Dokumentuaren akzioak
Izaera nazionala duen koreografia zentroak lehen urratsak egin ditu
Haurrekin lanean hasiko dira aurten, eta 2004an Gazte Baleta sortzea bideragarria den aztertuko dute
Biarritz Baleta da Euskal Herriak duen zentro koreografiko profesional bakarra, eta bere jarduera Hegoaldera hedatzeko zailtasunak gainditzen ari dira mugaz gaindiko proiektuekin. Orain arte Biarritz Baletaren emanaldiak Donostian ikusteko aukera ematea izan da egin dena, eta orain, berriz, zentro koreografikoaren lana Euskal Herri osora hedatzeko proiektuen lehen urratsak abian jarri dituzte. Gipuzkoako Diputazioarekin eta Donostiako Udalarekin egindako hitzarmenetik abiatuta, aurrerantzean Hegoaldera begira jarriko dira. Apurka-apurka bada ere, etorkizunean Biarritz Baletak Euskal Herriko dantzarien harrobi aberatsa elikagai izatea da helburu nagusietako bat, eta hala bada, euskal dantzariek etxean lan egiteko eskaintza izatea. «Oraingo hau urratsetan garrantzitsua dela esan dezakegu, ausarta baina era berean erreala», Biarritz Baleteko kide Filgi Claveriek dioenez.
Bide hori egiten hasteko Donostiako Egiako Kultur Etxean bulego bat izango du Miarritzeko koreografia zentroak, eta Adriana Pous Ojeda izango da arduradun, konpainian urte askoz dantzan aritutakoa. Aintzane Legorburu dantzariarekin batera dantza tailer eta beste hainbat jarduera martxan jarriko dituzte. Etorkizun hurbilera dauden asmoen artean garrantzitsuenetakoa haurrekin egingo duten lana izango da, eurak baitira zentro hori elikatuko duten etorkizuneko dantzariak. Bide hori lantzeko Ikastolen Elkartearekin eta eskola publiko nahiz pribatuko ordezkariekin proiektuak abian jartzekotan dira. Iparraldeko eta Hegoaldeko eskoletan lan egingo dute, eta mugaren bi aldeetara dauden haur dantzariak elkar lanean jarriko dituzte. Ikasturte honetan bertan ekingo diote lan horri.
Euskal Herriko Gazte Baletari begira
Aurrera begira sortu nahi duten Euskal Herriko Gazte Baleta sortzeko lehen urratsak dira haurrekin egingo duten lana. Izan ere, 2004. urtean aztertuko dute bide profesionala lantzeko gazteentzat plataforma sortzea bideragarria den. Biarritz Baletak egiten dituen koreografia lanetan parte hartzeko aukera izango lukete dantzariek Gazteen Baleta sortuz gero. Administrazioen papera, diru laguntzak arautzea eta beste hainbat xehetasunen aurreproiektuarekin hasiko da lanketa hori.
Bestalde, sentsibilizazio ekintzak hasiko dituzte azarotik aurrera, eta ezagutza zabaltzeko erarik onena irakasleak eta profesionalak formatzea denez, «zerbitzuen baitan eurentzat espreski pentsaturiko eskola sortu nahi» dutela azaldu du Adriana Pousek. Irakaskuntza koreografikoa eta pedagogia landuko dituzte, besteak beste.
Kultur eragile diren aldetik, publikoari zuzendutako ekimenak ere izango dira, inoiz dantzarako aukerarik izan ez duena gerturatzeko asmoz. Ez da dantza akademia bat izango, aldiz, akademian sartzeko helduei lehen urratsak erakutsi nahi dizkiete, «inoiz ez baita berandu dantzarako», Pousek dioenez.
Thierry Malandain Biarritz Baleteko zuzendaria eta koreografoa
«Mugaren bi aldeetara dagoen diferentzia instituzioen jarrerak markatzen du»
A. M / donostia
Thierry Malandain zigilu garrantzitsua bilakatu da dantzaren munduan, eta bere eskola Euskal Herri osora hedatzeko asmoan zuzendariaren lana ezinbestekoa da, proiektuan sinestun baita.
Zein ate zabaltzen dizkizu proiektu honek, Balet Biarritzeko zuzendari gisara?
Elkar trukerako oso garrantzitsua iruditzen zait. Donostian ikusten dena Miarritzera ekartzea eta alderantziz. Dantzariek ere gune bat topatuko dute mugaren bi aldeetara. Momentuz proiektua ez da oso handia, baina dantzaren inguruan mugimendua sortuko da pixkanaka. Haurrekin lan egitea da orain asmoetan garrantzitsuena, eta horrek urte batzuetara oso emaitza onak eman ditzake. Asmoa ez da Biarritz Baletaren eremua zabaltzea, dantzariei dantzarako gunea eta barne egitura egokiak eskaintzea baizik.
Dantza garaikidean Lapurdin eskaintza ona dago. Hegoalde osoan, berriz, eskasa. Zer dela eta gertatzen da ezberdintasun hori, zure ustez?
Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko aldea, dantza sustengatzen duten instituzioen jarrerak markatzen du, politika ezberdinek. Hegoaldean lehen formaziorako aukera asko daude, baina ondorengo formazioan ezin dute hemen geratu. Frantziako Gobernuak eta baita Iparraldeko udalek ere diru laguntza ugari eskaintzen dituzte, baina alde hori berdinduz joango da horrelako ekimenei esker.
Donostian Gazteen Baleta sortzeko egitasmoa bide horretan proiektu interesgarria izan daiteke. Urruna oraingoz, hala ere.
Bai, baina egiteko modukoa da, eta denbora behar izaten da horrelakoak sortzeko. 2004an hasiko gara aztertzen, baina jada ideia ugari ditugu, eta aurrera atera dadin aukera asko ditu. Harrobia sortzea da horren helburu nagusia, eta Biarritz Baleterako elikagaia izatea. Zergatik joan Madrilera, Biarritzen sekulako baleta eta horretan aritzeko aukera handiak badaude? Jada sortzen ari da ohitura hori, eta gutxira natural izatea lortu behar dugu.
Dokumentuaren akzioak