Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Itxura eta izaera

Dokumentuaren akzioak

Itxura eta izaera

Kritika, Ertza - Look

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2006/05/16

Itxurek engainatu egiten dute, baina neu bakarrik. Ze besteen aurrean nabarmen uzten naute». Hitz horiekin laburbildu daiteke Asier Zabaletak plazaratu berri duen Look dantza lanaren abiapuntua. Hain zuzen ere, itxura fisikoak norbanakoen izaeran duen garrantzia aztertzen dute taula gaineko hiru dantzariek, banaka zein taldeka, noizean behin hitzak eta denbora ia osoan bideo irudiak dituztela lagun.

Aurretiazko aurkezpenetan eta esku-programan zekarren moduan, dantza, antzerkia eta bideoa aurkituko genituzke Look-en, eta horrek nolabaiteko artega sortu zidan, sortzaile batzuek dantza antzeztuaren edo antzerki dantzatuaren bidea aukeratzen dutelako, kontuan hartu gabe erdibideko hautu hori nahiko konformista eta, horrexegatik, antzua izan daitekeela. Asierrek, ordea, esandako hiru lengoaiak baliatu ditu haien arteko eraginetatik onura artistiko ukaezinak ateratzeko eta oso puntu polita emateko lanaren osotasunari.

Bestalde, lan honek zeukan beste arrisku bat gehiegizko zatikatzearena zen, koreografiek hainbat eszena edo pasarte solte irudikatzen dituztelako eta egitura mota horrek, normalean, emozioaren igoera eteten duelako. Ordea, nik esango nuke Look-en erabat murriztu dela balizko efektu hori, jokoan egon diren elementu guztien arteko koherentziari esker, eta batez ere bideoaren eta hiru dantzarien presentziari esker.

Izan ere, oso rol interesgarria jokatzen dute bideo proiekzioek, eta haien artean bereziki aberasgarriak dira ate bikoiztuen eszena eta behegaineko mugimenduak horman proiektatzen direnekoa, elkarreragin bereziak sortzen baitituzte benetako dantzariekin. Bideorik gabeko pasarteen artean hipnotikoa iruditu zait autobusa edo trenaren zain dauden hiru dantzariena, kaleko mugimendu naturalen segidekin osatzen dena. Beste eszena batzuk, aldiz, umorean murgildu dira, hala nola arropa erostera joan eta maniki bihurtzen den emakumearena edota bere lumazko isats amaigabean biltzen den femme fatale-aren irudia.

Dantza hutsaren arloan, hirukote erakargarri eta orekatua osatzen dute Golab, Zabaleta eta Andresek. Euren keinuak eta mugimenduak zehatzak eta garbiak dira uneoro, koreografiek egikera perfektua erakusten dute eta hiru dantzarien profesionaltasunak heldutasun nabaria ematen dio pieza honi, ezohizko hasieratik amaiera guztiz poetikoraino.

Dokumentuaren akzioak