Dokumentuaren akzioak
Itsasuko kabalkada gogoangarria
Azken hamarkadan kabalkada-toberak indar handia hartzen ari dira
Lapurdin eta Nafarroa Beherean. Garai zaharretako toberak bortitzak ziren,
ohiko gizartetik kanpo zena modu gogorrean kritikatzen eta jazartzen
zutenak. Baina hori jadanik ahantzia da, gaur kritikak modu umoretsuan
egiten dira, nehor infernuko garretara kondenatu gabe. Eta herritarrek jakin
dute tobera berri hori preziatzen eta maitatzen. Urtero badira toberak eta
heldu diren urteetarako berriak iragartzen dira. Aurten Itsasun pasatu berria
dugu, arrakasta handiaz gainera, eta Aiherrak berea jokatuko du buruilaren
22an eta 29an. Beraz, badugu zer ikusi eta zertaz goza.
1.- Itsasuko kabalkaden historia laburra
Itsasu beti izan da tobera edo kabalkaden herria. Jakin badakigu
1849an, 1853an, 1859an, 1865ean, 1876an, 1883an, 1892an, 1899an,
1937an, 1992an, 1994an, 1997an, 2001ean, 2007an eta 2012an kabalkada
jokatu zutela, eta horietaz gain, 1889an jokatu behar zutena debekatua izan
zela. Beraz, belaunaldiz belaunaldi, itsasuiarrek kabalkada-tobera egin dute
eta ondorioz, ederki ezagutzen dituzte toberaren nondik norakoak. Azkena,
lehen erran dudan bezala, duela zazpi urte jokatu zuten, hau da, 2012.
urtean. Giro horretan sortuak dira Xabier Itzaina historialari eta
antropologoa, toberaren inguruan ainitz idatzi eta teorizatu duena eta Beñat
Lazkano musikari eta tobera-idazlea. Erraiten ahal dugu, beraz, itsasuiarren
tobera-zaletasuna antzinatik datorkiela eta kabalkada jokatzen indar handiz
jarraitzen dutela.
Aurtengo kabalkada-toberaren antolakuntzan lau gazte ibili dira
buru-belarri, Maiana Agerre, Joana Saint-Pierre, Patxi Laskarai eta Patxi
Casenave. Lau gazte hauek bildu dituzte gainerako guztiak, dantzariak
trebatu dituzte, eta Xabier Itzainaren, Beñat Lazkanoren eta Jokin Irungarai
polifazetikoaren laguntzaz proiektua aitzinatu dute. Hainbat belaunaldi
bildu dira proiektuaren inguruan, belaunaldi gazteak tobera zaharretan parte
hartu ez zutenak, eta aitzineko toberetan parte hartutako belaunaldiak. 130
dantzari, 30 bat jokalari, musikariak, jostunak… , zinez ikaragarria!
Bi emanaldi antolatu dituzte, lehena agorrilaren 25ean izan zen eta
bigarrena irailaren 7an, eta bietan Itsasuko plaza jendez gainezka egon zen,
harmailak eta gainerako xokoak leporaino bete-beteak.
2.- Aurtengo kabalkadaren egitura eta ezaugarriak
Irailaren 7an, larunbatarekin, hau da, bigarren emanaldiaren karira,
Itsasura hurbildu nintzen hainbat adiskiderekin. Arratsaldeko 4etarako
jendea harmailetan jartzen hasia zen, eta 4,45etarako plaza jendez mukuru
zegoen. Bostetan, ttanko, kabalkada koloretsu eta alegera plazara sartzen
hasi zen. Hasieran zaldizkoak --bi marixal eta bi andere xuri-- eta horien
gibeletik gainerako guzti-guztiak: makilariak, oilarrak, zapurrak,
banderariak, bolantak, basandereak, andere xuriak, kaskarotak, soinulariak,
dantzariak, jaun jujea, jaun abokatak, uxerra eta bukatzeko zirtzil tropa
galanta zozokeriak egiten. Plazan ohiko itzulia egin ondoren, Datozkigunak
izeneko toberari hasiera eman zioten. Eguraldi ederra zen eta Baigurako eta
Artzamendiko gailur, oihan eta pentzeak ezin ederrago ikus genitzakeen
plazatik.
Lehen gertaldiaren hasieran Amets Arzalluz eta Maddi Ane
Txoperena bertsolariek bazterrak berotu zituzten. Berehala dantzari trebeek
ikusgarriari segida eman zioten, Gabota solemne batez hasieran eta
Ainhoarrak berezi batez ondoren. Bigarren dantza hori urratsik eman gabe,
hau da, gogoz, egin zuten, oholtzatik plaza erdira jaitsirik ziren musikariek
emanik. Osora bi arrabita, ttunttuna, xirula eta tabala.
Gertaldi honetan uxerra (Jokin Irungaraik jokaturik) Itsasuko aferak
zuritu nahian ibili zen. Zirtzilak, haserreturik, inarrosi zitzaizkion.
Lehen gertaldi honetan hainbat egoera eta garai aurkeztu zituzten, aro
zaharretan etorri ziren erromatarren garaietan hasiz eta iaz Sud-mines
proiektuarekin ibili zirenekin amaituz. Erromatarrek harridura eta irriak
sortarazi zituzten haien mugimendu eta hizkera bereziarekin. Alimaleko
katapulta batekin ere ibili ziren jaurtigaiak botatzen.
Bigarren gertaldia ere lehena bezain ederra eta airosa izan zen.
Hastapenetan bi bertsolariek jokatu behar zena argitu ziguten eta gero
dantzarien txanda izan zen. Dantzariek fandango eta arin-arin eder-ederrak
eta sobera airosak zituzten dantzatu.
Gertaldi honetan Itsasun azken urteetan izan diren ika-mikak ekarri
zizkiguten gogora, hasieran Balaki trinketaren okupazioa eta gero Marienia
izeneko lurren inguruko eztabaida. Biak gai minberak, herrian alde bateko
eta kontrako iritziak eta jarrerak izan baitziren. Trinketako gaia biziki
koloretsua izan zen, hor azaldu baitziren gazteak eta pilotariak kapeluaz eta
aurpegia estalirik. Auzapeza ere galtzontziloetan agertu zen bere iritzia
defendatuz. Marieneko afera ere aski gogorra izan zen, laborari eremu
horretan kadirak egiteko lantegi bat egin nahi izan baitzuten, eta
itsasuiarrak banaturik azaldu baitziren aldeko edo aurkako jarreretan.
Itsasura azken hamarkadetan bizitzera etorritako kanpotarren gaia ere
jorratu zuten, eta hor ibili ziren uxerra eta jaun abokatak mokoka. Hauxe
zen jujeak plazaratu zuen galdera: Itsasura bizitzera datozen kanpotiarrak
hobendun bai ala ez?
Hirugarren gertaldiaren hasieran bi bertsolariek ohiko saio ederra
egin zuten eta ondoren dantzariek Euskaldunak eta Sorginak hasieran eta
Dantza luzea gero airoski dantzatu zituzten publikoaren txaloaldi bero-
beroak jasoz. 130 dantzari osora. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, ez,
alajaina!
Azken gertaldi honetan kanpotiarren gaia izan zen nagusi. Hala eta
guztiz ere, denbora izan zuten G7-ko bilera ospetsu horretara etorritako
jauntto-andereez irri egiteko, eta Bizi mugimenduaz parodiatzeko. Hainbat
jaka hori ere plazara atera ziren G-7-koei aitzin egitera. Venezuelatik
herrira etorritako Jim Tonik izeneko gimnastika-irakaslea ere mintzagai
izan zuten, irriak eta algarak sortaraziz. Gertaldiaren bukaeran auzitegiko
pertsonaien deliberoaren tenorea izan zen. Uxerrak garbi agertu zuen biziki
gai zaila eta korapilatsua zela eta horregatik, delibero bateratu bat emateko
orduan, ezinezkoa egiten zitzaienez, azken hitza itsasuiarren esku uzten
zutela.
Gero, bertsolarien azken agurra izan zen, aurrekoak bezain ederrak
eta txalotuak izan zirenak, ondoren makilarien jokoa eta parte-hartzaile
guztien azken kantua, oraingo honetan Filipe Laskaraik, Itsasoari begira
kantuaren doinuaz egina. Horra hor:
1.- Alderik alde zilatzen duen / Errobi ibai hertzeak / Baxenabarre, Nafar,
Lapurdi / josten bata ta bertzeak / lur emankorra bizi emaile / toki eder ta
bortitzak, / harrespil eta etxebaratzak, / gure arbasoen hatzak / aspalditik
du jendea hazi / Itsasuko baratzeak. // 2.- Arrokagarai eta Atharri /
mendialdeen harresi, / Atekaitz ere hauen geriza / xendera bihur ta hertsi /
zintzur ederra delarik jasta, / gero denak du merezi, / Frantziako historiak
ere / leiendaz dauku ebatsi / bazter kolore oro lilura / Hor zitaiken dena
hasi? // 3.- Iraultzan berriz dena ernegu / Herria zuen irauli / Hango legea
hemen ez hobe / hemengoak dira bali / euskal lege ta kostuma zaharren /
defentsan denak gudari / libre ta berdin nahi gintuzten / kenduz dena
herriari / kanpoan herritarrak gatibu / gutti ziren handik jali. // 4.-
Gibelarten izokin jendeak / tiraka jana urari / Gerasto, Olasur ta
Basaburun / makurturik hazka lurrari / Herrian: dantzan gerezi puntan /
ta plazan lau pilotari / Elizakoak denak sosegu / Panekau hedatzen ari. /
Nola herria zaindu oraino / izan dadin laborari? // 5.- Zeru gaineko
arrano soak / Itsasuren ikusmira / iduri euskal herri ttipi bat / handiaren
sinadura / Euskaraz elez ta kantuz plazan / kabalkadaren harira. / Azken
arnasa eman nahi nuke, / ez dadin izan itxura, / azken arnasa eman nahi
nuke / Artzamendiri begira.
Kantu eder, umoretsu eta zirraragarria bukatu bezain laster, parte-
hartzaile guztiek azken itzuliari ekin zioten, zaldizkoak eta guzti. Horrela
soinuz eta dantzaz plazatik urrundu ziren. Uxerra gilotina baten barruan
zeramaten. Gaixoa! Ondoren, jendea plazatik gertu ezarri zuten ostatuaren
inguruan bildu zen. Bazen zer jan eta zer edan. Kabalkadako soinulariek
dantza-jauziak jo zituzten eta jende ainitz ari izan zen dantzari. Gero,
arratseko azken orduetan, Kontrabanda taldeak eskaini erromeriak amaiera
goxoa eman zion egunari.
3.- Nire iritzia Itsasuko kabalkada-toberaz
Jakin badakigu denok, Itsasuk kabalkadak eta tobera-munstrak maite
dituela eta horretan aski trebe direla. 2012an eskaini zuten Iraul Story
izenekoan ederki erakutsi zuten haien trebezia, baina oraingo honetan langa
izugarri goian ezarri dutela iduritzen zait. Eta ez da nire iritzia, bakarrik,
bazter guztietan eta edonoren ahotik gauza bera entzun baitzitekeen. Gaiak
aski ongi jorratuak, umore handiko pasarteak, arropak eta jokoak izugarri
ederrak, 130 dantzari iaio eta airos, zahar eta gazte, testua biziki ona,
musikari apartak…, zer gehiago eska dakioke kabalkada bati?
Publikoa loriatua zen, irri ainitz eginik, eta dantzez, jokoez eta
kantuaz liluraturik. Itsasuiarrek kabalkadak egiten maisu eta txapeldun
direla, berriz ere, ontsa frogatu digute. Azken hamarkadetan kabalkadak
loraldi ederra ukan du Lapurdin eta Baxenafarroan, kabalkada eder-ederrak
ikusi ditugu, doike! baina oraingo honekin kabalkadak bere gailurra jo
duela uste dut nik.
Dena den, bada oraino zer egin kabalkada eta toberen arloan, dudarik
gabe, eta kabalkada eder honen gibeletik etorriko direnak ildo beretik
etorriko zaizkigula uste dut. Kabalkadetan xederik garrantzitsuena
herritarrak euskarazko proiektu baten inguruan biltzea eta haien elkar
ezagutza bultzatzea da. Hortik datorkigu kabalkadaren indarra. Laster,
irailaren 22an eta 29an Aiherrako kabalkadaz gozatzeko aukera paregabea
izanen dugu, eta hau ere, biziki ederra izanen delakoan nauzue.
Dokumentuaren akzioak