceto eta Stearnsen egonkortasuna salbuespen gisa. Mozarti eskainitako omenaldiaren goi-mailako uneak Bachen musika gozoan borobildu ziren. Aparteko kontraesana...
Kortsario artelanak txingar berezi bat piztu beharrean, lehenengo zatiko jokaldien errepikapen hutsa bilakatu zen. Hiru emakumeen ziri-zara dantza erotikoak agintariaren begiak zoratzen ditu, antzezte saiakera bidean. Kontaketa batean dantzak sortzen duen elkarbidea gozatzen ari ginela, zentzu barik, planteamendua berriz ere biluzik utzi eta dantzari bakoitzak bere hanka jolasari ekin zion. Ildo beretik ez zen deus ere abiatu eta honela lazgarri zabaltzen dira ideiak. Corella maisuaren emanaldiko hasiera eta bukaerako korapilo sortak zitalak izan ziren, eskerrak!
Dantzariak: Angel eta Carmen Corella, Alexandre Hammoudi, Xiomara Reyes, Maria Riccetto, George Birkadze eta Cory Stearns. Egitaraua: W.A.Mozarti dantza omenaldia eta Kortsario erakustaldia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Abenduaren 4a.
Dokumentuaren akzioak