Dokumentuaren akzioak
Itzalari begira
Nork: Ertza konpainiak.
Noiz: urriaren 3an.
Non: Getxoko Muxikebarri aretoan.
---------------------------------------------
Bi urte atzera izan nuen Moor Krad obraren berri; hain zuzen, Ertza konpainiako kideek dantza pieza sortu eta estreinatu zuten garaian. Orduan, 2022an, Asier Zabaleta koreografoaren hitzen bitartez saiatu nintzen emanaldiak adierazi nahi zuena ulertzen. Gerora, Zabaletarekin izandako solasaldia testu bilakatzea egokitu zitzaidan. Gaurkoan, orduan jaso nuen informazioa dagokion formatuan ikusteko parada izan dut. Gaur bai, dagokion lengoaian ariko dira Zabaletaren esanetara jardun diren dantzariak.
Sortzaileen hitzetan, denok dugun –eta sarri ukatu nahi dugun– alderdi ilunari erreparatzeko asmoz ondutako proposamen eszenikoa da Moor Krad. Izenburuari buelta emanda, Dark Room (ingelesez, gela iluna). Joko horri segika, Muxikebarri aretoa oso toki egokia iruditu zait pieza taularatzeko. Beltz beltza da gela, beltzak besaulkiak, beltza oholtza eta beltza da teloia ere bai.
Oholtzan agertu dira lau dantzariak eta Iosu Yeregi abeslari lirikoa. Yeregik eskutan duen argia da iluntasunean ageri den izpi bakarra, eta fokoaren itzal-argi-itzal jolasa aski da datorrenaren lehen zantzuak agerian uzteko. Mehatxagarriak iruditu zaizkit dantzarien mugimenduak, elkarren artean kiribilduta askotan. Edozein kasutan, aske bizi dira dantzariak, ezkutatu gabe.
Yeregiren ahotsak eta gorputzak gidatzen du, nolabait, istorioa. Yeregik hezurmamitzen gaitu gu, hezurmamitzen du norberaren alderdi ilunari begira jartzen den gizabanakoa. Dantzaldian musika indartsua entzuten den arren, oso modu berezian janzten du pieza Yeregiren kantuak. Zabaletak aitortu du Yeregiren lana berebizikoa dela emanaldian: Henry Purcell eta John Dowland konpositore barrokoen hainbat pieza hautatu dituzte, eta zuzenean kantatu ditu abeslari lirikoak. Doinuei dagokionez, musika elektronikoaren eremura eraman dituzte pieza klasikoak. Kantatu ez ezik, dantzatu ere egin du Yeregik, dantzari profesionalekin integratuta.
Yeregik bere alderdi iluna irudikatzen duten dantzariekin hartu eman korapilatsua du, denok dugun bezalakoa. Kurioski, sedukzioak eta biolentziak janzten dituzte sekuentzietako asko; edo, behintzat, horiek dira identifikatzen errazenak.
Eszena sekuentzia sorta indartsua osatu dute artistek. Batzuetan gertu, besteetan urrun. Zenbaitetan besarkatuta, beste askotan borrokan. Horrelako zerbait da norberaren alderdi ezkutuarekin harremana, ezta? Batzuetan, agian, onartu egiten dugu. Baina, gehienetan, errefusatu. Eta, beraz, zer gertatzen da gure alderdi ezkutuari erreparatzen diogunean? Nora garamatza?
Dokumentuaren akzioak