Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Itxaso Cayero Ugalde: "Boiseko haurrek euskal dantzak dantzatzen dizkiote Olentzerori"

Dokumentuaren akzioak

Itxaso Cayero Ugalde: "Boiseko haurrek euskal dantzak dantzatzen dizkiote Olentzerori"

NABOko euskara koordinatzailea

NABOko edo AEBetako euskal etxeetako euskara eskolen bi teknikarietako bat da Itxaso Cayero. Boisen jaioa, 25 urte dauzka eta euskara eta euskal kultura dinamizatzaile lana egiten du, eta euskara ikasteko liburuen egile ere bada, ingelesez
Egilea
Joseba Etxarri
Komunikabidea
Deia
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2014/12/26
Lotura
Deia

Istorio guztia esatearren, Itxaso Cayero Boisen jaio zen, baina berehala aldatu zen Euskal Herrira, Mungiara. Ondoren, 17 urterekin, Boisera itzuli eta geroztik bertan dihardu. Irakasle eta euskara eskolak ematen ibili ostean, duela urtebete NABOko euskara koordinatzaile izendatu zuten, San Frantziskoko Aitor Iñarrarekin batera. Boisen, eskolak ematearekin bat -edo lan horretako parte- dinamizatzaile ere badabil, euskara mugiarazteko jolasak, kantuak, bideoak eta kultur ekintza ugari antolatzen baitituzte, tartean, esaterako Santa Agedako koplak, Korrika bera datozen hilabeteetan edo Olentzero, bertako euskal bizi-tzaren higitzaile eta suspergarri.

Nolako hilabetea da abendua Boisen euskal komunitateari dagokionez?

-Bizia. Beti dago zerbait, batez ere Basque Block edo euskal auzoan. Abenduaren 3an Euskararen Eguna da eta euskara ikasleak elkartu eta jolasak eta jokoak egiten ditugu eta euskal musikariak gonbidatu eta gogoz kantatzen dugu. Euskal auzoko tabernetan poteatu eta gabon-kantak ere abesten ditugu. Aurten, Boiseko Oinkari dantza taldeak 50 urte betetzen zituen eta ekitaldi berezi bat egin zen, taldea sortu zutenetako bost dantzarirekin, jende asko etorri zen. Biotzetik korala adineko euskaldunak dauden zaharretxeetara doa eta eguberri-abestiak kantatzen ditu. Oso hi-tzordu tradizionala da, hemen Sheepherders Ball izena duen dan-tzaldia, aurten abenduaren 20an, Jesus Alcelay-k sukaldatzen duen afaria eta gero, Oinkarien emanaldia, ardi enkantea, Amuma Says No talde euskal-boisetarrak girotzen duen berbena eta ekitaldia... atera-tzen den dirua elkartasun proiektu batentzat da. Eta gero, Olentzerorekin zerikusia daukaten ekimenak.

Olentzero, beraz, iristen da Boiseraino.

-Jakina (barre egiten du). Olentzero Euskal Etxera etortzen da eta opariak ematen dizkie umeei. Arinago, baina, umeek euskal dantzak dantzatzen dituzte Olentzerok ikus ditzan. Txantxangorriak gaztetxoen musika taldeko trikitilari eta pandero joleek ere jotzen dute. Abenduaren 7an etorri zen ikazkina Euskal Etxera. Ikastolara, berriz, 16an. Umeek gutunak idatzi eta eman zizkioten eta gailetak ekarri zituzten Olentzerori emateko. Bere aurrean kantatu genuen, eta berak opari txiki batzuk banatu zituen. Patxi Lostra izan dugu hamar urtez Olentzero, eta berak ezin izan duenean Ramon Ysursa, Sean Aucutt edo Raimundo Uriarte aritu izan zaizkigu. Aurten gainera, baserritarrez jantzi ahal izan dira Boiseko umeak Euskal Herritik bidalitako jantziei esker.

Urte Zaharrean bada euskal ohitura berezirik Boisen?

-Basque Block-eko Leku Ona jatetxeak menu berezia eukitzen du. Lagunekin elkartzen gara afaltzeko, baina nik dakidala ez dago ohitura berezirik, San Fran-tziskon eta beste toki batzuetan bezala.

Gaia aldatuz, zenbat euskara ikasle daude zuekin, AEBetako euskal etxeetan?

Ia berrehun, 195 ikasturte honetan.

Euskara Munduan programan, zenbat pertsona ari zarete prestatzen euskara irakasle izateko?

-Hogeita hamahiru ikasle berri izan ditugu aurten Bogarekin.

Orain hasiko den urtea, 2015a, Jaialdi urtea da Boisen.

-Bai, espektatiba handiak daude eta ematen du jendetza handia batuko dela San Inazio egunaren bueltan euskal festa erraldoi horretan parte hartzeko. NABOko euskara eskoletakoek ere stand bat izatea eskatu dugu, ordenagailuekin, jendeak ikus dezan zer egiten dugun eta klase arruntetan edo Boga-n (internetez) izena eman ahal izan dezan.

Badirudi lana eta planak ez zaizkizula faltako...

-Bigarren liburua ere bukatu nahi dut, martxorako, umeei euskara irakasten dietenek horretarako beste tresna bat izan dezaten. Aurten Korrika ere hor dugu, eta euskal etxe gehienak antolatzera gonbidatu nahiko genituzke... Lana badugu eta gustura egiten dugu. Nire ustez garrantzitsua da hori bera, gustura ari zarela, euskara bizitzan pozgarri zaizula, ikasleei eta euskarara eta euskal kulturara hurbiltzen direnei erakutsi eta transmititzea.

Itxaso Cayero AEBetako euskal etxeetako euskara koordinatzaileetako bat da Boisen.Argazkia: EuskalKultura.com

Itxaso Cayero AEBetako euskal etxeetako euskara koordinatzaileetako bat da Boisen.Argazkia: EuskalKultura.com

Dokumentuaren akzioak