Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Iurretako dantzari guztien jaia izango da aurten Urrijena

Dokumentuaren akzioak

Iurretako dantzari guztien jaia izango da aurten Urrijena

Emakume dantzariek ere parte hartuko dute aurtengo Urrijenan. Iurretan inoiz dantza egin duten herritar guztiak gonbidatu dituzte jaian parte hartzera. Herriko emakume dantzarien artxiboa sortzen ere hasi dira, eta horretan laguntzeko deia egin diete iurretarrei.
Komunikabidea
Anboto
Tokia
Iurreta
Mota
Albistea
Data
2014/04/09
Lotura
Anboto

Urriaren 12an ospatuko dute aurten dantzarien Urrijena jaia. Aurten 25 urte betetzen dira lehenego aldiz Urrijena ospatu zutenetik, eta ordutik, bost urterik behin, gizon dantzarien jaia izan da. Aurten hori aldatu egingo da, eta emakumeek ere parte hartuko dute jaian. Urrijena prestatzen talde berri bat dago, eta aldaketa "modu oso naturalean" egin dela azaldu dute: "Azken Sanmigeletan, neskek mutilek dantza egiten zuten saio guztietan parte hartzea erabaki zuten. Hori horrela, ikusi dugu momentu ona dela Urrijena benetako Iurretako dantzari denen jaia izateko".

Orain arte Urrijena antolatu izan dutenen lana gogoratu eta eskerrak eman dizkiete batzorde kide berriek, "euren denbora eta borondateaagatik".

Emakumeen parte hartzea aprobetxatuta, emakume dantzarien artxiboa egiten hasi dira. Arinago mutil dantzariekin egin zen bezala, Iurretan inoiz dantza egin edo ikasi duten emakumeen izenak batzen dabiltza. Asmoa inoiz dantzari izan diren guztiak gonbidatzea dela esan dute: "Dantzara, bazkaltzera edo ikustera, etorri daitezela, denak daude gonbidatuta". Horretarako, batez ere emakume nagusienak kontaktatzea zaila izan daitekeela ikusten dute. Urrijenako batzordeagaz kontaktuan ipintzeko telefono zenbaki bat eta helbide elektroniko bat eman dituzte: 688 813 599 eta urrijena@gmail.com.

Neskei zuzendutako batzar bat ere egingo dute Aste Santu ostean, koordinazio lanak egin eta egunaren gainekoen berri emateko.

Urrijenako logotipoan ere aldaketak egin dituzte; lehenago mutil dantzari bat zen logotipoko protagonista. Orain, Iurretako bandera eta dantzarien betibizi loragaz osatutako irudia da. Eñaut Aiartzaguenak diseinatu du, eta hari eskerrak eman gura izan dizkiete.

Herri bazkaria

Urriaren 12ko jaiari buruz, oraindik egitaraua definitzen dabiltza, baina aurreratu dutenez, herri bazkari bat egiteko asmoa daukate: "Orain arte jatetxe baten bazkaltzen zen, eta bazkaria herri osora zabaltzea gura dugu aurten". Bazkariaz gainera, erromeria antolatzeko asmoa daukate.

Dokumentuaren akzioak