Dokumentuaren akzioak
Izan, bagara
'AGURRa'
Lehenengo obra:Quorum. Koreografia: Hilde Koch eta Dantzaz. Jatorrizko musika: Paula Olaz. Dantzariak: Dantzaz. Jantziak: Tytti Thusberg. Argiak: Alaine Arzoz. Bigarren obra:Eres. Koreografia: Martin Inthamoussu. Zuzendaritza musikala: Enrique Azurza. Abesbatza: KEA. Dantzariak: Dantzaz konpainia. Tokia: Donostia, Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Urtarrilaren 25a.
Dantza mugimenduan bizi diren sinboloen multzoa baldin bada, zentzurik ote dauka hitz hauek idazteak? Sinboloak sinbolo izanik, literaltasunaren kontrako adiera, interpretaziorik behar al du ikusleak? Izan al litezke bateragarriak? Hitzon helburua ez da dantzariek egindakoari azalpen bat ematea. Hitzok ez dute gaitasunik zuzenekoaren momentu hori errepikatzeko, haragiaren iheskortasuna harrapatu eta beherapenetako jertse bat izango balitz bezala erakusleiho bateko pertxan erakusteko. Seguruenik, ikuskizunak nire gorputz-gogoetan eragindako erresonantziak adierazteko baino ez dute balio, hitzok. Horretarako, eta sorkuntza prozesuaren nondik norakoak azaltzeko, nolabait jaio berri den (jazo berri den) dantzaren aurrekariak izendatzeko. Itzulpen horrek baten batengan kuriositatea pizteko balio baldin badute, zentzua izango dute nire hitzek.
Joan den larunbatean Dantzaz konpainia (horretaz gain dantzaren sorkuntza, ikerkuntza eta mediazioaren arloan lan egiten duen zentroa ere badena) obra baten azken emanaldia eta bestearen estreinaldia aurkezteko elkartu zen Viktoria Eugenia antzokian; Adriana Pous zuzendari artistikoak (Montevideo, 1965) esan bezala, «aitona-amonak agurtu eta jarraian datozen haurrei ongietorria egiten ikasi» behar dugulakoan. Etengabeko aldaketan bizi garen honetan (aldaketen abiadak bertigoa ematen duen garaiotan), geure etxearen oinarriak zeintzuk diren galdetzen diogu geure buruari. Gure zutabeak erortzen diren artean, zeintzuk diren horietatik askaezinak, aldarrikatzekoak. Quorum (2021) pandemia garaian sortua izan zen, Hilde Koch koreografoaren (Iruñea, 1954) senez, eta, izenak berak dioen eran, koruari egiten dio dei, kolektiboari. Hiriak gure kaiola bihurtu eta txoriak leihotik baino entzun ezin genituenean, bidea hasten du dantza honek. Bidelagun izan behar zituen, horregatik, Tytti Thusberg, jantzigintza jasangarrian aritzen dena; Paula Olaz, musika arloan, eta Pous, zuzendaritzan, ezin aipatu gabe utzi. Kanpai-hotsekin hasten da ikuskizuna, herri bateko gertaera garrantzitsuak aditzera emateko iraganean genuen tresna baliatuz. Kochek alarmaren oihartzuna zabaldu nahi izan zuen horrekin, krisi handietan egin ohi moduan. Hala, obrak badu galeratik, intziritik bezainbeste: dantzariak pareta baten kontra egiten dute behin eta berriz, besoak zerurantz luzatuz eguzkiaren bila bezala, eta tupust egiten dute, grabitatearen indarraz behin eta berriro eroriz, eroriz, eroriz. Izan ginetik izango garenaz hausnartzeko ahalegin bat izan daiteke, akaso, esperientziadun koreografoarengandik gorputz gazteengana transmititzen dena. Noraezean dabilenak lurrera begiratu baino ez du egin behar antzinako jakinduria deskubritzeko, eta hartara suak, aireak eta urak xuxurlatuko dizkiote sekretuak.
Ildo beretik segitzen dio, baina, estreinatu berria den bigarren lanak. Eres (2025) Martin Inthamoussu koreografoaren (Montevideo, 1978) lana da, eta identitatearen baitan murgiltzen da hori ere, oraingo honetan lurra literalki taula gainera ekarriz, 1.500 kilo ekarri ere. Migratzaile eternoaren auziari lotuz, jaio den herrikoa sentitu ez, baina iristen den herrikoa inoiz benetan izango ez denaren deserrotzeaz aritzen da. Horretarako, interpreteen historietatik edan du, eta bere arbasoen pausoak ere inspirazio-iturri izan ditu. Ozeanoaren bestaldean ohikoa den moduan, uruguaitarrak euskalduna zuen birraitona. Identitatea arrazionala baino gehiago, emozionalagoa bada, ametsetako mundutik edaten du gehiago. Haurtzarotik, amaren bularreko usainetik. Lo hartu aurretik, sehaska kantak kontatzen zizkiguten, ametsetarako zubian laguntzeko. Inthamoussuren esanetan, horren jakitun ziren kolonoak, eta herri baten izaera deuseztatzeko lehen ahalegina hori izaten zuten: lo kantak desagerraraztea. Argentina eta Uruguaiko diktaduran haurrak desagerrarazi zituzten bezala. Hor sartzen da eszenara KEA abesbatza, dantzariekin espazioa konpartituz, Haurtxo polita abestera. Agian behin eta berriro kantatu beharko dugu, garena lapurtu edo ahaztu bazaigu, berriro nor garen gogorarazteko.
Dokumentuaren akzioak