Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Iturri zaharreko jarioa

Dokumentuaren akzioak

Iturri zaharreko jarioa

Ezarian. Dantza

Egilea
Iñaki Lasa
Komunikabidea
Berria
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2011/10/01
Lotura
Berria

Mizel Theret koreografoa hiru dantzarien aurrean, bakoitzari dantza bat eskainiz. Uraren hotsa bozgorailuetan. «Haiek hiru iturri dira; joaten naiz iturri horietara, eta edaten dut; hori da ene dantzaren zentzua». Ez du edonolako ura edaten Theretek. Filipe Oihanburu (90 urte), Jean Nesprias (84 urte) eta Koldo Zabala (75 urte) elkartu ditu oholtza gainean, euskal dantzarekin lotura estua izan duten hiru dantzari. Oroitzen naiz... lana osatzen dute guztien artean, Euskal Kultur Erakundearekin eta Ballet T mugaz gaindiko koreografia zentroarekin elkarlanean.

Obra minimalista da Oroitzen naiz…, mugimendu urrikoa; sinplea azalean, baina ñabardura askorekin barnean. Mugimendu bakoitzak esanahi bat du gordea, ez dago zoriaren menpe dagoen pausorik. Geldotasunak eta gozotasunak markatzen du lana. Obraren indarra ez dago dantzarien teknikan eta balentrietan oinarritua, Oihanbururen, Nespriasen eta Zabalaren interpretazioan baizik. Hirurak beren ahulezia eta nekearekin ageri dira oholtza gainean. «Enetzat dantza ez da teknika, ez dut dantza hori defenditzen, alderantziz. Bakoitzak bere gizatasuna erakusten du, barne dantza bat litzateke», dio Theretek.

Hiru dantzarientzat oso pertsonala da obra. Koreografoak ez zuen gidoia guztiz itxi haiek ondo ezagutu arte. Bakoitzak gaztaroan izandako bizipenekin aberastu dute. Horri buruz mintzo da Zabala: «Nagusiak [Mizel Theretek] asmatu egin du, askatasuna eman digu, eta beharrezkoa zenean zuzenketak egin ditu. Pieza honetan ezin da gezurrik esan, obra sentimentala da. Bakoitzari gure nortasuna antzezteko aukera eman digu, eta gure gaztaroa kontatzen dugu; jaso duguna, behartu gaituztena. Geure interpretazioa da, eta ez dugu gezurrik esaten». Oihanburuk bat egiten du bere lankidearekin, eta koreografoaren lana goraipatu du. «Mizelek asmatzen dituen keinuek badute erranahi bat. Ez guztiek, baina anitzek. Keinuek erran nahi dute zerbait, eta guk sentitzen dugu hori, eta gure baitara etorri gara horri esker. Bertzerik ez».

Gaztarotik urrun dauden hiru dantzari oholtza gainean elkartzeak omenaldi itxura har dezakeen arren, berehalakoan zimurtzen dute kopeta protagonistek. «Ez da ez omenaldia ez ezer; jarri genuen lehenengo baldintza izan zen. Euskal Herrian omenaldi asko egiteko ohitura dugu», azaldu du Zabalak beste bien onespenarekin. Theretek osatu ditu haren hitzak: «Ez da omenaldia, hori seguru. Ez zuten nahi! Normalki omenaldi bat badela, baduzu zango bat hilobian».

Heriotza obran zehar ageri da, azpiko gai baten moduan, zuzenean aipatzen ez den arren. Baina obra ez da hor geratzen, Oihanburuk «bizi naizeno, bizitza kantatuko dut», dio lanaren pasarte batean. Halere, Thereten aburuz, obra ulertzeko modu asko daude: «Badira zentzu anitz, eta ikusle bakoitzak eginen du bere bidea horretan».

Zailtasunak ere topatu dituzte bidean. Zabala prestakuntza klasikoko dantzaria da, eta urteetan ikasitakoa ahaztu egin behar izan du hizkuntza berri batera egokitzeko. Nespriasek eta Oihanburuk ere jauzi handia egin dute dantza tradizionaletik adierazpen garaikidera. Oztopoak oztopo, bakoitzaren mugak aurkitzeko eta gainditzeko balio izan die. Zabalak beren «hizkuntza propioa aberasteko» baliagarri izan dela uste du, eta etorkizunerako «ekarpen» handia ekarri diola. Oihanburuk antzezlanak «bizitzeko borondatea» ekarri diola adierazi du: «Mizeli esker bizi gara». Orain dela hogei bat urte alboratu zuen dantza, eta pozik, baina «pixka bat nekatua» dago bere itzulerarekin.

Theretengan ere eragin zuzena izan du obrak. «Ondorioak izango dira ziur. Markatu naute; betikoz». Aurkeztu berri duen sorkuntzaren ondoren, eta etorkizunera begira, beste antzezlan bat egiten badu «beste manera batez» ariko dela uste du.

Lehen oroitzapenak

Bizi osoa dantzari eskaini ondoren, irribarrez gogoratzen dute dantzaren inguruan duten lehen oroitzapena hiru protagonistek. Hendaian fandangoa dantzatzen zuen lehen egun horiekin hasi da Oihanburu, baina bizipenak bata bestearen gainetik pilatzen zaizkio gero: «Fandangoa sueltoan dantzatzen ikasi nuen Parisen, baina ene bakantzak Hendaian pasatzen nituen. Hendaiarrak harrituak geratzen ziren paristar bat fandangoa dantzatzen ikusita. Gerora, asko maite nuen swinga, eta oso ona nintzen horretan. Olaetarekin [Segundo] ikasikoaz oroit naiz ere, hura erbesteratu zutenean hemen bizi zen, eta hango [Hegoaldeko] dantzak erakusten hasi zen. Hemen ez zekiten ezpata dantzan, aurreskuan, eta Olaetari esker hasi ziren dantza horiek Iparraldean zabaltzen».

Nespriasen oroitzapenetan ere ageri da Gernikako maisua: «Olaetak erakutsi zidan guztia. Berari zor diot euskal dantzari diodan maitasuna». Parisera bidaiatzen du Zabalaren gogoak, familian dantza ikasi ondoren jaso zuen prestakuntzara: «Alexandr Volonine eskola errusiarreko maisu handiarekin hasi nintzen ikasten, eta gero Yves Brieux-Ustaritz ezagutu nuen, Parisko kontserbatorioan zegoela».

Bide desberdinak, elkarturik

Nahiz eta hiru dantzariek oso ibilbide luzea izan, ez zuten elkarrekin lanik egin Theretek elkartu dituen arte. Zabalak bitxikeria bat gogoratzen du: «Pentsa, 1953an ezagutu nuen Filipe. 15 edo 18 urte nituen garai hartan, eta berak 30 inguru. Orain, 60 urte ondoren, taula gainean elkartu gara». Dena den, badute lotura bat: Oldarra. Olaetak sortutako taldearen buru izan zen Oihanburu 1945etik 1953ra. Nesprias ere taldeko kide izan zen harik eta Orok Bat taldea eratzea erabaki zuen arte. Egun, Zabala da Oldarrako zuzendaria, eta Euskal Herrira itzuli da ballet konpainia gidatzeko.

Hainbeste urteren ondoren elkarrekin lan egiteko aukerarekin pozik daude dantzariak. «Sorpresa handia izan zen», aitortu du Nespriasek; «alaitasun handia». «Hiruron bide desberdinak agertokian elkartu dira. Lauronak, Mizelek elkartu baikaitu». Oihanburu, berriz, «harriturik» gelditu zen ideiarekin: «Zer egingo dut? Zer izango da? Pentsatu nuen, baina ez nuen ezetz erran».

Dantza beraientzat zer den galdetuta, ez dute zalantzarik egiten, eta Zabalak hartu du hitza. «Guretzat dantza bizitza da». Begietan dir-dir berezi bat duela jarraitu du: «Behin dantzari izan dena betirako da. Badaude afizioagatik dantzari direnak; baina guretzat ez da afizio bat, gure pasioa da. Dantzarekin, balletarekin, ezkondu gara. Laurok».

Ezkontza horren testigu izango dira gaur eta bihar Miarritzeko Koliseoan obra ikusten dutenak. Ikusmira handia sortu du herenegun estreinatu zuten antzezlanak, eta jada sarrera guztiak amaitu dira. Hilaren 4an beste emanaldi bat emango dute, Donostiako Antzoki Zaharrean, eta sarrerak salgai daude oraindik. Hitzaldi bat emango dute protagonistek azken emanaldi horren ostean. Iturri zaharraren ur jarioak heldu den urtean jarraituko du: Caroline de Oterok eta Catherine Guillaudek entsegu eta emanaldi guztiak filmatuko dituzte, bildutako irudiekin dokumental bat prestatzeko.

Hiru dantzariak besoak zabaldurik, obraren une batean. / GAIZKA IROZ


Nesprias irudiaren erdian, Oihanbururen eta Zabalaren artetik pasatzen. / GAIZKA IROZ

 

Dantzariak

Filipe Oihanburu


Euskal kulturaren sustatzaile eta defendatzailea da, sortzez frantsesa (Argelest-Gazost, Frantzia, 1921) den arren. Dantzari eta kantuari eman dio bizitza, eta munduan barrena ibili da hainbat abesbatzarekin. 1942an ikasi zituen euskal dantzak Segundo Olaetaren eskutik, eta 1945etik 1953ra Oldarra taldean egon zen, lehenik ikasle gisa eta gero zuzendari moduan. 1954an bere bidea eraiki zuen Etorki konpainia sortu zuenean. Irratilari eta konferentzialari izateagatik ere bada ezaguna. Dantza munduaz kanpo hainbat liburu idatzi ditu; besteak beste: La revanche de Bakounine, L'irreductible phénomène basque eta Euskal deituren hiztegia.

Jean Nesprias


Dantzari, txistulari eta koreografoa. 1927an jaio zen, Miarritzen (Lapurdi), eta 12 urte zituenetik Euskal Herriko folklorearen eta ohituren zabaltzailea izan da. 1940tik 1945era Segundo Olaetaren aginduetara egon zen haren taldean. Hurrengo hamasei urteak berak sortutako Orok Bat taldean eman zituen. 30 herrialde baino gehiagotan egon zen bere konpainiarekin. 1971n nazioarteko lehen folklore festibalak antolatu zituen, mundu mailako adiskidetasun eta lankidetza sentimenduak sortzeko xedearekin. 60 nazio baino gehiagoko taldeek parte hartu dute jaialdi horretan jada. 1993an Erro Bat taldea sortu zuen. Dantza egiten jarraitzen du oraindik.

Koldo Zabala


1936an jaio zen, Getxon (Bizkaia), baina goiz utzi zuen jaioterria. 36ko gerratik ihesi, Ipar Euskal Herrian igaro zuen gaztaroa, eta han ikasi zuen dantza tradizionala. Oldarra taldean sartu zen 1947an, baina hiru urte geroago prestakuntza klasikoarekin hastea erabaki zuen. Bi urtez Alexandr Volininen ikasle izan zen Parisko Kontserbatorioan. Yves Brieux-Ustaritze ere izan zuen irakasle bertan. Dena den, ez zuen sustraiekiko lotura eten, eta Bordeleko Antzokiko balleteko dantzari izan ondoren, 70eko eta 80ko hamarkadan Oldarra dantzaren erreferentzia bihurtzen lagundu zuen. Irakasle lanetan hasi zen gero Briveko eta Baionako kontserbatorioetan, berriro Oldarrara itzultzea erabaki zuen arte.

Dokumentuaren akzioak