Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Itxurakeriak duen garrantziaz hausnarketa egiten saiatzen gara»

Dokumentuaren akzioak

«Itxurakeriak duen garrantziaz hausnarketa egiten saiatzen gara»

Ertza konpainiak 'Look' ikuskizuna eskainiko du gaur Ordiziako Herri Antzokian 10:15ean hasita

Egilea
Estitxu Imaz
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Mota
Elkarrizketa
Data
2007/02/09

Nola definituko zenuke Look ikuskizuna?

Ikuskizun honetan dantza, antzerkia eta bideoa erabiliz, gaur egun itxurak, edo hobeto esanda itxurakeriak gure gizartean duen garrantziaren inguruko hausnarketa bat egiten saiatzen gara.

Itxuraren inguruan kritika sakona egiten duzue. Zergatik aukeratu duzu konkretuki itxuraren inguruko gai hori?

Gure aurreko lanean, Babia-n, bakarrik gaudeneko edota bakarrik gaudela uste duguneko une horiek aztertu genituen. Izan ere, bai geure burua eta bai gure ingurukoak aztertuz, atzeman zitekeen une lasai horietan ohartu gabe gauza asko egiten genituela (barne bakarrizketak, ispilu aurrean keinu arraroak, kantuak, koreografia txikiak...) eta normalean jarrera horietan gizarteak inposatzen dituen jokamoldeetatik at geure munduan murgiltzen ginela; hau da, pertsona bere esentzian ikus genezakeela. Eta benetan harrigarria iruditu zitzaidan bere munduan zegoen jende gehientsuena, nahiz eta inkonszienteki izan, bere itxuraz arduratzen zela, ileak orraztuz edta arropak atonduz.

Euskal Herriko gizarteak ba al dauka itxurakeriaren eraginik?

Nik uste dut gaur egun herri guztiek jasaten dugula itxurakeria. Eta herri aurreratuenetan oraindik gehiago. Askotan jendeak modaren aurka joateko janzkera edo jarrera berri batzuk adoptatzen ditu, baina azkenean janzkera eta jarrera horiek ere beste moda bat bilakatzen dira. Azken batean dena zaintzen dugu. Ilea aldrebestuta daraman gazteari ere eskuarekin kaskezurrean ukituz gero segituan ohartuko gara horrek grazia handirik ez diola egiten, eta ilea nahastuta eraman arren ile bakoitzak bere toki zehatza duela.

Kartela bera ere berezia da. Modako aldizkari baten formatua du, baina emakumearen edertasuna plastiko batez estalia edo disimulatua dago. Zergatik kartel hori?

Kartelean agertzen den argazkia ikuskizuneko eszena batetik aterata dago. Ez nuke gehiegi esplikatu nahi, baina eszena horretan kirurgia plastikoaz ariko gara. Gaur egun pertsona asko bere itxuraren hobetze transformazio horretan plastikozko panpina baten itxurara hurbiltzen den agertuko dugu, eta beraien artean ere askotan antza hartzen dute.

Nola adierazten da kritika dantza bidez?

Lehen esan bezala ikuskizun honetan dantza, antzerkia eta bideoa tartekatzen ditugu, eta hirurekin lengoaia berri bat osatzen saiatzen gara. Horrela ideia zehatzak azaldu nahi baditugu testua erabiliko dugu, sentimendu abstraktoak azaldu nahi baditugu mugimendua eta ikuslea egoera zehatz batean kokatu nahi badugu, bideoa nahiz eszena teatralak.

Eszenatoki gainean hiru lagun ageri dira edo gehiago... Sarritan benetan zaretena eta ematen duzuena nahastu egiten baitira.

Bai, hiru dantzari ariko gara taula gainean baina askotan bideoan gu geu azaltzen gara aurretik grabatuak, eta errealitatea irudiarekin nahasten da.

Nolakoa izan da lankideen arteko harremana?

Oso ederra eta sakona. Niri dantzariak hasieratik sorkuntza prozesuan inplikazio zuzena izatea gustatzen zait, eta ondorioz beti jende sortzaile eta proposatzailearekin lan egiten saiatzen naiz. Gure lana ez da koreografia hutsa. Hau da, koreografo batek agintzea eta dantzari batzuk erreproduzitzea. Hemen guztioi tokatzen zaigun gai batez ari gara, eta horrek gaiaren hausnarketa bat eta anasili bat eskatzen du, eta gero modu sortzaile eta artistiko batean gai horri buruzko iritzia edo posizionamentua emateko gai izatea.

Nori zuzendutako lana da Look? Edozeinek ulertzeko modukoa al da edo duen mezua jasotzea zaila da?

Ez, edonorentzat da baliogarria. Eszenak oso ulergarriak dira hasieran eta gero guk eransten diogun umorearekin eta ironia puntuarekin erdi kolokan uzten ditugu. Azken batean edonork bere buruari egin diezazkiokeen hainbat galdera uzten ditugu airean, gero bakoitzak bere ondorioak atera ditzan.

Zure ibilbide profesionalari dagokionez, denbora askoan kanpoan ibili zara. Orain etxean zabiltza. Bertan geratzeko asmoa al duzu?

Bai. Orain dela bi urte Euskal Herrira bueltatzeko erabakia hartu nuen. Dagoeneko besteentzat lan egiteaz nekatu egin nintzen eta etxetik urrun egoteaz ere bai. Euskal Herrian nik atzerrian egiten nuen antzerki-dantza gehiegirik ez dagoenez, neure lanak aurrera ateratzeko beharrean jarri nuen neure burua. Azken batean betidanik egin nahi izan dudana horixe izan da.

Euskal Herrian dantza egitetik bizitzerik ba al dago? Edo karrera profesional bat egin nahi duenak nahitaez kanpora irten behar du?

Egia esan aukera handirik ez dago. Baina denok alde egiten badugu inoiz ez dugu sortuko ondorengoentzat aukerarik. Gainera, beste herrietan eman den bezala, hemen ere kulturaren garapen bat emango da, eta hemendik urte batzuetara dantzaren presentzia beste Europako hainbat herriren parekoa izango da. Baina hori gertatu dadin denok jarri behar dugu gure aletxoa.

Zein helburu duzu aurrera begira? Zein da zure ametsa?

Dantzan hasi nintzenean nire ametsa noizbait Donostiako Victoria Eugenia antzokian dantzatzea zen, eta hori aspaldi bete nuen. Ordundik ametsak transformatzen joan dira eta pixkanaka-pixkanaka neurri handi batean betetzen (agian bizitzari gehiegi eskatzen ez diodalako da, nork daki...). Oraintxe nire ametsa neure proiektuak atzerrian eskaintzeko aukera izatea da, eta dirudienez datorren udaberrian bertan amets hori ere egia bihurtuko da, EGO-tik bakarlana Luxenburgon, Pekinen (Txina) eta Manilan (Filipinak) eskainiko baitut.



 

Ezaugarriak

«Dantza, antzerkia eta bideoa tartekatzen ditugu eta hirurekin lengoaia berri bat osatzen saiatzen gara»

Ikusleak

«Edonork bere buruari egin diezazkiokeen galderak uzten ditugu airean, gero bakoitzak ondorioak atera ditzan»

Dokumentuaren akzioak