Dokumentuaren akzioak
Itxartu taldeagaz batera izango dira Afrika, Puerto Rico, Kaukaso eta Errusiako ikuskizunak
Folklore Jaialdia hiru egunean egingo dabe, bihar hasi eta domekara arte
Folklore jaialdiak egun bi iraundu dau beti, baina aurten, publikoaren erantzun ederra ikusita, hiru egunean egingo dabe. Getxotarrek Burundiko (Afrika) taldeagaz batera urtengo dabe agertokira, Algortako Biotz Alai plazan. Barikuan, garagarrilaren 20an, Itxartu taldea osotzen daben 40 dantzarik urte osoan egindako beharra erakutsiko dabe. Itxartu taldea 1974an sortu eban Iñaki Uriak, Euskal Herriko kultura musika eta dantzaren bitartez zaintzeko asmoz.
Afrikatik Getxoraino
Afrikako Batimbo Burundi taldeko kideek Burundi zaharrean joten ebezan musika tresnak erabilten dabez euren ikuskizunetan, eta Algortako Biotz Alai plazan be halaxe izango da. Orain dala urte asko danborren soinuek herriko gertaera garrantzitsuenak iragarteko balio eben; gaur egun, barriz, jaietan eta gonbidatuen aurrean joten dira danborrak, batez be, eta euren arteak urtez urte iraundu dau.
Zapatuan, garagarrilaren 21ean, Dagestaneko Gaztediak izeneko taldearen ikuskizuna izango da. Dagestaneko (Errusia) Lezghinka dantza folklorikoaren konpainiaren barruan sartuta dago talde hori, eta herriko ohiturak zabaltzen dauz dantza zaharren bitartez. Kaukasoko iparraldean bizi diran talde etnikoen dantzak be agertzen dauz Dagestaneko dantza taldeak, tartean kabardins edo armeniar etniakoak. Musika zuzenean joten dabe ikuskizunetan, eta euren herriko musika tresna zaharrak joten dabez.
Getxoko Nazinoarteko Folklore Jaialdia domekan amaituko da; hilaren 22an Puerto Ricotik etorritako Guarionex baleta, eta Argentinako Gran Ballet taldea agertuko dira Getxo antzokian. Puerto Ricoko taldea 1978an sortu zan, Morovis izeneko herrian, eta kalidadeko folklore ikuskizunen bitartez euren tradizinoak eta ohiturak zabaldu gura dabez taldeko dantzariek eta musikariek. Guarinox baletak aratusteetarako musikea, saltsa eta beste hainbat musika alai joten dauz, jantzi biziakaz lagunduta.
Argentinako Balet Handiak, barriz, Cordoba urian dauka egoitzea, eta Miguel Angel Tapiak zuzentzen dau. Argentinako musikea ikertzen eta zabaltzen ibilbide luzea egin dau taldeko zuzendariak, ganera. Argentinakoek kritika ederrak jaso izan dabez beti, eta euren herriko bi jaialdi garrantzitsuenetan hartu dabe parte. 1973an bertako balet ofizial izendatu eben taldea. Hain zuzen be, Argentinako emonaldiagaz itxiko dabe aurten folklore jaialdia. Iluntzeko 22:00etan hasiko dira emonaldi guztiak, eta egunero sarrerea doan izango da.
Jaietan barrak ipinteko baimena, dekretu baten bidez
Getxoko Udala jaien inguruan dekretu barria idazten dabil egunokaz; horren arabera, gure udalerriko tabernen kanpoko aldean barrak ipinteko baimena emongo dabe, orain arte egoan debekua alde batera itxita. Tabernariek aldez aurretik baimena eskatu behar izango dabe, udaletxean eskatu be, jaietan barrak ipini ahal izateko.
Barrak ipinteko ordutegia izango da arrastiko 20:00etatik goizeko 02:30era, edo goizeko 04:00ak arte, taberna motaren arabera; egunez, barriz, barrak kendu behar izango dabez tabernariek. Horrezaz ganera, preminazko neurri guztiak bete behar izango dabez jaietan ipinten dabezan barrek.
Tabernen jabeek 100.000 pezetako fidantzea ordaindu behar izango dabe, barrea ipini ahal izateko. Dekretuan aitatzen dabezan baldintzak beteten ez dabezan ostalariei isuna ipiniko deutsiee, eta barrea kendu behar izango dabe.
Dekretuak herriko jai nagusietarako balioko dau: Iñaki Deunaren, Portu Zaharreko, eta Erromoko jaietan erabiliko dabe. Dekretuaren bitartez, igaz gai horren inguruan sortutako arazoak konpontzea itxaroten dabe.
Dokumentuaren akzioak